Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Laga ama magala

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Asa ga kuru /True Mothers'



Zuzendaria: Naomi Kawase. Aktoreak: Hiromi Nagasaku,Arata Iura, Aju Makita. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 140 minutu.

Ama, hitz ederra da. Palindromoa. Atzetik aurrera edo aurretik atzera irakurrita berdin da, ama beti da ama. Baina, zer da ama bat? Noiz da ama bat? Edo adibidez, zer ez da ama bat?

Amatasunak ezaugarri ugari ditu, gehienak kulturalak eta historikoak. Rol bat du familian. Ba al da seme-alabarik gabeko amarik? Norbait ama denean, noizbait ama izateari utz diezaioke?

Kawaseren azken filmak hausnarketa sakon eta zintzoa egingo du bidaia psikoanalitiko eta poetiko baten bidez. Haurdun geratu ezin den bikote batek adopzioaren bidea hautatuko du. Filmak agerian jarriko du gurean gaur egun nahiko natural gauzatzen den prozesua zeinen konplexua den Japoniako kulturan. Horrez gain, batez ere bi istorio garatuko ditu, edertasun osoz: bikote gaztearena alde batetik, eta umea duen nerabearena, bestetik.

Zuzendariak gidoi eta muntatze lan ezin hobea egin du. Flashback luzeak erabili ditu, pertsonaien nondik norakoa uler dezagun. Narrazioaren linealtasuna zatikatu, eta modu zuhur eta burutsuan eskaini digu; tentuz neurtuko du noiz azaldu zer, beti zalantza eta ñabardura printzak iradokiz. Istorioari aurrea hartzera zirikatuko gaitu, eta aurreiritziak azalduko dira, hutsuneak betetzeko prest.

Irudi aldetik lan ezin hobea da, soila eta xumea teknikoki. Gordetzen duen edertasuna Kawaseren begiradan dago. Oroitzapenak bezalakoak, inperfektuak, baina biziak izango dira etengabe uztartuko diren irudi poetikoak. Iradokitzaileak, zirraraz beterikoak. Xalotasun naif eta harridurazkotik begiratzen dioKawasekinguruari, jolasean balego bezala.

Aktoreek bizia eman diete egiturari eta paisaiari, eta nola, gainera. Bakarra ere ez dago neurriz kanpo; denek lagundu dute filma, bakoitzak bere neurrian.

Film ederra egin du Kawasek, edertasun latza, zirraragarria eta malenkoniatsua. Emeki azaldu ditu emakumeen kezkak, begirunez eta maitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.