Albistea entzun

Irakasle, konplize eta bidelagun

Donostiako Hazi eta Ikasi elkarteak eskolako lanak egiten eta ikasten laguntzen die zailtasunak dituzten familietako haurrei. Haurren itxaron zerrenda luzea dute, baina boluntarioak falta dituzte, boluntario euskaldunak.
Haurrak eta Hazi eta Ikasiko boluntarioa eskolako lanak egiten, Morlanseko lokalean.
Haurrak eta Hazi eta Ikasiko boluntarioa eskolako lanak egiten, Morlanseko lokalean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko maiatzak 17 - Donostia

Ana Fernandezen giltzak sarrailan bueltak ematen hasi direnerako, haurrak atera hurbildu dira, maskara aurpegian eta motxila bizkarrean. Irati, Ashley... Hitz gutxi. Agur herabe batzuk. Haurren ondoren, emakume eta gizon batzuk sartu dira. Aitziber, Ibai, Jose... Maskara aurpegian, motxilarik ez bizkarrean. Poltsaren bat eta betaurrekoak asko jota. Barruan, gela handi bat, mahai zuri luzeekin. Fernandezek adeitasunez eta ganoraz antolatu ditu batzuk eta besteak, talde txikitan: heldu bat eta bi edo hiru haur. Mahaiaren ertzetan eseri, motxiletatik liburuak eta kutxatilak atera, eta lanean hasi dira. Atentzioa ematen du kontrasteak: ilea urdindutako gizon-emakumeak —ez denak— mahaiburuan, eta haurrak ondoan, elkarrekin lanean.

Asteazken arratsaldea da Donostiako Amara auzoko Morlans inguruan. Donostiako Hazi eta Ikasi elkarteak antolatutako eskola errefortzu saio bat da. Erretiratutako irakasle talde batek 2009an sortu zuen Hazi eta Ikasi, baliabide sozioekonomiko eskaseko familietako haurrei eskolako lanetan laguntzeko. Boluntario sare bat osatu zuten, eta astean bitan elkartzen dituzte boluntarioak eta haurrak, ordu eta erdiz. 7 eta 14 urte arteko haurrak dira, Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailaraino. Amara, Antigua, Bidebieta eta Egia auzoetan egiten dituzte saioak, erakundeek utzitako lokaletan. Baita zenbait ikastetxek eta elizak utzitako geletan ere. Gela berezi bat badute, logopeda batekin, ikasketa arazoak dituzten ikasleentzat.

Hazi eta Ikasik 105 boluntario ditu gaur egun —75 emakumeak—, eta 160 haurri eskaintzen die laguntza. Duela hiru urte 150 boluntario eta 240 haur ziren. COVID-19aren pandemiaren ostean, kopuruak dezente jaitsi dira. Laguntza jasoko luketen hainbat haur dituzte zain, itxaron zerrendan. Boluntarioak falta dituzte, euskaraz dakitenak batez ere. Gelak ere behar dituzte.

Fernandezek ikasleen eta boluntarioen zerrenda irakurri du, bakarren batek huts egin duen ikusteko. Haurren batek zuribiderik gabe hiru edo lau aldiz jarraian huts eginez gero, gurasoekin hitz egiten dute, ea zerbait gertatu den jakiteko. Zuribiderik ez badute, beste haur bati ematen diote haren lekua. «Konpromisoa eskatzen diegu familiei eta ikasleei».

Boluntario bat, bi haur

Pandemiak aldaketa eragin du: lehen, boluntario batek hiru edo lau haurri laguntzen zien aldi berean; pandemiaren ondoren, kasu gehienetan, biri. «Laguntza asko behar duten haurrak dira; batzuetan sekulako aldea dago haien adinaren eta ikasketa mailaren artean», zehaztu du Fernandezek. «Haiekin asko egotea behar dute. Zenbat eta arreta zuzenagoa, orduan eta gehiago iristen gara haiengana». Pandemia garaia gogorra izan zen haur horientzat, laguntza premia gehien zutelako, baina ezin zutelako jaso.

Geometria lantzen ari dira mahai batean, erregelekin eta konpasekin. Jose boluntarioa iaioa da haiek erabiltzen. Ingeniari erretiratua da. Beste mahai batean, euskarazko testu bat irakurtzen ari dira. Badira eskolako lanak ordenagailuan egiten ari direnak ere.

Amaia Ibarra da boluntarioen arduraduna. EHUko Informatika fakultateko elektronika irakasle ohia. Duela hamar urte hasi zen Hazi eta Ikasin laguntzen. Boluntarioetako asko erretiratuak eta irakasle ohiak dira, baina ez du zertan. Ana Fernandez, Amarako arduraduna, esaterako, kudeatzailea da: «Nire seme-alabak hazi egin ziren, eta denbora eskaini nahi nion norbaiti». Duela sei urte hasi zen Hazi eta Ikasin.

Miguel Angel Etxetxipia makina-erremintako saltzailea zen. Matematikak menderatzen ditu, eta matematiketan laguntzen die batez ere. «Ingelesean eta euskaran ere bai. Denetarik egiten dugu». Erretiratu eta gero umeei lagundu nahi zien, eta Hazi eta Ikasin ari da duela zazpi urtetik.

Boluntario guztiak ez dira edadetuak, badira gazteak ere, tartean unibertsitate ikasleak. Morlanseko gelan atentzioa ematen du Ibai Alzelairen 28 urteen gaztetasunak. Biologoa da. Duela hiru urte hasi zen Hazi eta Ikasin laguntzen. «Urte askoan aritu naiz bestelako boluntario lanak egiten», azaldu du. «Ondo pasatzen dut, eta ondo sentiarazten nau laguntzen ari naizela ikusteak».

Boluntarioek ez diete eskolarik ematen haurrei. «Etxeko lanak baldin badituzte, haiek egiten dituzte; bestela, hemen eskolako materiala dugu, zailtasunak dituzten ikasgaietan laguntzeko», azaldu du Ibarrak. «Boluntarioei esaten diet seme-alabekin egiten duten lanaren parekoa dela».

Eskolako martxa jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleak dira. Egoera sozioekonomiko kaskarreko familietakoak. Haurrei eskola errefortzua eskaintzeko zailtasun ekonomikoak, kulturalak... dituzten familietakoak. Baita harrera familietan daudenak ere. Gehienen gurasoak atzerritarrak dira. Kasu askotan, ikasturtea hasita iritsitako haurrak. Bizimodua eta sustraiak errotik moztu, eta egun batetik bestera beste herrialde batean lur hartu dutenak. Beste kultura bat, beste hizkuntza bat edo bi, lagunik ez... Lekuz kanpo sentitzen direnak.

Horrek guztiak haien eskolako jarduna zailtzen du. Etsipena eta frustrazioa eragiten die. «Aintzat hartu behar da guztia aldatzen zaiela», nabarmendu du Fernandezek. «Agian haien jatorrizko herrialdean gelako onenak ziren; hemen, berriz, ez dituzte ikasgaiak gainditzen». Ikastetxeek jotzen dute Hazi eta Ikasira, laguntza premia duten ikasleen berri emanez. «Sistematik erortzeko arriskua duten ikasleak dira», definitu ditu Ibarrak.

Giroa lasaia eta atsegina da Morlanseko gelan. Barreren bat ere entzuten da tarteka. Begirada konplizeak ikus daitezke maskarek ezkutatutako aurpegietan.

Mahai batzuetan, euskaraz ari dira. «Ikasle askoren kasuan, eskolaz aparte, hau da euskaraz hitz egiteko duten aukera bakarra», zehaztu du Ibarrak. Arazoak dituzte boluntarioekin: gazteek badakite euskaraz, baina heldu batzuek ez.

Iratik kazetariarekin hitz egin nahi du. 10 urte, LH5eko ikaslea. LH3tik jasotzen du Hazi eta Ikasiren laguntza. «Gustura etortzen naiz; Aitziberrek asko laguntzen dit». Aitziber boluntarioa da, Deustuko Unibertsitateko ikaslea. Iratik etxean gaztelaniaz hitz egiten du. Lagunekin ere bai. Eskolan eta Hazi eta Ikasiko asteroko bi saioetan egiten du euskaraz.

Ordu eta erdia amaitzen ari da. Kriskitin soinua entzun da. Dadoak astintzen ari dira bi mahaitan. Antzara jokoak atera dituzte, eskolako lanetan eten bat egiteko.

Konfiantza eta autoestimua

Boluntarioek ez diete laguntza akademikoa soilik eskaintzen. «Bidelagunak gara», nabarmendu du Amaia Ibarrak. «Gure oinarriek esaten dute haurrak hartu egiten ditugula», gehitu du Fernandezek. Aurrena haien konfiantza eta errespetua lortu behar izaten dute; gero haurrek beren buruarengan konfiantza izaten lagundu, autoestimua indartu. «Hemen ez ditugu baloratzen dakitenaren arabera».

Ikasturteko harremanean denetarik izaten da: poza, etsipena... «Lanerako gogoa behar da, eta garrantzitsuena: pazientzia», esan du Ibarrak boluntarioen lanari buruz. «Haur batzuekin harreman estua sortzen da».

18:45ak dira. Bukatzeko ordua. Guztiak patxadaz atera dira Morlanseko gelatik. Fernandezek gogora ekarri du hezkuntzan lan egiten zuen boluntario batek esana: «Luzera begirako lan bat da; ezin dugu pentsatu epe laburrean emaitzak ikusiko ditugunik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Taldea. Eltziegoko dantzariak, jantzi tradizionalekin. ©BERRIA

Bost dantza ziklo bakarrean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Irailaren 7tik 11ra ospatzen dira Eltziegoko festak, eta irailaren 8an egiten dituzte Ama Birjinaren omenezko dantzak. Bost dantzaz osatutako dantza ziklo oso bat da Eltziegoko dantza. Zortzi dantzarik dantzatu ohi dute, Katximorro pertsonaia lagun dutela.

 ©GOTZON ARANBURU / FOKU

«Furgoneta bidaiariei lana erraztea da helburua»

Ane Insausti Barandiaran

Furgonetan bidaiatzen dutenek sarri «kalitate eskaseko» elikagaiak jaten dituztela uste du Alberdik. Janaria nola garraiatu eta kontserbatu azalduko du, besteak beste, tailer batean.
Erromes bat, Donejakue bidean Donostia eta Orio arteko zatia egiten. ©BERRIA

Erromesak 'Done Euri' bidean

Jakes Goikoetxea

Ez da beste Donejakue bide batzuk bezain ezaguna eta jendetsua, baina erromes askok Kostaldeko bidea aukeratzen dute, paisaiagatik eta eguraldiagatik.
Hainbat ekitaldi egingo dituzte udan Txillida Lekun. ©JON URBE / FOKU

Eguzki izpiak eskulturen artera

Miren Mujika Telleria

Txillida Lekuko udako egitarauak artea, yoga, zinema, musika eta dantza biltzen ditu. Jaialdi handien egoitza ere izango da, hala nola Jazzaldiarena eta Musika Hamabostaldiarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...