Euskal Herria testuliburuetan. Ipar Euskal Herria

Liburuetan ez den herria

Frantziako Hezkuntza Ministerioak finkatutako programak segitzen dituzte Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastetxeetan. Horietan, Euskal Herriari ez zaio aipamen bakar bat ere egiten. Irakasleen esku da egokitzapena.

Ikas-ek Frantziako argitaletxeen liburuak itzuli izan ditu. Historia-Geografian ez dute gehiago egiten. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Zer ikasten du Euskal Herriari buruz Ipar Euskal Herriko kolegio batean izena emana duen ikasle batek? Frantziako Hezkuntza ministerioaren programak hertsiki segitzen dituen irakasle bat badu parean, labur erantzun daiteke: ezer ere ez. Urteetan, frantses hutsean idatzitako ikasliburuak eraman izan dituzte bizkar gainean Ipar Euskal Herriko haurrek, edozein izanik ere irakaskuntza sarea. Azken urteetan, Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuak itzulpen lan andana egin du, eta, berriki, Euskal Herria kontuan hartzen duten materialak lantzen hasi da. Baina, egunerokoan, irakasleen esku gelditu ohi da Parisen idatzitako programak egokitzea.

Frantziako Estatuaren parekoa da Frantziako Hezkuntza ministerioa ere: zentralizatua. Parisen erabakitzen dituzte programak, eta horiek dira Frantziaren meneko lurralde orotan irakatsi beharreko edukiak. Argitaletxe nagusi batzuk arduratzen dira materiala sortzeaz: hala nola Belin Education, Bordas, Hachette, Hatier, Magnard eta Nathan. Irakasle bakoitzaren gain da zer material erabili erabakitzea. «Eduki batzuk biziki markatuak dira politikoki. Gizarte Heziketan, Frantziako Errepublikaren sinboloak erakutsi behar dizkiegu ikasleei, adibidez», azaldu du Maite Urmeneta Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko Historia-Geografia irakasleak. «Frantziako argitaletxeen materialetan, Euskal Herria ez da existitzen», adierazi du. Ministerioak onartutako programan ez dago Euskal Herriaren inolako aipamenik. «Irakasleak tokiratu dezake, adibideen bidez». Izan daiteke Lehen Mundu Gerla aipatzean Euskal Herriko soldadu baten gutuna hartzea adibidetzat, edo metropoliak lantzean Bilbo ere aipatzea; baina Frantziako hamar metropoliak ezagutu beharko ditu ikasleak derrigor. «Gai guziekin ez da erraza, eta irakaslearentzat lan handia da materiala bilatzea, biltzea, itzultzea... Irakasleak bere aldetik egiten ez badu, maiz, ez da egiten», Urmenetaren hitzetan.

Eta Hego Euskal Herrian sortzen den materiala erabiltzea ere ez da posible, programak oso desberdinak baitira. «Haiek Karlistaldiak lantzen ari direlarik, gu Frantziako Iraultza lantzen ari gara; gerla zibila lantzen ari direlarik, gu mundu gerlak lantzen ari gara», azpimarratu du. Orokorrean, ikasgai bakoitzean eskatzen diren gaitasunak ere oso desberdinak dira. Gaur egun, Ikas-en ere ari da lanean Urmeneta, Frantziako Hezkuntza ministerioaren programari jarraikiz Euskal Herriko historia unibertsala lantzen duten edukiak sortzeko.

Itzulpena, egokitu gabe

Ikas-ek urteak daramatza euskarazko material pedagogikoa sortzen, izan haurren, nerabeen edo helduen irakaskuntzarako. Lehen eta Bigarren Mailako ikasleei begira, Frantziako argitaletxe nagusienetako argitalpenak itzultzea izan da azken urteetan eraman izan duen lanetako bat. Baina hor ere muga bat dute: egiletza eskubideak. «Frantziako argitaletxe baten liburu bat itzultzen dugularik, ezin dugu inolako egokitzapenik egin Euskal Herriko erreferentziak txertatzeko», esplikatu du Elise Dillet Ikas-eko dokumentalistak. Hau da, Matematikako ariketa batean Paris eta Lyon (Frantzia) arteko bidaia egiteko zenbat denbora behar den kalkulatzeko eskatzen bada, ezin dute bidaia hori Gasteiz eta Baiona artekoa bilakatu.

Beste arazo bat ere badute: Frantziak oso maiz aldatzen dituela programak. «Anitzetan, guk itzulpena egiterako, liburuak ez du gehiago balio», deitoratu du Dilletek. Historia-Geografiako materialarekin gertatu izan zaie nagusiki; horregatik, ikasgai horretan itzulpen lan gehiago ez egitea erabaki zuten. «Eduki digitalak lantzen ditugu gero eta gehiago. Horrela, irakasleak badu aldatzeko gaitasuna». Fisika-Kimikarako, adibidez, itzulpena gabe, osoki sortu dituzte liburuak. Hobetzeko anitz bada ere, urteetan izan den bilakaera azpimarratu du Urmenetak: «Gure haurrek erabili izan dituzten liburuak frantsesez ziren, eta horrek euskara bigarren mailako hizkuntza gisa ezartzen zuen. Orain, gutxienez, batzuk euskaraz dira».

Euskara ikasgaia

Irene Noriegak irakaskuntza pribatuan egiten du lan, euskara irakasle. Material hautaketa nola egiten den esplikatu du. «Normalean, ikasgai bera ematen duten irakasleak batu ohi dira, eta elkarren artean erabakitzen dute maila bakoitzerako zer material erabiltzen duten». Sail elebidunean ikasgaiak euskaraz ematen dituzten irakasleak bakarrik gelditu ohi dira. Ikas-en barruan egin ohi dute saretze lan hori: hiru sareetako -Seaska, publikoa eta pribatu katolikoa- irakasleak biltzen dituzte edukiak gogoetatu eta lantzeko. Izan ere, hiru sareetan erabiltzen dituzte Ikas-ek sortutako euskarazko materialak. «Berez, ezerk ez du behartzen euskaraz ari den irakasle bat euskarazko materiala erabiltzera. Ikastetxe anitzetan, zuzendariak ez daki irakasleak zer material erabiltzen duen ere», ohartarazi du Noriegak.

Funtsean, euskara irakasleak dira ikastetxeetan Euskal Herriaren ikusgaitasuna bermatzen dutenak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du zehaztua zer eduki eman behar duten. «Hizkuntza eta literatura lantzeaz gain, Euskal Herriko historia eta kultur transmisioa ere egiten ditugu». Baina, noski, eduki hori ikastoletako eta sail elebidunetako ikasleek baizik ez dute jasotzen. Gainerako ikasleentzat, eskolako liburuetan ez den herria da Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.