Albistea entzun

Alemaniako hauteskundeak

Angela Merkel Joan aurretik santutua

Merkelek Alemanian duen irudi mitifikatua nekez uler daiteke Alemaniatik kanpo. Kargua uztear den kantzilerrak boterea kudeatzeko berezko metodo bat hezurmamitu du: herritarren iritziz, errespetuzkoa, patxadatsua eta harrokeriarik gabekoa.
Angela Merkel, Alemaniako Legebiltzarreko eraikinaren aurrean, Berlinen.
Angela Merkel, Alemaniako Legebiltzarreko eraikinaren aurrean, Berlinen. WOLFGANG KUMM / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Irazabal -

2021eko irailak 26 - Berlin

Politika utziko du, baina berriz ere aurkeztuko balitz bozak irabaziko lituzke. Alde bateko zein besteko herritarrek ez dute zalantzarik. Angela Merkelek inoizko onarpen handienarekin esango die agur alemaniarrei. Kantzilerrak bere aurrekoek —Gerhard Schroederrek eta Helmut Kohlek— lortu ez zutena eskuratu du, hau da, hauteskundeetan inoiz ez galtzea. «Herritarrek bota baino lehenago joan da, eta erabaki horrek biziki borobildu du ez bakarrik haren agintaldia, baita haren legatua ere», adierazi du Franco delle Donne politologoak.

Bozen aurretiko egunetan, Merkeli eskerrak ematen dizkioten kartelak agertu dira Alemaniako kaleetan. Esneki enpresek edota konpainia elektrikoek ordaindutako kanpainak dira. Alemaniarrak hain dira metodikoak, Merkelenganako mendekotasun antzeko bat garatu baitute. Hauteskundeen gaineko informazio puntu baten aurrean, herritar dezente daude alderdien panfletoak hartzen. «Bozetara aurkeztu diren hiru hautagai nagusiak oso ahulak iruditzen zaizkit. Inork ez dit Merkelen segurtasuna transmititzen», esan du Jennifer gazteak. Etorkizun ezezagunak larritasun antzeko bat eragiten die alemaniarrei; hamasei urtez ziurtasun osoan bizi izan balira bezala. Kantzilerrari botoa inoiz eman ez diotenen ahotik ere zaila da kritika zorrotzak entzutea: «Merkelen ideologia babesten ez dudan arren, begirunea diot. Akats asko egin ditu, baina kontsekuentea da aldarrikatzen duenarekin, eta oso bizitza austeroa darama. Ez diote inoiz ustelkeria kasu batekin harrapatu», adierazi du Ancel erretiratuak. Alemaniako Mutti edo amatxoren omenezko publizitate kanpainak oso modu neurtuan eta soilean eginda daude, baina atentzio handia ematen du erretiratzear den gobernuburu baten aldeko esker oneko kartelak ikusteak.

Beti ez da hala izan, ordea. Ana Carbajosa kazetariak Angela Merkel: Crónica de una Era liburuan argi uzten du kantzilerrari asko kostatu zitzaiola politikan errespetatua izatea. CDU alderdi kontserbadorean izena eman zuenean, estralurtar bat balitz bezala tratatu zuten alderdikideek: emakumea, ossi-a —Ekialdeko Alemaniakoa—, fisikaria, dibortziatua —lehen senarraren abizena bereganatu zuen, eta gaur egun ere horixe dauka—, bigarren aldiz ezkondua eta seme-alabarik gabekoa.

Alemaniaren zatiketa politikoa eta geografikoa oso presente egon da Merkelen biografian. Kantzilerra Alemaniako Errepublika Federalean jaio zen, mendebaldean. Baina Alemaniako Errepublika Demokratikoan hezi zen, ekialdean. Haren aita, Horst Kasner, askapenaren teologiarekin harreman estua zuen apaiz luteranoa zen, eta, bere familiarekin, ebanjelizazio misio bat betetzera joan zen ekialdeko Templin udalerrira. Kasner familia oso ezaguna da Templinen. Sven saltzaileak softeis edo izozki leun famatuak egiten ditu merkatuko plazan: «Merkelen aitak nire gurasoak ezkondu zituen, eta oso pertsona ona zen», adierazi du, «baina pribilegiatuak ziren, bada, elizgizonen familiek estatus berezia zuten sistema sozialistan. Kasnertarrek mendebaldera bidaiatzen zuten, eta senitartekoak bisitatzera joaten ziren».

Hala, bi munduen artean bizitzeak, sistema sozialista eta kapitalista ezagutzeak, eragin handia izan du politikan trebatzeko duen metodoan. Adibidez, feminismoa zer den eta nola indarrean jarri behar den erabakitzeko orduan. Merkelek muzin egiten die etiketa guztiei, eta azken unera arte ez du feminismo hitza bere egin. Merkelek ez du katalogatua izan nahi, Delle Donneren iritziz: «Hamasei urte hauetan gaitasun paregabea erakutsi du iritziz aldatzeko, eztabaidaezinak iruditzen zitzaizkion politikak aldatzeko, eta barkamena eskatzeko». Carbajosaren liburuan nabarmentzen da Merkelek 35 urte zituela Berlingo harresia erori zenean eta politikan aritzea erabaki zuenean. Beraz, ez dauka iritzi monolitikorik. «Energia nuklearraren alde zegoen, eta, Fukushimako hondamendiaren ostean, 180 graduko bira eman zuen; politikan kuotak ezartzearen kontrakoa zen, baina azkenean onartu egin zituen. Sistema sozialistan bizi ziren herritarrek ez zuten boto askatasunik, baina, emakumeen kasuan, dibortzioaren, lan berdintasunaren eta halako eskubideen alde ez zen borrokatu beharrik. Berretsita zeuden», erantsi du politologoak.

Edonola ere, Merkelen aroa disekzionatzen ari diren kazetari dezentek uste dute adorea falta izan zaiola. Askok irizten diote olatuaren atzetik joan dela eta ez duela inoiz arriskatu nahi izan. Horiek hala, oposizioko alderdien, Berdeen eta Sozialdemokraten kanpainako aldarrikapen asko bere egin ditu. Oportunista al da? Delle Donnek argi dauka: «Nik esango nuke Merkelen politika ez dela oinarritzen Alemaniaren edo Europaren gaineko ikuspegi edo estrategia handietan. Ez da lider karismatiko bat. Baina badaki alemaniarren gogo aldartea irakurtzen, alegia, gizartea norantz doan interpretatzen. Beti koalizioan gobernatu du, eta haren programa oso moldagarria da». Agian adibiderik esanguratsuena da sexu berekoen arteko ezkontzak onartzeko legea. Merkel kontra agertu zen, parlamentuan ezezkoa eman zuen, baina, jakinda bere alderdiaren, CDUren botoak beharrezkoak zirela araudia onartzeko, askatasuna eman zuen. «Adierazgarriena da homosexualen ezkontzen aurka bozkatuta ere Merkelek bere egin zuela aurrerapauso historiko hori», erantsi du Delle Donnek.

Agian, 2015a izan zen kantzilerrak bere lidergoa bistakoen utzi zuen urtea. Alemaniarrek ondo gogoratzen dute uda hura. Nazioarteko iritzi publikoak Berlinek Greziarekin izandako jarrera gupidagabea kritikatzen zuen bitartean, Alemaniako herritar gehienek txalotu egin zuten kantzilerraren esku gogorra. Merkelek Atenasi botatako hordagoa argia izan zen: edo gure akordioa berretsi, edo eurotik atera. Alexis Tsiprasen gobernuak etsipenez onartu zituen murrizketa berriak. Austeritatearen unerik gogorrenak ziren, eta uda hartan berriz ere bistaratu zen zorpetzeak alemaniarrei eragiten dien alergia. 2008ko finantza krisiak eztanda egin zuenetik, Merkelen mantra izan da herritarrei gogora ekartzea beren aurrezkiak salbu daudela. Baina austeritate ekonomikoa zeharo lurperatuta geratu den pandemiaren garai berrian, kantzilerrak ez du Greziarekin eta Europa hegoaldeko beste hainbat herrialderekin izandako jarreragatik alhadurarik erakutsi. Alemanian, gainera, ia inork ez dio konturik eskatu.

Edonola ere, 2015eko abuztuan beste fenomeno batek aldatu zuen Merkelen aurpegia, eta zeharo nahasita utzi zuen Alemaniako iritzi publikoa. Errefuxiatuen dramak Europako ateak jo zituen, eta kantzilerrak milioi bat asilo eskatzaile baino gehiago hartzeko agindu zuen. Ordukoa da, ziur aski, historiara pasatuko diren Merkelen esaldietako bat: «Larrialdi egoeran gure aurpegirik abegitsuena erakusteagatik barkamena eskatu behar badut, orduan, hau ez da nire herrialdea». Alemaniak errefuxiatu siriarrak hartu zituen bereziki, eta gehienek goi mailako ikasketak zituzten. Batzuentzat ez zen kasualitatea izan. Berlingo lan agentziako datuek diote populazioaren zahartzearen ondorioz herrialdeak urtero 400.000 migratzaile kualifikatu behar dituela ekoizpen erritmoari eusteko. Halere, Merkelen onarpenak behera egin zuen, eta eskuineko oposizioak, batez ere haren alderdiaren barrukoak, gupidarik gabe kritikatu zuen. «Ate irekien estrategiak ondorio politikoak izan zituen, baina oso erlatiboak. 2017ko bozetan babes gutxiago eskuratu zuen Merkelek, baina hauteskundeak aise irabazi zituen. Sei urteren ostean, errefuxiatu horietako %49 lanean daude, kontratu mugagabearekin», gogoratu du Delle Donnek. Refugees Welcome mugimenduko Arne Becker askoz kritikoagoa da, ordea: «Kuriosoa iruditzen zait Merkel 2015eko ate irekien politikagatik gogoratzea, eta ez 2016an Turkiarekin mugak ixteko sinatu zuen akordio lotsagarriarengatik».

Azken asteetan, hamaika inkesta publikatu dira alemaniarrei galdetuz kantzilerraren zer ezaugarri nabarmentzen dituzten. Gehien errepikatu diren hitzak egonkortasuna eta segurtasuna dira. Bundestagen edo parlamentuaren aurrera hainbat herritar hurbildu dira Merkelen azken diskurtsoa entzutera. Hamasei urte igaro dira kantzilerrak lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenetik. Horrek esan nahi du belaunaldi oso batentzat Merkelek ordezkatzen duela boterea. «Non topatuko dugu Vladimir Putini aurre egiteko gai den beste kantziler bat?», uste du parlamentuaren kanpoaldean dagoen gizon zahar batek. Atzerri politikak oso espazio txikia bete du hauteskunde kanpainan, baina alemaniarrentzat, batez ere ekialdeko adinekoentzat, Errusia ez da kanpo politika.

Merkelen metodoa oso argi geratu da Alemaniak munduan izan behar duen rolaren inguruan. Kantzilerrak europeismoa aldarrikatu du, baina, Errusiaren eta Txinaren kasuan, oso abila izan da politika eta ekonomia banatzen. Alemania trantsizio energetikoan murgilduta dago, eta Errusiako gasaren mendeko bihurtu da. Berlinek zentral nuklearrak itxiko ditu 2022an, eta ikatza ekoizteari utziko dio, asko jota, 2038an. Baina energia berriztagarrien ekoizpenak ez ditu behar guztiak asetzen. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasuneko estatu kide askoren aurrean, Merkelek sutsuki defendatu du Errusiako gasa inportatzeko NordStream2 gasbidea eraikitzeko proiektua. Lanak amaituta daude, eta hodi kilometrikoek Errusia eta Alemaniako Lubmin udalerria batzen dituzte, Itsaso Baltikoa zeharkatuz. NordStream2 gasbideak 55.000 milioi metro kubiko gas inportatuko ditu urtero.

Halere, Merkelen aroaren ikur nabarmena da eskuin muturra politikoki bakartzeko erabakia ere. Haren legealdian AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra Bundestagen eta estatu federatuen parlamentuetan sartu da. AfD 2008ko finantza krisiaren biharamun euroeszeptikoan jaio zen, eta, 2015eko errefuxiatuen etorrerarekin, xenofobiaren bandera altxatu zuen. Merkelek inposaturiko osasun hesia oso gogorra izan da, baina zer gertatuko da kantzilerra izateari utziko dionean? «Datorren legealdiko erronkarik handienetako bat izango da eskuin muturrari ezarritako bakartze instituzionala mantentzea; izan ere, Merkelen eskuinean dauden alderdikide askok jarrera leuna dute», adierazi du Delle Donnek. Hori da, hain zuzen, Merkelen aroaren beste ondorio bat. Gobernatzeko berezko modu merkelistak zeharo galduta eta desorientatuta utzi du haren CDU alderdia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. ©STRINGER / EFE

Militarrek diote trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla

Ander Perez Zala

Al-Burhanek defendatu du Sudanen ez dela estatu kolperik izan, eta azaldu du «laster» gobernu berri bat izango dela; Kontseilu Subiranoak dio hark duela «autoritate legitimoa» oraindik ere. Armadak gutxienez zazpi lagun hil ditu manifestazioetan.

Scott Morrison, Australiako lehen ministroa / ©Mick Tsikas, EFE

2050erako karbono neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu du Australiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Neutraltasuna lortzeko, 12.924 milioi euroko inbertsioa egingo dute teknologia garbietan 2030era arte. Horrez gain, eutsi egingo diete 2030erako jarritako helburuei, hau da, isuriak %28ra murriztea 2005ekoekin alderatuta.

Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena izan zen 2020an

Gorka Berasategi Otamendi

Karbono dioxidoaren zenbatekoa %149 handitu da industrializazio aurreko garaikoarekin alderatuta, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Estatuak Parisko helburuetatik «oso urrun» daude

Estatu kolpea salatzeko eta gobernuari elkartasuna adierazteko atzo Khartumen egindako protestetako bat. ©MOHAMMED ABU OBAID/ EFE

Sudanen, militarrek estatu kolpea eman dute, eta gobernua desegin

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.