SOLDATAK KPI-RA BEGIRA

Urte amaierarako %5etik gorako inflazioa izatea espero da, eta Hego Euskal Herriko langileen soldatak %1 inguru igotzen ari dira. Desoreka horrek erosteko ahalmenaren galera ekarriko die KPIa bezainbesteko igoeraren babes-klausula ez duten langileei, hau da, gehienei.

xabier martin
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Lau puntu artekoa izan daiteke aurten beharginek izango duten galera erosteko ahalmenean. Dagoeneko eztabaida ez da soldatak apalduko ote diren, baizik eta zenbat apalduko diren. Hego Euskal Herrian %4koa izan da inflazioa urte arteko tasan, irailean, baina Espainiako urriko datu aurreratuak (%5,5) pentsarazten du are handiagoa izango dela inflazioa urtea amaitzerako. Argindarra eta erregaiak KPIa bultza eta bultza ari dira goraka, eta 1992tik ez da horren goian egon. Soldatak, berriz, oso azpitik ari dira hazten: %1era ere ez dira iristen itunpeko langileen batezbestekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, %1,5 hazi da batezbesteko hori gaur arte.

«Soldaten sekulako debaluazioa eragingo du egoera honek, eta, batez ere, gehien prekarizatutako sektoreetan», ohartarazi du ELAko Azterketa taldeko kide Xabier Zabalak. Uste du orokorra izango dela erosteko ahalmenaren galera, eta SMI gutxieneko soldata jasotzen ari direnen artean are handiagoa. «%1,6 bakarrik igo du Espainiako Gobernuak, eta urtea amaitzerako %5 ingurukoa izan daiteke KPIaren urte arteko tasa». Haren esanetan, datu horrekin dena esana dago. Zenbateko soldata igoera izango duten jakin duen beste sektore bat langile publikoena izan da: %2 igoko diete lansaria; kolektibo horrek ere hiru puntu inguruko galera izan dezake azkenerako».

Krisi garaian ondorioak «betikoek» ordaintzen dituztela esan du Zabalak: «langileek». «Ez dakigu zenbat iraungo duen inflazioa gora bultzatzen duen fase honek; baliteke martxora arte izatea, baina badakigu nork ordaintzea nahi duten». ELAko kidea sinetsita dago langileen soldatak debaluatzera doazela berriro, «2008ko krisian bezala», eta hori galarazteko modu bakarra «langileen eskubideen alde» mobilizatzea dela.

Zabaltzen ari den agertokia «oso kezkagarria» da sindikatuentzat, 2008tik erosteko ahalmena galdu dutelako soldatek; 2008tik 2018ra arteko hamarkada beltza izan zen lansarien debaluazioan, %10etik gora apaldu baitziren lan erreformaren ondorioz. Hego Euskal Herriko batez besteko soldata, adibidez, apenas aldatu den azken hamarkadan, eta, bitartean, inflazioa %15 baino gehiago handitu da 2010eko irailetik 2021eko irailera.

Arrakala soziala handitzen

LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek ere garbi ikusten du erosteko ahalmenaren galera oso handia izango dela urte amaieran. «Pandemia osteko susperraldia saltzen digute etengabe, baina susperraldi hori ez dago langileon bizi baldintzetan». Perezek abisua eman du: soldata handienak dituztenek sumatu zuten 2015az geroztik susperraldia, eta ez horrenbeste soldata apalenekoek. «Arrakala soziala gero eta gehiago handitzen ari da, eta atzean geratzen ari dira gazteak, emakumeak, migranteak... Orain ere beste koska bat irits daiteke arrakala hori handitzeko inflazio handi honekin».

LABeko kideak dei egin die langileei «aktibatzeko eta borroka egiteko», bestela ez duelako uste susperraldia gehien behar dutenei iritsiko zaienik. «Borrokaren bidez urratsak egitea da gure asmoa. 2008az geroztik galdutakoa berreskuratzeko leiho bat ireki daiteke, eta dagokiguna, kendu zigutena, berreskuratzeko baldintzak sortu behar ditugu». Lan erreforma langileentzat «alkandora hertsagarria» dela dio, eta Madrilen gobernu aurrerakoiagoa egonda ere «ez dela gai izaten ari» hura indargabetzeko. «Espainiako gobernu eskuindar eta liberalak egonda ere, Hego Euskal Herrian lortu dugu estatuan baino lan baldintza hobeak edukitzea, eta borroka sindikalari esker lortu da hori».

Jarraitu irakurtzen: Tomas Arrieta: «Inflazio handi hau lan itunak egiteko oztopo bihur daiteke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.