Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Mundu alua

Chaika filmeko irudi bat. Z / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
'Chaika'

Zuzendaria: Miguel Angel Jimenez.

Herrialdea: Espainia-Georgia-Errusia.

Iraupena: 104 minutu.

Espaziora iritsi zen lehen emakumea izan zen Valentina Terexkova. 1963. urteko misio garrantzitsu hari emandako ezkutuko izena zen chaika (kaioa). Sobietar gobernuaren helburua munduari emakumea iraultzaren gidaria izango zela helaraztea izan zen. Propaganda hutsa, noski. Propaganda herritarrentzat zen; Stalinek, aldiz, nahiago zuen westernak ikusi. Eta ez zen bakarra. Hitler ere Hollywoodera begira egon ohi zen. Miguel Angel Jimenezek bere bigarren filma aurkeztu du Donostian. Sobietar gobernuaren menpe egon ziren lurraldera bidaiatu du Ahysaren istorioa kontatzeko. Urte askotxo igaro dira Terexkova espaziora ailegatu zenetik, baina gauzek bere horretan diraute, emakume askori pertsona izaera ukatzen baitzaie oraindik. Emakumeek jasaten duten jazarpena salatu nahi izan du, baina ezin da inola ere zinema soziala edota politikoa kontsideratu; ez da konbentzionala, intimista baizik. Istorio lazgarri eta xalo honen bitartez, jendearen emozioetan eragin nahi du. Beharrezkoak diren hitzak soilik erabiltzen ditu, baina horrek ez du esan nahi narrazioak aurrera egiten ez duenik. Informazioa oso pixkanaka ematen du, eta horrek istorioarekiko interesa areagotzea lortzen du. Ahysaren iragana misterio bat dela esaten zaigu, baina pantailan ikusitakoa ikusita ez da zaila imajinatzea orainaldia bezain tristea izan zela. Mundu alu honetan zulo bat besterik ez dela onartuta dauka aspaldidanik. Siberia eta Kazakhstango lurralde galduetan filmatuko irudiek bakardade sentsazioa indartzen dute. Iraultzak ez du arrakastarik izango harik eta emakumeen duintasuna errespetatzen ez bada. Ekintzek ez dute propagandaren beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.