Emakume batek salatu du zeladore batek sexu eraso bat egin diola Bilboko klinika pribatu batean. Andrea Orozkokoa da (Bizkaia). Astelehen goizean izan zen jazoera. Salaketa ipini du Ertzaintzan, eta, ondoren, mediku probak egin dizkiote ospitalean.
Aiaraldea.eus atariak eman du erasoaren berri. Emakumeak berak kontatu die gertatutakoa. Kolonoskopia bat egitera joan zen Bilbora astelehen goizean. Bukatutakoan egin zion eraso: «Proba egin eta gero, boxetara igo ninduten, oraindik lasaigarrien eraginpean nengoela. Zeladoreak —gizonezkoa— atzamarrak sartu zizkidan baginan. 'Lasai, gozatu, erlaxatu...', esaten zidan. Begiak ireki nituen, ez nekien zer egin, ez nuen sinistu nahi». Emakumearen lekukotzaren arabera, gero bularrak ukitu zitzaion.
Erietxetik irten aurretik medikuarekin hitz egitea erabaki zuen. «Gaizki sentitzen nintzen. Lotsa gainditu eta dena kontatu nion». Medikua salaketaren larritasunaz jabetu zen, eta solairuko arduradunarengana jo zuten segidan. Hark andrearekin izandako jarrera ez zen egokia izan: «Seguru nengoen galdetu zidan, zalantzakor. 'Emakumeok badakigu non sartzen diguten eskua', argitu nion». Erasotzaileak gero izandako jarrera ere salatu du andreak: «Medikuarekin ari nintzela irribarretsu sartu zen bulegora. Igogailuraino jarraitu zidan, 'egun zoriontsua izan' esateko». Aiaraldeko mugimendu feministak eta Matxintxuk taldeak «elkartasun osoa» adierazi diote. Gaurko elkarretaratze bat antolatu dute, Orozkon bertan: 19:30ean, Zubiaur plazan.
Klinika bateko zeladoreak eginiko sexu erasoa salatu du andre batek Bilbon
Proba mediko baterako lokartu izana aprobetxatu zuen ukituak egiteko. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaurko, Orozkon

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu