Makroetxaldeak. Felipe Etxetxikia. Nafarroako EHNEko koordinatzailea

«Caparrosokoa astakeria bada, Soriakoa bost aldiz handiagoa»

Valle de Odieta Caparroson ezarri zenean, 265 ekoizle ziren Nafarroan; egun, 141 baino ez daude. Etxetxikiaren arabera, txikiek «oso zail» dute erraldoiekin lehiatzea. Ohartarazi du lehen sektore osoari eragiten diola.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Harrigarria egiten zaio guztiz Mikel Etxetxikia Nafarroako EHNEko koordinatzaileari (Azpirotz, 1971) nola sar daitekeen inor 5.000 esne behi baino gehiagoko ustiategi bat kudeatzera. «Ez zaigu logikoa iruditzen. Ez dut ezagutzen halako istorio batean sartuko litzatekeen abeltzainik». Haren ondorioak, baina, baserritar txikiak ordaintzen ari dira, bizkortu egin baitu esnearen sektoreak aurretik zuen gainbehera.

Nola dago oraintxe egoera?

Ustiategi txikiak desagertuz doaz; oso negozio marjina estuak dituzte, eta inbertsio handietan sartu dira abeltzain ugari. Oraintxe, 141 baino ez daude. Urtero itxiz doaz. Pentsa, Europan sartu ginenean 600 inguru ziren Nafarroan.

Beherakada aurretik dator, baina 2009an Caparrosoko etxaldea ezarri zenean 276 ekoizle zeuden, eta orain, 141. Aldiz, esne behi gehiago daude:22.500 ziren lehen, eta 25.000 orain.

Oraindik, Nafarroa iparraldean dago esne behi gehien, baina lehen apenas zegoen behirik Erriberan, eta orain ukuilu handiak hara eta Nafarroa erdialdera doaz. Artaxoan, adibidez, mila esne behi inguruko etxalde bat dago. Esne ustiategien problemarik handiena izan ohi da ongarria kudeatzea, eta, hegoaldean zoru asko dutenez, errazago dute zabaltzea. Kontua da Caparrosokoaren moduko ustiategi batek eredu horrekin ere hautsi egiten duela.

Zer ondorio ditu esnearen sektorearen egoera kaskarrean?

Industriaren joera areagotzen du. Industriak nahiago du toki gutxitan biltzea esnea eta asko biltzea. Lehia horri aurre egitea oso zaila da. Eskala ekonomia sortzen dute, eta aberastasun hori esku gutxitan pilatzen da. Gainera, oso zaila da halako abentura batean sartzea atzean ez badago inbertsio funts bat, edo finantza giharra duen norbait. Ikuspegi sozial batetik, oso ondorio latzak ditu: herri askotan, esne behiak dira jarduera nagusia, eta, pixkanaka, ixten doaz.

Esnea saltzeko eredua aldatzen ari da?

Lehen, industria asko etortzen zen esnearen bila. Orain, hiruzpalau baino ez dira geratu, eta prezioak elkarrekin hitzartuak dituzte ia-ia. Danone eta horiek guztiak desagertu egin dira. Esan dute ez dietela esnerik hartuko ustiategi txikiei. Oraingoz, Kaikuk biltzen du, eta txikien egoera horrek salbatzen du. Beste baserritar batzuk kooperatibista egin dira, eta enkante bidez saiatzen dira erosten dienari saltzen. Dena den, prezioak oso estu daude.

Zenbatean saltzen da, egun?

30-32 zentimo euro inguru litroa. Guk, lehen, behiak genituen etxean, eta 50 pezetaren truke saltzen genuen litroa, prezio berean.

CNMC Espainiako Lehiaren Batzordeak80 milioi euroko isuna ezarri zien zortzi enpresari 2000tik 2013ra kartel bat osatzeagatik, eta EHNEk salaketa jartzeko deia egin zien baserritarrei. Urtebeteren ondoren, zertan da?

Aurreko batean deitu zidan abokatu haietako batek. Lanean ari dira, eta dageneko mila nekazari inguruk eman diote konfiantza abokatu talde horri. Industriak isuna erreklamatu du, eta epeak luzatu egin dira. Norbaitek oraindik ere aukera izan dezake salaketara batzeko horregatik. Kopuru handiak dira. Aseguru bat ere badago tarteko. Borroka luzea izango da, zortzi edo hamar urtekoa; ikusiko dugu zer gertatzen den. Konfiantza handia dute abokatuek. Dena den, oraindik ere badago kartela, prezioak nahiko antzera dabiltza-eta.

Nafarroan diren 25.000 behien laurdenak Caparroson daude, baina, horrez gain, zoru asko behar dute. Soilik esnearen sektoreari egiten dio kalte?

Beldurra ematen du halako goseak. Zertarako sartu halako istorio batean? Jende diruduna sartzen ari da lehen sektorean, eta zorua erosi eta erosi ari dira. Zaila da horiei aurre egitea. Horregatik ez dio soilik behi sektoreari kalte egiten. Alokairuan dauden zoruak hartzen dituzte, gihar hori badutelako, eta lehia ere egiten diote nekazaritzaren sektore osoari. Nekazari batek lurrak hartu nahi baditu edozein labore ereiteko, ezin du. Merkatu guztia hausten dute.

Zer eskatzen diozue Nafarroako Gobernuari?

Gutxienez legea zorrotz bete dezatela. Ingurumen legeak eskakizun asko ditu, eta horiek betearaz ditzatela. Eta Valle de Odietak ezin badu bete, nolabait ixtera behartu dezatela. Zorrotz jokatu dezatela horrekin. Edozein ukuilu txikik baldintzak betetzen ez baditu, behar baino ongarri gehiago bota eta harrapatuz gero, isunak ez dira nolanahikoak. Valle de Odietak zigor espediente ugari ditu, baina zerbitzu juridikoekin errekurritu egiten dute, eta administrazioa motel doa kontrol lan horretan.

Nafarroako Parlamentuak animalien segurtasunerako legea aldatu nahi du, eta, horregatik, esne behitegi handiei baimena ematea atzeratu egingo da urtebetez. Balioko al du?

Lege horrek berak urrutiago jo dezake. Europan esnea sobran dago. Espainian esaten dute batez beste esne behi batek 2,3 erditze dituela. Halako ustiategiak esnea saltzeko makinak dira. Zergatik ez da jartzen esne behi bakoitzeko gutxienez bost erditze izatea? Horrek ere balioko luke produkzioa erregulatzeko. Araudia gehiago zorrozteko bidea dago.

Garai batean, EBk esne kuotak ezartzen zituen, baina kendu egin ziren gero.

Espainia Europako Batasunean sartu zenean, negoziazioetan, esne kuota jakin bat eman zitzaion, eta horrek ekarri zituen sektorearen protestak eta ezinegona. Hala ere, gero kuoten falta sumatu dugu. Orain, edozeinek nahi adina ukuilu jar ditzake.

Noviercasko proiektua mahai gainean dago, eta aurrera doa. Soria Euskal Herritik gertu dago. Aurrera aterako balitz, zer?

Caparrosokoa astakeria bada, Noviercaskoa bost aldiz handiago. Merkatua ez da Euskal Herri mailakoa; enpresa horiek beste liga batean jokatzen dute. 25.000 behi jartzeak esan nahi du beste toki batean desagertuko direla.Lanpostu asko sortuko direla diote, baina ez du hainbeste ekarriko, eta zer lan den ikusi beharko litzateke. Tristea da abeltzainen ordez langileak izatea. Ingurumenari dagokionez, edozeinek daki ongarria ez dutela ongi kudeatuko, baina, ongi eginda ere, aberastasuna kontzentratu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.