Albistea entzun

Kirolaririk osoena izateko lehian

Banakako Euskal Pentatloiaren finalak jokatuko dituzte gaur, Azpeitiko zezen plazan (22:00, ETB1). Emakumezkoetan, Zelai III.a, Orbe eta Arruti ariko dira; gizonezkoetan, berriz, Izeta VI.a, Zaldua, Gabirondo, Atutxa II.a, Zelai IV.a eta Otaegi. Iaz, Zelai III.ak eta Izeta VI.ak irabazi zuten.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2022ko irailak 24

Euskal pentatloiak berehala egin du tokia herri kirolen artean. Dena dauka arrakastatsua izateko: herri kirolik ezagunenak batzen ditu diziplina bakarrean. Kirolari osoa izan beharra dago, derrigorrean, bertan nabarmentzeko.

Horixe izan nahi dute gaur Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan ariko diren bederatzi herri kirolariek (22:00, ETB1): kirolari osoena izan, eta horren txapela jaso. Hiru lehiatuko dira emakumezkoen banakakoaren bigarren aldian: Karmele Gisasola Zelai III.a, Lucia Orbe eta Nerea Arruti. Zelai III.ak irabazi zuen iaz, estreinakoan. 18.57 izan zen haren marka.

Bide luzeagoa du gizonezkoen lehiak: aro modernoko bosgarren aldia da. Sei kirolarik hartuko dute parte finalean: Aitzol Atutxa, Ioritz Gisasola eta Joseba Otaegi ariko dira lehen txandan, eta Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Julen Gabirondo bigarrengoan. Zaldua nagusitu zen lehen hiru ekitaldietan. Iaz ez zen aritu, eta Izeta VI.a gailendu zen. Marka ere ezarri zuen: 33.29.

KARMELE GISASOLA, 'ZELAI III.A' Herri kirolaria

«Ez dut uste iazko denboraren inguruan ibiliko naizenik»

Txapelduna da Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia, Bizkaia, 1994). «Urduri» dagoela aitortu du. «Udan, harria jasotzen aritu naiz buru-belarri, eta ez dut beren-beregi prestatu pentatloia. Hori dela eta, lana txukun egitea dut helburu. Ez dut uste aurreko urteko denboraren inguruan ibiliko naizenik. Sentipen gazi-gozoa dut».

Harago joan da, eta, dioenez, ordezkoren bat egon balitz agian uko egingo zion parte hartzeari. «Gizonezkoetan gero eta gehiago ari dira, baina emakumezkoetan hiru besterik ez gara; iazko kopuru bera da. Mesedegarria litzateke gehiago aritzea. Adibidez, pentsa azken orduan gutako norbaitek min hartzen duela; bi bakarrik ariko ginateke finalean? Ea emakume gehiago animatzen diren».

«Oso lehia estua» espero du finalean. «Oso indartsuak dira Lucia eta Nerea. Antzeko ibiliko gara aizkorara iritsi arte, eta hor Nereak aldea aterako digu. Herri kiroletan dabilenetik, lehentasuna eman dio aizkorari, eta oso ondo dabil; koska bat gorago dago». Horregatik, azpimarratu du atzetik joanez gero «burua kontrolatzea» izango dela lanik gaitzena.

LUCIA ORBE Herri kirolaria

«Ea ez naizen oso urrun geratzen Karmele eta Nerearengandik»

Bigarrenez ariko da Lucia Orbe (Bilbo, 1989). Iaz, bigarren izan zen. «Oso zail» ikusten du antzeko lana egitea; ez du nahi bezala prestatu. «Uztailean atzamar bat hautsi nuen, eta zazpi astez egon nintzen harria altxatu gabe eta aizkoran ibili gabe. Pena da, ondo ari ginelako. Oraindik min pixka bat dut, baina ohitzen ari naiz».

Hori kontuan hartuta, «ahalik eta lanik txukunena» egin nahi du. «Ez dut neure burua irabazteko moduan ikusten. Ea ez naizen oso urrun geratzen Karmele eta Nerearengandik».

Haren ustez, «oso arin» egingo dituzte lehen bi probak: harri jasotzea eta giza proba. Aizkora jo du «mugarritzat». «Ondoen moldatzen dena aurretik jarriko da, eta ikusteko egongo da atzean gelditzen direnek hura harrapatuko duten. Nereak abantaila du, aizkoran baitabil buru-belarri».

NEREA ARRUTI Herri kirolaria

«Eskertzen ditut animoak, baina ni ez naiz faboritoa. Karmele da»

Lehen aldia du Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990). «Gogotsu» dagoela dio, eta «lasai». Lehen aldiz ariko naiz, eta barruan dudan guztia eman nahi dut. Baina ez dut presiorik. Binakakoan oso gustura aritu nintzen [hark eta Amalur Arbelaitzek irabazi zuten, eta marka ezarri]; ea zer moduz moldatzen naiz bakarrik».

«Harrituta» dago askok diotelako bera dela faboritoa. «Ez dakit zergatik dioten hori. Binakakoan txandaka aritu ginen, eta honetan ni bakarrik ariko naiz; oso ezberdina da. Eskertzen ditut animoak, baina ez naiz faboritoa. Karmele da. Txapelduna da, eta esperientzia handia du. Lucia ere kontuan hartzeko aurkaria da».

Argi du egitekoa: «Ezin diet joaten utzi lehen bi probetan; haien probak dira. Nirea, ordea, aizkora da. Beraz, horretara elkarrekin iristen bagara, ustez abantaila izango dut. Gero, nire lana egin beharko dut. Nire helburua gozatzea eta gauzak ondo egitea da».

ANDONI IRURETAGOIENA, 'IZETA VI.A' Herri kirolaria

«Ez badut berriro txapela irabazten, porrota izango da»

Txapelduna da Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia, Gipuzkoa, 1993). Urte hasieratik darama jo eta ke pentatloia prestatzen: lehenbizi, binakakoa —txapeldun izan zen Gorka Etxeberriarekin—, eta hori amaitutakoan, banakakoa. Lanak «ondo» eginda iritsiko da: «Ondo nago, sasoiko. Luzea izan da prestaketa, eta ez naiz gelditu; bukatzeko gogoz nago».

Presioa sumatzen du. «Txapelak irabazteak eragiten du hori. Ez zait gustatzen presioa. Gainera, jende asko ari zait esaten erraz irabaziko dudala txapela. Ez nago ados: aurkari handiak dira guztiak, ondo entrenatu dira, eta lan ona egin nahiko dute. Kanpotik oso erraz hitz egiten du jendeak».

Argi du final «oso estua» izango dela. «Ez da egongo, iaz bezala, minutu pasatxoko aldea lehenaren eta bigarrenaren artean. Ez litzateke harritzekoa izango lehen hirurak minutu erdian-edo ibiltzea». Bere txandari erreparatu dio. «Hirurok nahi dugu txapela: Gabirondo udan baino hobeto ariko da; Zalduak, berriz, urtebete darama jo eta ke laugarren txapela irabazteko lanean; argi dut nire itzala izango dela, hala izan baita Gipuzkoa Txapelketan eta Hendaiako proban [Lapurdi]. Bete-betean ariko naiz lehen bi probetan, eta gero gerokoak; eskatzen hasita, enbor gogorrak nahiko nituzke. Txapela irabazi nahi dut. Ez badut irabazten, porrota izango da. Berriro txapeldun izateko egin dut lan denbora luzez».

XABIER ZALDUA Herri kirolaria

«Duela hilabete, urrun ikusten nuen txapela; orain, ordea, eskura»

Urtebeteko etenaren ostean ari da Xabier Zaldua berriro pentatloian (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). «Ilusioa» egiten dio berriz lehiatzeak. «Asko gustatzen zait pentatloia, eta, gainera, hiru txapel irabazi ditut. Finalera iritsi nahi nuen, eta iritsi naiz; datorren guztia ongi etorria izango da».

Uda betea izan du, eta «beldur» zen nekatuta iritsiko ote zen. Baina gorputzak «oso ondo» erantzun dio. «Txinparta handiarekin nago. Horregatik moldatu naiz horren ondo bi kanporaketetan, lan laburrekin [biak irabazi ditu]. Atseden ere hartu dut; uste dut ondo eutsiko diodala finaleko lanari. Ez diot beldurrik».

Barneratua du final «oso gogorra» izango dela, eta susmoa du «nor baino nor gehiago» ariko direla. «Andoniri eutsi beharko diot lehen bi probetan, baina horrek nekarazi egingo nau, hura handiagoa eta gazteagoa baita; zaharrena naiz ni. Eta, gero, Julen oso trebea da azkeneko bi probetan. Adi egongo naiz, baina nik nirea egin behar dut, etxean egin dudana. Duela hilabete, urrun ikusten nuen txapela, baina orain eskura ikusten dut».

JULEN GABIRONDO Herri kirolaria

«Denbora falta izan zait; konforme nengoke berriz podiumean egonda»

Hirugarrenez ariko da Julen Gabirondo finalean (Urnieta, 1989): bigarren izan zen duela bi urte, eta hirugarren iaz. Sentipen kontrajarriak ditu oraingoan. «Batetik, gogotsu nago. Baina, bestetik, beldurra dut; berandu bukatu nuen segako sasoia, eta ez dut nahi bezainbeste prestatu pentatloia; denbora falta izan zait. Ez nago nahiko nukeen moduan».

Horregatik uste du «oso zaila» dela berak irabaztea. «Nik irabazteko, aurkariek egun txarra izan behar dute. Nahiko nuke, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Konforme nengoke berriz podiumean egonda. Nire markaren inguruan ibil naiteke, baina Zaldua eta Andoni oso ondo daude. Urte osoa daramate hau prestatzen, eta sumatu egiten da». Berak ere uste du haien artean egongo dela txapelduna. «Andoni koska txiki bat gorago dago, baina ohituta dago aurretik joatera, eta norbait gertu izanda urduri jar daiteke, eta kale egin. Huts egiten badu, gainera etorriko zaio Zaldua».

AITZOL ATUTXA Herri kirolaria

«Ezustean finalean? Entrenamenduetako lana kontuan hartuta, ez»

Aizkoran irabaz daitekeen guztia irabazi ondoren heldu dio Aitzol Atutxak pentatloiari (Dima, Bizkaia, 1988). Lehen aldiz eman du izena, eta finalera iritsi da. «Gutxiren ahotan nengoen aurreneko kanporaketan, eta inoren ahotan ez bigarrengoan. Baina finalean nago. Ezustea? Entrenamenduetako lana kontuan hartuta, ez».

Hala ere, ez da «erraza» izan. «Jendeak uste du abantaila dugula harri jasotzean edo aizkoran aritzen garenok. Hasieran, bai, baina gerora desabantaila da, zaila baita aldi berean bi kiroletan goi mailan lehiatzea». Lanari dagokionez, «kirol batetik bestera pasatzeak eta harri jasotzeak» eman diote lanik handiena.

Barneratua du «sufritu» egingo duela. «Lan handia da finalekoa. Ahalik eta txukunen egiten saiatuko naiz, baita eskarmentua hartzen ere. Aizkoran jarraitzeko asmoa dut, baina pentatloira katigatuta geratu naiz».

Haren iritziz, «bi oilar daude oilategian»: Izeta eta Zaldua. «Izeta nagusi izan da udako probetan, baina, kanporaketan, Zalduak aurrea hartu zion [lan txikiagoak ziren]. Zaila da esatea nork irabaziko duen. Ez dago alderik. Beraz, egunik onena duenak jantziko du txapela».

IORITZ GISASOLA, 'ZELAI IV.A' Herri kirolaria

«Gorakada handia izan dut. Ederra litzateke nire txanda irabaztea»

Estreinako ezin hobea izan du Ioritz Gisasola Zelai IV.a-k (Mallabia, 1997) banakako pentatloian: finalean ariko da. «Nahikoa egin dut jada. Oso pozik nago. Gerriko eta bizkarreko minez ibili naiz udan, eta ezer prestatu gabe joan nintzen bigarren kanporaketara. Oso gaizki bukatu nuen, baina merezi izan zuen».

Azken asteetan, ordea, «gorakada handia» izan du. «Oso entrenamendu onak egin ditut. Azkena izan da onena. Ea antzeko lana egin dezakedan; ez dut uste hobea egingo dudanik, eta are eta gutxiago txapela irabaziko dudanik. Ederra litzateke nire txanda irabaztea».

«Atariko baten moduan» definitu du bere txanda. Ondoren ariko dira Izeta VI.a, Zaldua eta Gabirondo. Lehen biak azpimarratu ditu. «Udako txapelketan kontuan hartuta, oso argi nuen Izetak irabaziko zuela, baina Zalduarekin entrenatu gara, eta ikaragarri aritu da. Oso-oso arriskutsua izango da Izetarentzat. Gertu izango du, edozein huts aprobetxatzeko prest».

JOSEBA OTAEGI Herri kirolaria

«Azkena izango da, eta, horregatik, ilusioa egiten dit. Gozatu egin nahi dut»

Jokin Urretabizkaria Basozabal-ek finalean aritzeari uko egin eta gero sailkatu da Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa, 1983). Hirugarrenez ariko da, eta aurreko bietan bigarren izan zen. Erabakia du azkena duela. «Lan handia da, ondo egon behar da, eta ni lehiatzeari utzita nago. Azkena izango da, eta ilusioa egiten dit aritzeak».

«Geldi» egon zen neguan, eta martxoan ekin zion prestaketari, harriarekin. Aizkolaria izanik, azkenerako utzi zuen lan hori, baina, aitortu duenez, denborak gaina hartu dio, eta nahi baino gutxiago entrenatu da. Hori gutxi ez, eta aurreko astean tripako mina izan zuen. «Gero eta hobeto nago, baina apur bat justu ibili naiz finala prestatzeko. Halere, gogoz nago».

Izeta eta Zaldua «koska bat gorago» daudela dio. «Ustez, Izeta indartsuago dago, baina Zaldua edozein hutsen zain egongo da». «Lasai» hasi nahi du, eta «behetik gora» egin. «Gustura etxeratu nahi dut. Dena emango dut, baina ez dut aurreko urteetako presioa. Egunaz gozatu nahi dut».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...