Albistea entzun

Karrantzara, ura kamioietan

Bizkaiko Ur Partzuergoko kide ez izatearen ondorioak jasaten ari da Karrantza: behitegien beharra asetzeko ur nahikorik ez dute herrian; beraz, ura Kantabriatik ekartzen hasi da udala.
Kamioi bat, joan den astean, ura San Esteban auzoko biltegian deskargatzen.
Kamioi bat, joan den astean, ura San Esteban auzoko biltegian deskargatzen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko irailak 20

Zerura begira bizi dira Karrantzan (Bizkaia) azken asteetan, baina ez hodeiek ekar dezaketenaren beldur, baizik eta eskean: ur premia larrian daude herrian. Uda lehorra eragin berezia izaten ari baita han, Raul Palacio alkateak (Karrantza Zabala) azaldu duenez: «Biztanle gutxi ditugu, 2.750 inguru, baina behi ugari, 12.000 gutxi gorabehera: ur asko behar dugu». Herria urez hornitzen duten bi urtegiak husten ari zirela ikusita, joan den astean ura Kantabriatik (Espainia) inportatzen hasi ziren, kamioiz: egunero 200.000 litro ekartzen ari zaizkie. Inguruko herrietako ur baliabideak ez jasotzea Bizkaiko Ur Partzuergoko kide ez izatearen ondorio dela salatu du alkateak, eta jarrera aldatzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

Herriaren ezaugarriak egiturazko arazoekin eta auzi politikoekin nahasten dira Karrantzan. Bizkaiko udalerri handiena da (138 kilometro koadro), eta bertan bizi dira lurraldeko esnetarako behien %80: ehun behitegi inguru daude herrian. Etxeetarako zein abeltzaintzarako ura bi urtegi txikitatik hartzen dute: Argañeda edukieraren %13 du betea, eta La Cerrojak, %32. «Hilabeterako ura dugu». Alkateak erantsi du Argañedakoak arazoak dituela martxan jarri zutenetik: «%43ra arte bakarrik bete daiteke; horrek esan nahi du uda guztietara iristen garela milaka metro kubikoko gabezia batekin».

Azken hilabeteetako lehorteak beste dimentsio bat eman dio buruhauste horri, eta udalak kanpora jo behar izan du ur bila. «Arazoaz ohartu ginenean, Bizkaiko Diputazioarekin eta eskualdeko alkate batzuekin bildu ginen: ura sobera zuten udalak Bizkaiko Ur Partzuergoan daude, eta, gu ez gaudenez, erantzun ziguten ez zigutela urik emango. Beraz, Kantabriara jo genuen. Ez gintuen ezustean harrapatu: 2019ko uda ere nahiko lehorra izan zen, antzeko kontsulta bat egin genuen, eta aldundiak erantzun ere ez zigun egin».

Eta hor dago arazo politikoa, Palacioren hitzetan: «Udal honek uko egin dio partzuergoan sartzeari —eta hamabi urte daramatzagu negoziatzen—, onartu ezin ditugun baldintzak jarri dizkigutelako». Batetik, herri barruko ur-saneamendu sarea egokitzea eskatu dio partzuergoak udalari: hamar milioi euroko inbertsioa. «Hondamen ekonomikoa litzateke herriarentzat: urtean lau milioi euroko aurrekontua dugu, eta %70 gastu finkoak dira». Bestetik, partzuergoaren tarifek ondorio larriak izan ditzakete lehen sektorean: «Aldundiak berak eskatutako txosten baten arabera, behitegien %70ek itxi beharko lukete, ur tarifa ordaindu ezinda. Ezin dugu halakorik onartu».

Azken asteetan gertatutakoa aztertuta, minduta mintzatu da alkatea: «Baztertuta sentitzen gara, eta eman ezin eta nahi ez dugun pauso bat ematera presionatuta». Haren ustez, ez du laguntzen udala herri plataforma batek gidatzea: «Hamar urtean ikusi dugu nola funtzionatzen duen sistema honek; badakigu gure independentziak prezio bat duela». Hortaz, jarrera aldatzeko eskatu dio aldundiari: «Uraren moduko zerbitzu oinarrizko batean, diputazioa derrigortuta dago lurraldeko udal guztiak teknikoki eta ekonomikoki laguntzera. Aldiz, bere erantzuna da: 'Karrantzari, ezer ez, partzuergoan sartu arte; ez bazarete sartzen, egin aurre ondorioei'. Nire ustez, bestela behar luke: hona hurbildu, gure berezitasunak eta beharrak aztertu, udalaren aukerak, eta horren arabera ezarri baldintzak. Bestela, gurea bezalako herri txikientzat, ezinezkoa da, bideraezina».

Eguneko 2.000 euro

Bitartean, ura gurpil gainean iritsiko da herrira. Eta horrek ere faktura gizenduko dio udalari: Kamioiak egunero 200.000 litro ur garraiatzen ari dira Kantabriako Ramales herritik Karrantzara, eta ur gehiago behar balute, Ampuerotik ere ekartzea hitzartua du alkateak. Eta egunero 2.000 euro ordaintzen ari da udala zerbitzu horren truke. Noiz arte? Ez du erantzunik Palaciok: «Ez dakigu zenbat, baina diru asko izango da. Denboraren araberakoa izango da, baina ez dago jakiterik hamar egun iraungo duen, hogei ala hilabete bat. Egoerak hobera egiten duen arte: noiz egingo du euria?».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Jon Urbe / FOKU

Agus Rodriguez: «Jantoki sozial bat izan daiteke zerbait duina»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Kalean daudenen kopurua asko handitu da Donostian. Agus Rodriguez Donostiako Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren sustatzailearen esanetan, udalak bere gain hartu behar luke pertsona horien gaineko ardura, baina gaur egun eskaintzen dituen baliabideak ez dira aski.

GuraSOS deitutako manifestazioa, gaur Donostian. ©Gorka Rubio, FOKU

Zubietako erraustegia ixteko eskatu dute ehunka lagunek Donostian

Uxue Rey Gorraiz

Aldeen arteko elkarrizketa bat izan dadila galdegin dute, auziari irtenbidea bilatzeko, eta grinez nabarmendu ez Gipuzkoako Aldundiak ez eta Jaurlaritzak ere ez dutela «hitza bete».

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.