Dantz elektronika jaialdiak 40 musikari bilduko ditu

Erredakzioa
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Musika garaikide eta elektronikoaren topagune izateko sortu zen iaz Dantz jaialdia, Donostian. Bi egun hartu zituen estreinako aldi hartan, eta hirura zabaldu dute aurten egitaraua; abuztuaren 30ean hasi eta irailaren 1era bitartean egingo dute, Egia auzoaren bueltan. Behin betiko programa itxi gabe badago ere, dagoeneko 40 artistaren zerrenda aurkeztu du jaialdiak. Haien bitartez, «gaur egungo gai eta kezkak» argitara eman nahi dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta feminismoa, migrazioa, zaintza, LGTBIQ komunitatea, klima aldaketa eta lan prekaritatea aipatu dituzte, besteak beste.

Abuztuaren 31 izango da egun handietako bat. Eguerditik hasi eta iluntzera bitarte, Euskal Herriko Rude Kanka Feat. Beñarakans, Unai Muguruza, Aneguria, A. Gaultier, Ruben Rubio eta Landerground musikariak ariko dira Tabakalerako Nestor Basterretxea plazan. Biharamunean ondorengoek hartuko dute plaza: Emesutan, IAMMAI, Iker Selektah Meets Bassque Reggae Kultur, Sara N'Donga, Papayo Salvador, Pilar Jorquera, Baleaonda eta El_Txef_A.

Tabakalera barruan beste gune batzuk ere atonduko dituzte emanaldi elektronikoetarako, eta han izango dira, besteak beste, Annette Krebs (Alemania), Maotik (Frantzia), Rival Consoles (Erresuma Batua), Nazira (Kazakhstan), Garazi Gorostiaga (Euskal Herria), eta Claire Bergerault (Frantzia).

Gazteszena, goizaldera arte

Gazteszena izango da, Tabakalerarekin batera, jaialdiaren gune nagusia. Abuztuaren 31n, gauerdian hasi eta goizeko seiak artean, Territoire (Frantzia), JASSS (Espainia) eta Les Alsborregach (Euskal Herria) ariko dira bertan; eta hurrengo egunean, Warrego Valles (Eslovenia), Deena Abdelwahed (Tunisia), Nidia (Portugal) eta SAMA (Palestina).

Bestalde, aurtengo programan musikari parte hartzaileen erdiak emakumezkoak izango direla nabarmendu du Dantzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.