Tomas Arrieta. Lan Harremanen, Kontseiluko presidentea

«Inflazio handi hau lan itunak egiteko oztopo bihur daiteke»

Langileen erosahalmenak lau puntuko galera izan dezakeela berretsi du Arrietak. Lan gatazkak areagotu daitezke enpresek uko egiten badiote KPI hori itun berrietan jasotzeari.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Bilbo
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako negoziazioa kolektiboaren edalontzia «erdi beteta» ikusten du Tomas Arrietak (Bilbo, 1958), nahiz eta pandemiak ez duen lagundu hitzarmenak berritzen. Inflazio handiak soldatapekoen erosahalmenaren galera ekarriko duela onartu du, baina aldi baterako izango dela dio, 2021eko KPIa erreferentzia gisa hartzen den arte soldatak gaurkotzeko.

Inflazioa %5etik gorakoa izan daiteke aurki, eta soldatak gutxiago igotzen ari dira. Zenbat igotzen ari dira itunpeko langileena batez beste?

Inflazioaren oso azpitik igotzen ari dira, bai. 2021ean indarraldian dauden lan hitzarmenetako langileen soldatak %0,91 igo dira batez beste irailera arte. Indarrean dauden itun horien gehienak ez dira 2021ean egin, aurreko urteetan baizik. Aurten berritutakoen batezbestekoa apur bat handiagoa da: %1,27 hain zuzen.

Zergatik dira hain txikiak igoera horiek KPIa igotzen ari denaren aldean?

Negoziazio kolektiboaren dinamikak azaltzen du. Hitzarmenen %85etan KPIa baliatuta negoziatzen dira igoerak. KPIa gehi portzentaje bat izaten da sarri askotan. Arazoa da, kasu honetan, erreferentzia gisa hartzen den KPIa aurreko urtekoa izaten dela, eta horrek azaltzen du hein handi batean 2021eko lansarien igoera %0,91 baizik ez izatea. 2020. urteko KPIa da igoera horiek egiteko erreferentzia, eta aurreko urtean inflazioa negatiboa izan zen.

Zer esan nahi du horrek?

Horrek arazoak eragin zituen, KPIa negatiboa izanda soldatak jaitsi egin behar ote ziren duda sortu zelako enpresa batzuetan. Auzitegiek ezetz esan zuten. Negatiboa denean KPIa zero gisa hartzen da soldatak igotzeko. Beraz, zero izan da 2021eko soldatak igotzeko erreferentzia erabiliena, eta, horregatik, igo da hain gutxi itunpekoen batezbestekoa. Alegia, oraindik ez dira jasotzen ari aurtengo inflazioaren gorakada handia. Baina 2021ean erregistratutako itunetan soldata igoera handiagoa da, eta soilik urteko lehen hilabeteen datuak dauzkagu.

Badira zenbait hitzarmen soldatak KPIa bezainbeste igotzeko babes-klausula bat jasotzen dutenak. Kopuru esanguratsu bat da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan?

Ez. Hemen, aurreko urteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa. Arazoa da inflazioa oso gora edo oso behera egiten duenean, desbideraketak eragiten dituela. Gutxi batzuek jasotzen dituzte igoera jakin batzuk, horiek ere KPIa erreferentzia gisa hartuta, baina urte amaieran urte arteko KPIaren araberako zuzenketa bat jasotzen dute. Horiek aurtengo inflazioaren gorakada islaturik ikusiko dute lansarian, urte amaieran. Baina gerta zitekeen alderantziz: %2ko igoera hitzartu eta, gero, igoera hori apaldu behar izatea inflazioa negatiboa izan delako. Edonola ere, 2022an erregistratzen diren itun berrietan 2021eko KPI handia jasoko dute aldeek.

Hau da, erosteko ahalmenaren galerak epemuga bat izango du?

Izan beharko luke. Datorren urtean gaurkotzen diren itunetan jaso beharko delako aurtengo KPIa.

Betiere, enpresek uko egiten ez badiote itunak negoziatzeari, eta lan gatazkak ugaritzen ez badira hain justu arrazoi horregatik, ezta?

Hori da. Ez dut horrelakorik espero, baina ezin da baztertu gatazken gorakada bat enpresek uko egiten badiote aurtengo inflazioa soldatetara eramateari. Baina dagoeneko negoziaturik dagoena KPIaren erreferentziarekin dago adostua, eta itun horietan jasoko da inflazioa. Egia da lan hitzarmen asko daudela negoziatzeko eta adosteko, eta inflazio handi hori oztopo bat gehiago izan daiteke itun berriak egiteko.

Itunpekoen soldatak puntu bat eskas igotzen ari dira, eta KPIa %5 baino gehiago. Lau puntuko galera da hori urtebeterako behintzat. Ez ote du luzaroan iraungo desoreka horrek?

Inflazioa egiturazkoa bihurtuko den ala ez, horren arabera luza daiteke. Inflazioak egungo mailan segitzen badu datorren urtean ere, negoziazio kolektiboan arazo bat izango da. Itunak berritzen ez badira, soldatak izoztu egiten dira. Itunen negoziazioak blokeatzeak eragiten duen ondorioetako bat izaten da hori.

Negoziazio kolektiboaren joko eremua aldatzera doa Madrilen lan erreforma eginda. Euskal errealitatea aintzat hartuz, zein eduki aldatzea komeni da akordioak errazteko?

Nik, LHKko presidente gisa, ezin dut nahirik azaldu lan erreformaren inguruan. Badut nire iritzia, baina zuhur jokatu behar dut. Esango dizut euskal lan harremanei begira garrantzitsua dela ultraaktibitatearen edukia. Itunak beti indarrean egoteak egonkortasuna ematen die lan harremanei. Hitzarmen bat galtzea oso kaltegarria da langileentzat. Gaur egun egiten den negoziazio kolekiboak berretsi egin du ultraaktibitatea urtebetera mugatzea ez dela lagungarria, eta akordioetan jasotzen ari dira ultraaktibitate luzeagoak, mugagabeak ere bai.

Enpresa ituna sektorekoaren gainetik dago, eta hor eztabaida bat sortu da Madrilgo gobernuaren barruan. Zer diozu?

Eduki garrantzitsua da, baina nahiago dut iritzirik ez eman. Dena den, Euskadirentzat garrantzitsuena da sektoreko negoziazio kolektiboa babestea estatuko negoziazioaren aurrean. Euskal eragile guztiek, lau sindikatu nagusiek eta Confebaskek, euskal negoziazio kolektiboa babesteko akordioa egin zuten 2017an: lanbide arteko euskal esparru akordioa. Balizko erreforma batek orain baino argiago jaso beharko luke erkidego mailako akordio bat dagoenean juridikoki hark duela lehentasuna. Erreforma horrek argi eta garbi jaso beharko luke euskal sektore itunak lehentasunezkoak izango direla.

CCOOk euskal esparru akordio hori auzitara eraman zuelako eskatzen ari zara hori?

CCOOren estatuko federazioak eraman zuen, bai. Euskadiko CCOOk esparru akordio hori sinatu zuen. Itun horren helburua da Euskadi mailako sektoreko itun guztiei lehentasuna ematea. Ez bakarrik erkidego mailakoei, baita probintziakoei ere, haien bidez egituratzen baitira hitzarmen gehienak. Akordio hori indarrean dago, baina Langileen Estatutuak ez du jasotzen behar bezain argi lehentasuna izan behar duela beste batzuen aurrean.

Pandemiak ez dio lagundu negoziazio kolektiboari. Nola doaz lan hitzarmenak 2021. urtean?

Egia da pandemiak ez duela lagundu, baina edalontzia erdi beteta ikusi nahi dut nik. Itunen %40 berritu dira. Egindako batzuk erregistratzeko daude oraindik, eta espero dut %50era iritsiko garela aurten. Bai, edalontziaren erdia da, baina garai zailetik gatoz. Metalgintzako itunak ere berreskuratu ditugu. Hau da, ikus daiteke edalontzia erdi beteta. Erreformaren ondoren, langileen portzentaje esanguratsu bat itunik gabe geratu zen, hain zuzen ultraaktibitatea mugatu zelako, eta orain erdira murriztu da itunik gabekoen multzo hori. Hala ere, soldatapekoen %10ek oraindik ez dute lortu hitzarmen baten babesa, hau da, 90.000 langile. 2019an, ordea, %20 ziren. Segitu behar dugu lanean.

Krisi ekonomikoak lan gatazkak areagotu ditu. Susperraldia hasi da, baina iritsiko ote da oraindik lan gatazka handien serie bat?

Ekonomiaren eboluzioa garrantzitsua da lan gatazkei begira. Susperraldia iristea da berme onena ikus ez ditzagun lan gatazka handiak. Azken datuak ez dira oso onak. Erakunde batzuk hasi dira hazkunde aurreikuspenak apaltzen, eta itzal handi bat da inflazio handia. Susperraldia atzeratu baino ez da egin, edo sortu diren arazoak luzerako dira eta sartzen ari gara hazkunde apaleko fase batean? Nik uste dut susperraldia atzeratu egingo dela, baina iritsiko dela; ez alferrik banku zentralak aldi baterako egoera balitz bezala jokatzen ari dira, eta langabezia datuak oso onak dira. Baina egia da aldi baterako enpleguen portzentajea handiegia dela, eta sektore publikoak badu horretan ardura handi bat.

ELAk eta LABek greba orokorrera dei dezakete aurki. Zer iritzi duzu horretaz?

Ulertzen dut zuk hori galdetzeko betebeharra daukazula, eta nik, berriz, ez erantzutekoa. Nahiago dut baloraziorik ez egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.