EH Bilduk dio Vuelta euskal ikurrak erakusteko «aukera ederra» dela

Errepide bazterretara ikurrinak eramateko eskatu dute, «euskal nazioa erakusteko». Etaparen kostu erreala zein den galdetuko diote udalari

Txirrindulariak, atzo, Izpegi igotzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
EH Bilduk ez du zalantzan jarri Espainiako Vueltaren gaurko etapa amaiera Bilbon izatea. Areago, aukera hori baliatzeko deia egin du euskal ikurrak kalera atera, eta «munduari erakusteko Euskal Herria nazio bat dela». Jarraipen zabala izaten baitu txirrindulari lasterketak, eta, horregatik, kale eta balkoietan ikurrin eta euskal sinboloak erakusteko deia egin zuen atzo koalizio abertzalearen Bilboko udal taldeak. «Aukera ederra ematen digu gure identitatea aldarrikatzeko».

EH Bilduk bezala, sare sozialetan ere euskal ikurrak kalera ateratzeko deialdia egin dute mezu honekin: «Hau Euskal Herria da! Atera ditzagun gure aldarrikapen eta ikurrinak errepideetara». Donapaleu (Nafarroa Beherea) eta Urdazubi (Nafarroa) arteko atzoko etapan bezala, beraz, ikurrinak eta aldarrikapen ugari ikusi ahal izango dira Vueltako etapako errepide bazterretan.

Etapa aldarrikapenerako aprobetxatzeko deia egin zuen atzo EH Bilduko udal taldeak prentsaurrekoan, baina, era berean, Espainiako Vuelta Bilbora ekartzeak zein kostu izan duen galdetuko diote udalari. Izan ere, EH Bilduk salatu zuenez, etapa amaierak Bilbon izango duen eragin ekonomiko «izugarria» goraipatu zuen udalak, baina «balantzeetan irabaziak eta gastuak azaldu behar dute», Asier Gonzalez zinegotziaren hitzetan.

Horregatik, gardentasuna eskatu zioten udalari, eta Gonzalezek aurreratu zuen behin Vuelta igaro ondoren lasterketaren kostu erreala zein izango den eskatuko dutela. «Udalak trafikoan izango diren aldaketa garrantzitsuen berri eman zuen, eta horrek herritarren egunerokoan eragina izango du, zalantza barik». Baina era honetako ekitaldi handien kasuan «ezinbestekoa da herritarrei informazio guztia ematea, eta ez bakarrik ibilbidearen informazioa bakarrik». Garbiketan, kale mozketan, segurtasunean eta bestelako zeharkako zerbitzuen bidez zenbateko kostua izango duen eskatuko du koalizio abertzaleak. Jakin baitakite «kostua oso handia» izango dela.

Errepide asko itxita

Gonzalezek esan zuen Bilbo «hankaz gora» jarriko duela etapa amaiera hiriburura iritsi ahal izateko. Udalak eman zuen horren inguruko informazioa aste honetan, eta errepide mozketa handiak egongo dira. Bilbo erdia trafikoari itxita egongo da, eta automobilez ez inguratzeko gomendioa egin dute erakundeek.

Bilbo iparraldetik sartzeko bideak, esaterako, itxi egingo dira. A-8 autobideko San Mamesko sarrera, Basurto eta Kaxtresana arteko bidea, eta Enekuri eta Artxanda artekoa. Horrekin batera, Deustu, Indautxu, Amezola, Errekalde, Kobetamendi, Basurtu eta Altamira auzoetan kale mozketak ere egongo dira. Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak aste honetan azaldu zuen neurri horien inguruko informazioa herritarren artean banatzen ari direla56.500 eskuorriren bidez.

Dena den, errepide mozketa horiek ez dira bakarrik egingo gaurko etapa amaieraren harira, biharko etapa ere Bilbotik abiatuko baita. San Mamesetik Zorroza aldera abiatuko da Vueltako tropela 11:30ean. Horren eraginez, udalak jakinarazi duenez, errepide mozketak 08:30etik 13:30 arte izango dira Luis Briñas kalean. Etapa Los Machucosen (Espainia) amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.