Udak itxura hobea du

Datorren asteburuan ekingo zaio emakume harri jasotzaileen torneoari. Hiru harri jasotzaile ariko dira lehian. Horietako bat da Karmele Gisasola, eta, haren ustez, txapelketa «polita eta berezia» izango da.

Karmele Gisasola harri-jasotzailea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak uztailaren 4an Mungian (Bizkaia) jokatzekoa zen Euskal Herriko txapelketa bertan behera utzi eta gero, ezkor zeuden emakume harri jasotzaileak. Zail ikusten zuten plazara bueltatzea. Baina berriro ere ilusioa piztu zaie. Izan ere, herri kirolen txapelketak antolatzen dituen Egursport enpresak torneo bat antolatu du haientzat ekainaren 27tik aurrera. Bertan, nor baino nor gehiago ariko dira Karmele Gisasola, Virginia Finol eta Udane Ostolaza. Hilabete pasatxo iraungo du txapelketak, finala abuztuaren 1ean edo 2an jokatuko baita.

Gisasolak nabarmendu du «pozik» daudela. «Behintzat, udan aukera dugu zerbait egiteko». Txapelketa «berezia» izango dela uste du. Finol eta Gisasola 63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoekin ariko dira, eta Ostolazarenak, 14 urte dituela kontuan hartuta, pisu gutxiagokoak izango dira: 50 kilokoak, hain zuzen. «Uste dut garrantzitsua dela pisu baxuagoko halako txapelketak antolatzea. Ikusleentzat erakargarriak dira, eta balio dezakete neska gehiago animatzeko harriak jasotzenhastera. Erakustekopisu gutxiago jasota ere aritu zaitezkeela».Nahiz etahalako harriak altxatzea ere ez den erraza. «Indarraz eta teknikaz gain, hauspoa ere eskatzen dute harri hauek. Ez da txapelketa erraza izango».

Txandak bi minutukoak izango dira, eta harri jasotzaile bakoitza birritan ariko da: Ostolaza, ekainaren 27an eta uztailaren 25 edo 26an; Gisasola, uztailaren 4an eta uztailaren 22, 23 edo 24an; eta Finol, uztailaren 11n eta uztailaren 16, 17 eta 18an. Finalerako hirurak sailkatu dira. Baina markarik onena duenak abantaila bat izango du: hirugarren tokian lehiatuko da finalean. «Ikusiko dugu ateak irekita edo itxita jokatuko den. Nik nahiago dut ikusleekin aritu. Gehiago urduritzen zaitu, baina beste motibazio bat izaten da».

Gisasolak garbi du zein den faborito: Finol. «Plaza gutxi egin ditu, eta esan dit konfinamendua tarteko ez dela hainbeste entrenatu. Baina crossfit irakaslea izanda, berez da indartsua, eta oso ondo menderatzen du harria». Gisasolak uste du zilindroarekin eta bolarekin «oso lan ona» egin beharko duela Finol mendean hartzeko aukeraren bat izateko.

Harri jasotzen gustura

Apirilean hasi zen harriarekin entrenatzen. «Hasieran, Euskal Herriko Txapelketa ez zegoenez bertan behera utzita, 88 kilokoarekin egin nuen. Baina behin jakinda ez zela jokatuko, 63 kilokoarekin aritu naiz. Indar ariketak ere egin ditut. Entrenatzen segitu dut». Izan ere, «barrenak» esaten zion, nahiz eta herri askotan jaiak bertan behera utzi, zerbait egiteko aukera izango zutela, eta hala gertatu da. «Bizkaiko Federazioak ere badu asmoa txapelketak antolatzen hasteko, baina ikusi beharko da zer udalek zer aukera ematen duten horretarako, une honetan beste lehentasun batzuk baitituzte. Pena da, adibidez, aizkorako neskek txapelketarik ez edukitzea».Ez dio beldurrik itzulerari. «Azken batean, bakarkako kirola da, eta laguntzen egongo direnak anaia eta aita dira, eta nirekin bizi dira. Alde horretatik, ez dago arazorik. Gainera, uste dut guk ahaleginaegin behar dugula udan herri kirola plazetan egon dadin».

Txingekin eta ingudearekin aritu da Gisasola, baina harri jasotzeak «harrapatu» egin duela dio. «Ezustean hasi nintzen, Idoia Etxeberriak eskatuta. Haren agurra txapelketa batean izatea nahi zuen, eta eskatu zidan parte hartzeko. Asko pentsatu gabe, baietz esan nion. Bola txikiekin hasi nintzen, 40 kilo ingurukoekin. Orain, espezialista izan ez arren, gustura eta gozatzen nabil; ondo sentitzen naiz. Nahiz eta harri jasotzeak txingek edo ingudeak baino prestakuntza gogorragoa eta handiagoa eskatu». Izan ere, harri mota desberdinak jaso behar dituzte, eta bakoitzak bere teknika eskatzen du. «Hor bai, gehiago kostatzen zait, batez ere kubikoarekin. Gutxien gustatzen zaidana da». Hobetzen segitzeko borondatea dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.