Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Bigarren erorketako lezioak

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Garbi dago koronabirusak eragindako bigarren olatua jendarte oso baten porrota izan dela, edo eroriko bat. Erorikoez ari garenez, badira lotutako bi esaldi: batetik, pertsona dela harri berean bitan erortzen den animalia bakarra; eta bigarrena, oinez ez duela ikasten erortzen ez denak. Bizitzarako bigarren esaldia gehiago gustatzen zaidanez, eta eroriz ikasten denez, hauek dira bigarren eroriko honetatik hartu beharreko ikasgaiak.

Komunikazio politika egoki bat ezinbestekoa da. Gehiegizko baikortasunik gabea, epe luzerako prestatuko gaituena, herritarrei informazio gutxiago baino argiagoa emango diena. Hau hilabete askotan luzatuko da, eta neurriak lasaitzerik ez dago.

Marra gorria beherago jarri beharra dago. Ezin da neurriak gogortzeko ospitaleek gainezka egin arte itxaron, atzetik izugarrizko sufrimendua eta hilkortasuna dagoelako. Behin maila batera iritsita, handitzea esponentziala denez, oso egun gutxitan biderkatzen da. Europako Gaixotasun Infekziosoen Kontrolerako Erakundeak maila onargarria 15 eguneko eta 100.000 biztanleko 50 kasutan jarri du; hemen hamar aldiz handiagoa den mailetan pizten da alarma gorria.

Eskolak ez dira transmisio foku larria, gauzak ondo egiten badira. Neurriak ondo beteta, duten kutsakortasun arriskua baxua da. Eta haurrek egunero izugarrizko lezioa ematen digute, neurriak arduraz nola bete erakutsiz.

Objektu eta eskuen bidezko transmisioa oso baxua da; leku itxietakoa, aldiz, oso altua. Eskuen garbitasuna beti da egokia, baina gauza eta objektuek baino askoz arreta handiagoa merezi dute espazio itxiek. Pertsona asko espazio itxi batean biltzen direnean arriskua biderkatu egiten da, airean mantentzen delako birusa, aerosolak sortuz. Eta arriskua askoz handiagoa da musukorik gabe bagaude, oihuka edo kantuan. Denok dakigu non egoten garen musukorik gabe, oihuka eta talde handietan.

Txertoak aterako gaitu egoera honetatik. Txerto asko izango ditugu, eta sei bat hilabeterako espero da biztanleen ehuneko handi bat txertaturik izatea. Ez dakigu gaitza guztiz desagertuko den, edo kasu bakan batzuk egongo diren, baina kontrola lortuko da.

Hilabeteetako bidea dugu aurretik. Ikasgaia eman digute; orain, ikastea falta zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.