Tessy Ebosele

Urrun jausi daiteke

Afrikatik Euskal Herrira salto. Atletismora gero. Bizia, azkarra eta indartsua: luzerako jauzian eta jauzi hirukoitzean aritzen da. 18 urterekin, seniorrik onenen pare dabil Espainian. Gazteago zela, munduko marka onena egin zuen bere adinean. Adituek diotenez, etorkizun oparoa dauka.

REALA / BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Jauziak nonbait eta noizbait hasten dira, eta nonbait eta noizbait bukatu. Espazioa eta denbora. Jauzilaria, airean, eta azpian, leku bat. Jauzilaria, hegan, eta segundo bat, bi, hiru... Atletismoan egiten dira horrelakoak, eta horretaz badaki zerbait Tessy Eboselek (Benin City, Nigeria, 2002). Badira beste jauzi batzuk ere: sakonagoak, arrasto luzea uzten dutenak. Etorkinenak, esate baterako. Etxea eta sorterria utzi, eta jauzi ezerezera. Azpian ez denbora eta ez espazio: amets bat, bizitzako ametsa. Horren berri ere badu Eboselek.

Bizitzako jauzia bizpahiru urte zituela eman zuen, Nigeriatik Euskal Herrira etortzeko. Ez zaio gustatzen, ordea, horretaz hitz egitea: «Oso nahasgarria da. Ez da ez kontatzeagatik, baina oso luzea da istorioa», azaldu du. Jauzi horren gainetik salto eginda, Eboseleren bizitzaren bigarren zatia dator: Euskal Herrikoa. Gasteiz helmuga. Beste herrialde bat. Beste hizkuntza bat: euskara [elkarrizketa osoa, hasi eta buka, euskaraz egin du]. «Ondo moldatzen naiz euskaraz; D ereduan egin ditut ikasketak».

Euskara eta kirola. Atletismoan hasi baino lehen, beste zerbait egin zuen: «Gimnasia egiten nuen. Dantza klasikoa ere jorratu nuen». Baina aspertu egin zen. Etena ondoren: «Etxean geratzea erabaki nuen, ezer egin gabe». Joan dira bospasei urte ordutik: «Ez naiz oroitzen seguru noiz izan zen». Baina amak gogor egin zion: «Zerbait egin behar nuela bota zidan, ezin nuela etxean geratu, mugitu beharra neukala». Ordurako bazuen buruan beste kirol batean sartu-irtena egitea: «Atletismoa neukan buruan, eta, amaren bultzada horrekin, han joan nintzen atletismoan probatzera».

Gasteizko La Blanca klubean egin zuen hasierako bidea. Hasi, abiadurako probetan hasi nahi zuen: «Gustuko dut atletismoa, eta telebistan ikusten nituen probak; abiadurakoak gustatzen zitzaizkidan gehien. Eskolan, soinketako klaseetan ere esaten zidaten oso azkarra naizela». Baina jauzietan bukatu zuen: «Luzerako eta jauzi hirukoitza egiten ditut» Abiadura ere bai, tarteka. Aurreko asteburuan, esaterako, Espainia hegoaldean ibili da, bizi lasterka, jauziak egiteko minez dagoela-eta.

Ebosele ondo ezagutzen dutenek diote berezko dohainak dituela atletismorako, eta urrutira heltzeko gaitasuna daukala. Olinpiar Jokoak ere aipatzen dituzte. Hark ez daki ezer horretaz: «Inork ez dit inoiz ezer aipatu aukera horretaz. Sekula ez didate esan aparteko dohainak ditudanik», esan du. Baina lotsagatik bota du gezur txikia, berehala aitortu duelako egia: «Tira, esan izan didate inoiz zerbait».

Badu zerbait berezia, bai, emaitzak hor daudelako ikusi dutenen ustea berresteko. Berrienak ikusgarriak dira: otsaileko azken-aurreko asteburuan, Espainiako pista estaliko txapelketan aritu zen, senior mailan [20 urtez azpikoa bada ere], eta luzerako jauzian zilarrezko domina irabazi zuen; jauzi hirukoitzean, brontzezkoa. Espainiako jauzilaririk onenak izan zituen alboan: «Ederra izan zen Ana Peleteirorekin eta Fatima Diamerekin lehiatzea. Oso onak dira, eta poz handia eman zidan. Ikasteko ere oso ona da». Aurretik, 18 urtez azpiko munduko markarik onena egin zuen.

Berezko dohainak izatea ez da nahikoa horrekin asebeteta geratuz gero: «Hobetzen jarraitu behar dut. Teknika landu beharra daukat pixkana, eta, ahal badut, markak hobetuz joan». Hobekuntza horretan pauso bat emateko, beste jauzi bat eman du: Realeko atleta da orain, ikasketak tarteko. «Zuzenbidea ikastera joan naiz Donostiara, eta, astea eta asteburu batzuk ere bertan igarotzen ditudanez, Realean nabil orain, aurten. Laguntza handia ematen ari zaizkit, eta gehiago entrenatzen ari naiz».

Hurrengo erronka handiak datorren udan dauzka: «20 urtez azpiko Munduko Txapelketa daukat, eta Europakoa ere bai». Buruan dauka zertara joango den Nairobira (Kenia) eta Tallinera (Estonia): «Garrantzitsuena izango da gozatzea eta esperientzia berri bat gehitzea nire ibilbidean. Oraindik ez naiz nazioarteko lehiaketa batean izan, eta aurreneko aldia izango da». Apaltasunetik jo badu ere erantzunaren hasieran, anbizioa atera zaio segituan: «Ahal badut, domina ateratzen saiatuko naiz, eta, lortzen badut, oso pozik jarriko naiz».

Arazo burokratikoak

Ez du alferrik esan lehen aldiz izango duela nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeko aukera. Horretarako, Euskal Herrian hazi eta bizi den arren, Espainiako naziotasuna behar du, eta majo kostatu zaio lortzea. Lehenik eta behin, atletismoan hasi arte beharrik ez zuelako ikusten: «Behin atletismoan hasita, arazoak hasi zitzaizkidan. Pistako emaitzak balekoak ziren legez, baina ezin nuen joan nazioarteko txapelketetara. Abuztuan eman zidaten, eta orain ate asko irekitzen dizkit horrek».

Jarraituko du jauziz jauzi ateak irekitzen, bere azpiko espazioan gero eta hondar eremu handiagoa uzten. Ez baitu mugarik. Bitartean, entrenatu eta entrenatu ari da: «Orain, serio ari naiz». Eta lagungarri omen zaio bestela ere, «eguneko gauzak ahazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.