KRITIKA. Donostiako 56. Jazzaldia

Ezkor ala baikor?

Cecile McLorin Salvant abeslaria, herenegungo kontzertuan. JON URBE / FOKU.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun

Dave Douglas eta Franco D'Andrea Quartet / Cecile McLorin Salvant

Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: Uztailaren 21a.

Tronpeta hotsen deiak zabaldu du Donostiako 56. Jazzaldiko Trinitate plazako kontzertuen sorta. Dave Douglas tronpeta jotzaile handiarena (Montclair, New Jersey, AEB, 1963) izan da hastapen honen ardura; tronpeta hots natural eta atseginek eman diote hasiera kontzertuari, eta berehala sartu da Franco D'Andrea (Merano, Italia, 1941) bere pianoaren doinu fin eta trebeekin. Jazz heldu, landu, eta dagoeneko klasikoaren melodiak, jokoak eta giroak izan dira kontzertuaren hari nagusia.

Douglasek energia eta kemen handia erakutsi ditu. Tronpetaren maisuak teknika ikaragarria du, eta tresna ondo baino hobeto menperatzen du erregistro guztietan, lehertzera doazen agudo batzuetatik hasi, eta lur aldera igorritako doinu grabeenetaraino, guztiak dotore eramanda. D'Andrearen dotoreziak eta apaltasunak doinu miresgarrietara eramaten gaitu; garaikidea, abangoardia apur bat, eta Europako zigilua gehitzen dizkio amerikar jatorria duen jazzari.

Bi musikari gaztek osatzen dute laukotea: alde batetik, Federika Michisanti talentu handiko italiarrak kontrabaxuarekin, zehatz, sendo eta atsegin; eta, bestetik, Dan Weis estatubatuarrak bateriarekin; erritmo ederrak era sinpleenean jotzen hasi, eta era korapilatsuenetara eramaten ditu bere makilen kolpeekin. Bikaina hasierako kontzertua.

Bestalde, ezaguna dugu Cecile McLorin Salvant (Miami, AEB, 1989), bai Donostiako Jazzaldian, bai inguruko jaialdietan ikusi izan dugulako. Beti bezain zoragarri eta abegikor azaldu zaigu. Bere etxeko atarian hartu gaitu; hori dirudi agertokiak, bere etxeko sarrera, abeslariak azaltzen duen gertutasunagatik eta jarrera naturalagatik, eta auzokoa bagenu bezalaxe sentiarazi gaitu. Hasierako errepertorioan Broadwayko musikaletarako egokiak izan daitezkeen doinuak eta moldaketak erabili ditu, antzezpenetarako izan zitekeen interpretazio egoki eta neurtua emanez.

Ahoskera ikaragarria du, bai ingelesez, bai frantsesez, bai gaztelaniaz abesten duenean. Kultur aniztasun handiko emakumea dugu; aita haitiarra du, ama Guadalupeko jatorrikoa eta Tunisian sortua, eta bera Miamin jaioa eta Frantzian ikasketak egindakoa, musika klasikokoak zein modernokoak. Afinazio perfektua du, eta teknika erabat menperatzeak ez du, inondik inora, bere zeregina zurruntzen; aitzitik, solte aritzen da, natural. Nortasun handia eta berezia du, nahiz eta batzuetan haur jarreraren atzean ezkutatzen den. The World is Mean abestian, bi pertsonaia azaldu ditu, bakoitza berea defendatzen, bien arteko lehia antzeztu eta interesgarria agertuz. Bere burua ezkor gisa azaldu du, baina baikor dela esango nuke nik... Zer ote da? Ezkor? Baikor? Hor dago gaur egun jazzean topa dezakegun abeslari sendoenetarikoa eta musikagile bikaina den emakumea. Amonak erakutsitako kantak abesterakoan, edo bere amak maitalearekin Parisen izandako maitasun istorio eder eta poetikoa kantatzerakoan, bikain azaltzen da, baita espirituala eta bluesa nahasten dituen abesti garratz eta sorgindua abestean ere.

Laguntzen dion musikari bakarra, Sullivan Fortner (New Orlens, AEB, 1986) pianista bikaina da. Oso egoki eta apal laguntzen du; moldaketa zein baino zein ederragoak sortzen ditu teklak arin eta magia handiz zapaltzen dituen bitartean. Trebezia ikaragarria du, eta bien arteko sinbiosia ezin hobea da. Amaiera aldera, biek duo eder bat abestu dute pianoan eserita. Eta McLorinen errepertorioan klasikoa bihurtzen ari den Alfonsina y el mar sakon eta hunkigarriarekin amaitu da kontzertua. Bikoteak 80 minutu ahaztezin eskaini dizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.