Albistea entzun

Ander Okamika

Ezerezetik, ametsa

Koronabirusaren pandemiak triatloi sasoia bertan behera utzi zuela ikusita, txirrindularitzan proba egitea erabaki zuen Ander Okamikak. Ezin hobeto atera zaio apustua: emaitza bikainak lortu ditu, eta, horri esker, profesionaletan ariko da datorren denboraldian, Burgos taldearekin.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2020ko azaroak 3

Ander Okamika triatletak (Lekeitio, Bizkaia, 1993) denboraldirako «motibazio ia osoa» galdu zuen martxotik maiatzera arteko konfinamendua amaitu eta «triatloiaren panorama» ikusi zuenean. «Etsipenez» bizi izan zuen denboraldiko triatloi nagusiak «bata bestearen atzetik» bertan behera geratzea, eta, horren ondorioz, urteko asmo eta helburu guztiak «hutsaren hurrengoa» bilakatzea; adibidez, bigarren urtez jarraian distantzia luzeko Espainiako Txapelketa irabaztea. «Bi aukera nituen: etsitzea eta denboraldia galdutzat ematea, edo alternatibaren bat bilatzea. Eta bigarrena egin nuen. Txarrenari onena atera nahi izan nion, eta, etxeko arrabolean makina bat ordu egin nituenez eta txirrindularitza afizionatuan hala moduzko egutegi bat zegoenez, probatzea pentsatu zuen. Gazte mailatan aritutakoa naiz txirrindularitzan, eta triatloian inon aldea egiten badut, bizikleta gainean egiten dut. Hala ere, asmo handirik gabe egin nuen proba. Inoiz ez nuen pentsatuko hori eginda aspaldiko ametsa beteko nuenik: ziklista profesionala izatea. Oso pozik nago», aitortu du.

Burgos Espainiako taldeak bilakatu du egia Okamikaren ametsa. UCI Pro taldeak denboraldi baterako kontratua eskaini dio txirrindularitzaren bigarren mailan aritzeko. Lekeitiarrak berehala konbentzitu zuen haren talde berria. Izan ere, uztailaren 14an aritu zen estreinakoz, Zamorako Itzulian (Espainia), Netllar Telecom Ale taldearekin, eta hilabete geroago Burgosek hura fitxatzeko interesa azaldu zuen. Abuztu bukaeran Jaenen jokatutako Espainiako Txapelketan erabaki zuen taldeak kosta ahala kosta nahi zuela Okamika. Ez da harritzekoa, lekeitiarrak zur eta lur utzi baitzituen guztiak: txapeldun izan zen elite mailako erlojupekoan, eta txapeldunorde errepidekoan. Harritu egin zituen guztiak, iritsi berria izan arren profesionalekin nor baino nor gehiago arituta: hemeretzigarren izan zen erlojupekoan, eta hamalaugarren errepidekoan. Hura, ordea, ez zen horrenbeste harritu. «Nire datuen berri nuen, eta datuek zioten oso ondo nengoela, inoiz baino sasoikoago. Baina profesionalekin lehiatuko nintzen, eta zalantza nuen ea haien aldean nola egongo nintzen. Baina oso lan ona egin nuen, eta oso pozik amaitu nuen. Ilusio handia egin zidan neure burua maila handiko profesionalen artean ikusteak».

Espainiako Txapelketan ez ezik, gerora parte hartu duen lasterketetan ere nabarmendu da: bosgarren postuan sailkatu zen Kantabriako Itzulian (Espainia), irabazlearen denbora berarekin; Alacanteko Itzulian (Herrialde Katalanak), berriz, lehen etapa irabazi zuen, eta azkenekora lider iritsi zen, baina eroriko batek aukerarik gabe utzi zuen. «Nahiz eta amaiera oso ona ez izan, esperientzia polita izan zen».

Talde berrian oraindik ez diote esan zer espero duten harengandik. «Pentsatzen dut azaro amaieran egingo dugun egonaldian esango digutela txirrindulari bakoitzari zein egiteko izango dugun». Iritsi berria izanik, ez da ausartzen bere burua txirrindulari estilo batekin definitzera. Argi du, ordea, non moldatzen den ondoen. «Asko ibili naiz triatloian erlojupekoetan erabili ohi den bizikletarekin, eta neurria hartua diot; gustura aritzen naiz erlojuaren aurkako saioetan. Igoeretan ere ondo moldatzen naiz. Baina batez ere, ahalegin handi eta luzeko lanak etortzen zaizkit ondoen».

Baina berehala ohartarazi du ez dakiela nola ariko den profesionalen artean, «jauzi handia» baitago batetik bestera. Argi du «asko» duela hobetzeko, harentzat «berria» baita dena. «Erritmo aldaketei eusten eta tropelean joaten ikasi behar dut». «Itxaropentsu» dago. «Estreinakoan, nahiko urduri joan nintzen tropelaren barruan. Ez nago ohituta horrenbeste jenderekin aritzera, triatloian bakarrik edo jende gutxirekin joaten baikara. Baina pentsatzen dut ohituko naizela. Parte hartu dudan lasterketetan sumatu dut egun batetik bestera hobetzen joan naizela. Denbora kontua da».

%100ean txirrindularitzan

«Oso pozik dago» sinatu duen kontratuak aukera emango diolako urtebetez, behintzat, «txirrindularitzaz bizitzeko». Ezin zuen egin halakorik triatloian. «Alde handia dago kirol baten eta bestearen baldintzen artean. Triatloian, nahiz eta maila ona izan, oso zaila da horretaz bizitzea. Nik, adibidez, lan egiten dut Lekeitioko kiroldegian, monitore eta sorosle gisa. Abendura arte jarraituko dut lan horretan, baina gero, urtebeteko baimena hartuko dut, txirrindularitzan bete-betean aritzeko».

Lanari ez ezik, triatloian aritzeari ere uko egingo dio, gutxienez, urtebetez. Hori du «pena» bakarra. «Faltan sumatuko dut bai kirola bera, baita taldean dugun giroa ere. Asko gustatzen zait igeri eta korrika egitea. Denboraldi-aurrea aprobetxatu beharko dut horiek egiteko». Baina «egin beharreko sakrifizioa» dela dio. «Exijentzia handiko kirola da txirrindularitza, eta argi dut ezin dudala aldi berean triatloian ere aritu. Hurrengo urtean bete-betean ariko naiz txirrindularitzan. Gero ikusiko dugu ea aukera dudan jarraitzeko edo triatloira itzuli behar dudan. Orain, gogotsu nago erronka eta esperientzia berri honi heltzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikelekin irabazi nahi dugu Giroa; bera da kapitaina»

Eñaut Agirrebengoa

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Turinen, eta konfiantzaz helduko dio Bilbaok. Mikel Landarentzat egingo du lan, bere aukerak erabat baztertu gabe: hasieran, bederen, aurrean egon nahi du.
Realeko hainbat jokalari Aritz Elustondok sartu zuen gola ospatzen, atzo, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Jokalari bat gehiagorekin arituta, bigarren zatian lortu ditu partidako bi golak
Nekane Teres. ©GORKA RUBIO / FOKU

Athletic eta Osasuna puntuen premiarik gabe ariko dira gaur San Mamesen

Haritz Gallastegi

Talde zuri-gorriak estreinakoz kateatu nahi ditu bi garaipen denboraldi honetan. Gorritxoek azken lehietako itxura onari eustea dute xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.