kritika. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Lehen biraren harmonia

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Vandalia

Zikloa: Musika Aitzaki. Taldekideak: Rocio de Frutos (sopranoa), Gabriel Diaz (kontratenorra), Victor Sordo (tenorra) eta Javier Cuevas (baxua). Egitaraua: Juan Sebastian Elkano (1476-1526): Navego en hondo mar.Lekua: San Nicolas de Bari eliza (Orio). Eguna: Abuztuak 23.

Juan Sebastian Elkanok munduari lehen bira eman ziolako 500. urteurrena aitzakia, Musika Hamabostaldiak hainbat kontzertu programatu ditu gertakari hura oroitzeko. Ostiralean, Vandalia taldeak bidaia itzel horren nondik norakoak haragiztatu zituen Antonio Piagafetta esploratzaile eta geografo italiarraren kronikaren testuak eta XVI. mendeko musika (espainola, gehienbat) bateratzen zituen programan.

Vandalia osatzen duten Rocio de Frutos sopranoa, Gabriel Diaz kontratenorra, Victor Sordo tenorra eta Javier Cuevas baxua ibilera handiko ahotsak dira, Sevilla hiriak bilduak, eta musika barrokoan nazioarteko entzutea duten ensemble eta zuzendariekin aritzen dira maiz. Elkarrekiko oreka egonkorrean, XVI. mendeko konpositore handien obren bidez nao Victoriak bizi zituen gorabeherak zentzu ederraz gauzatu zituzten Orioko San Nicolas de Bari elizan.

Lau kideak elizan barrena sakabanatuta, kantu gregorianoaren Ave Maris Stella ereserkiak Sanlucar de Barramedadik Afrikarako bidea ireki zuen, eta hasieratik geratu zen agerian lau ahotsen kalitate handia. Emisio garbia eta koloretsua, kontzertua aurrera zihoala tinbreen aberastasuna sumatzen zen nonahi. Aurkeztutako obra anitzen artean, Garcilaso de la Vegaren sonetoari musika jartzen dion Pedro Guerreroren Pasando el mar Leandro el animoso aipatu nahiko nuke, zeinaren bitartez laukoteak Ozeano Pazifikoan zehar pairatutako eskorbutoak eragindako oinazea gorpuztu zuen, tenorraren eta baxuaren ahotsak bereziki nabarmenduz.

Magallanesen heriotzaren ostean, eta Elkano jada gidari, Moluka Irletan bizi izandako lilura adierazteko, Francisco Guerreroren Todo quanto pudo dar aukeraketa paregabea suertatu zen. Edonola ere, eta programaren inguruan ezer txarrik esateko ez dagoen arren, batzuetan interpretazioa eroso sentitzen denaren inertziaz mugitzen zela zirudien, ñabardura eta koloreei tokirik utzi gabe. Bis gisa, Elkano eta Andaluziaren arteko ituna itxi zuen Maitia nun zira gozokia eskaini zion laukoteak publikoari, eta horrek atsegin bete txaloz jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.