Espetxe eredua. Kanpoko erreferentziak

Zigorretik konponbideetara

Munduan, eta Europan bereziki, espetxe eredu ugari daude, eta badago nondik ikasi eredu propioa diseinatu nahi bada; aniztasun horretan, badirudi joera dela espetxea «azken aukera gisa» hartzea eta gizartzeratzea bultzatzen duten bideak lehenestea.

Lledoners espetxearen eraikinak, Katalunian. JORDI SALINAS.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ikusteko dago zer baldintzatan egingo den espetxeen eskumenaren transferentzia Espainiako instituzioetatik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara Nafarroako Gobernuak ere badu eskumen hori eskatzeko asmoa, baina badirudi horrek luzeago joko duela, eta noraino izango duen Jaurlaritzak eredu propio bat garatzeko aukera. Edonola ere, arduradun berriek badute zeri erreparatu eta nondik ikasi: munduan ugariak dira espetxeen arloan bildutako esperientziak, eta ereduak ere ez dira gutxi, autoritarioenetatik gizarteratzea xede bakar duten sistemetara.

Aniztasun horretan, herrialde askotan joera da askatasuna kentzeari bestelako aukerak bilatzen saiatzea. Norbait gizarteratzeko gizartetik urruntzea oso logikoa ez dela jakitun, ikuspegia aldatzen saiatzen ari dira zenbait lekutan, eta zigor hutsetik delinkuentzia sustatzen duten arazo eta gabezien konponbideetara pasatzen. Horretan, Eskandinaviako herrialdeak bereziki Norvegia eta Finlandia, baina Suedia eta Danimarka ere bai eta Herbehereak dira aitzindariak.

Espetxe eredu propioa garatzeko bidean, Katalunia ezinbesteko erreferentzia da Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat. Han ere, Espainiaren esku zegoen espetxe arauak gauzatzeko ahalmena, eta tokiko erakundeetara igaro zen eskumena. Ñabardura garrantzitsu batekin: Katalunian prozesu hori 1983an hasi zen 1983ko abenduan sinatu zuten, eta eskumena 1984an eskualdatu zen, eta, hortaz, ia 40 urteko bidea egin dute hango espetxe erakundeek.

Amand Caldero (Bartzelona, 1959) Kataluniako Generalitateko Zigor Neurri, Gizarteratze eta Biktimari Arreta Emateko idazkaria da. 2019tik dago ardura horretan, urte hartan aldatu baitzen Kataluniako espetxeen arloko instituzio egitura, baina lehenago ere Espetxe Zerbitzuetako zuzendari nagusia izan zen, eta bide luzea egin du Kataluniako administrazioan. Espetxeen arloan ere eskarmentu handia du, 1984an boluntario gisa gazteentzako kartzelan lanean hasi zenetik.

Dioenez, eskumena garatzen hasteko prozesua «zaila» izan zen, egoera ere halakoa zelako: «Jaso genituen espetxeak zaharkituta eta masifikatuta zeuden, aurrekontua murritza zen, langileak gutxi ziren, tratamenduan aritzen ziren profesionalak oso urriak, gatazka maila handia zegoen eta osasungintza, elikadura eta bestelako zerbitzuetan ere egoera oso eskasa zen. Zazpi espetxe jaso genituen, eta argi ikusi genuen planifikazioa egin behar zela».

Planifikazio horren ondorioz, 1989an Quatre Caminseko espetxea ireki zuten Bartzelonan. Orain bederatzi espetxe arruntek, erregimen irekiko lau zentrok, erietxe batek eta zentro psikiatriko batek osatzen dute Kataluniako espetxe sistema. Babestutako lau unitate ere badituzte, hots, hirugarren graduan daudenentzako etxebizitzak.

Sistema propioa

Kataluniako Generalitateak «espetxe zerbitzuen kudeaketa, antolaketa eta exekuzioa» hartu zuen bere gain, baina legeak egiteko ahalmenik gabe: legezko esparruek Espainiako Zigor Kodea eta Espetxeen Lege Organiko Orokorra izaten jarraitzen dute. Jaurlaritza egoera berean egongo da. Autonomia maila hori nahikoa al da espetxe sistema propioa eratzeko?

Caldero baiezkoan dago: «Gure asmoa, nazio gisa, geure zigor kodea eta geure espetxe legea izatea litzateke, baina eskumenak jarduteko tartea ematen digu, eta gure eredua sortu ahal izan dugu».

Eredu horren ezaugarri nagusia, Calderoren hitzetan, «gizarteratzearen aldeko hautua» da: «Espetxe arloan lan egiten duten profesional guztiek xede hori izan behar dute». Azpiegituren aldetik, irizpidea «modulu txikiak» egitea da, «gehienez 100 edo 120 pertsonarentzat, bakoitzaren tratamendu indibidualizatua ahalbidetuko dutenak. Profesionalak presoekin kontaktuan nahi ditugu». Egun, 5.630 profesional ari dira lanean Kataluniako espetxeetan.

Beste ezaugarri bat «irteteko baimenekin lan egitea» da, Calderok dioenez. Orain, presoen%28 ari dira zigorra erregimen irekian betetzen: «Komunitatera arian-arian itzultzeak asko apaltzen du delitua berriro egiteko aukera, eta ikerketek hala erakusten dute. Komunitatera itzultzeko prozesu horretan jokatzen da prozesu osoaren arrakastaren edo porrotaren zati handi bat».

Baina eskumenak ez du nahi den guztia egiteko baimena ematen: «Guk uste dugu epaiak gauzatzeko beste bide batzuk bilatu behar direla: bitartekaritza, justizia errestauratiboa, eta espetxera sartzea ez dakarten bestelako neurri alternatiboak. Kartzelak azken aukera izan beharko luke. Gure espetxeetan ia 7.900 pertsona daude, eta ziur gaude horietatik gutxienez mila inguru bestelako neurriekin egon zitezkeela espetxera sartzeko beharrik gabe, baina horretarako zigor kodea aldatu beharko genuke, edo gure zigor kode propioa eduki».

Beste errealitate batzuk

Beste eredu batzuk daude, eta hori badaki Jesus Guerrerok (Bilbo, 1966). Psikologoa da, eta espetxeen arloan lan egin du beti; azken urteetan nazioarteko aditu gisa ere jardun du, eta zenbait herrialdetako espetxeen errealitatea aztertu du. Adibidez, Kroazia eta Georgiarako batzordeetan parte hartu du, eta orain Turkiako espetxeak aztertzen dituen proiektuan dago lanean.

Hortaz, nazioarteko beste espetxe eredu batzuk ezagutzen ditu Guerrerok, baina, dioenez, «egin behar ez denaren adibide» dira eredu horiek, aintzat hartzeko moduko erreferentzia baino gehiago. Hurbiletik aztertu dituen hiru herrialde horien kasuan, behintzat, Guerrerok ezaugarri bat nabarmentzen du: presoekin egiten den lana «hemen baino askoz murritzagoa» dela, «maila guztietan: profesionalek presoekin duten kontaktuan, erabiltzen dituzten programetan, azpiegituren kalitate eskasean eta abarretan; ez dute esku hartzeko ohiturarik, haien tradizioa gehiago da zaintza eta zigorra».

Eredu positiboak nabarmentzerakoan, Guerrerok, aditu gehienek bezalaxe, Europako iparraldeko herrialdeak aipatzen ditu:«Finlandian, esaterako,epe luzeko irtenbidea bilatu zuten, eta estrategia bat adostu zuten osasun sistemarekin, hezkuntza sistemarekin, justiziarekin, etxebizitza arloarekin eta abarrekin. Denen artean epe luzeko plan bat diseinatu zuten bazterketa eta delinkuentzia tasak jaisteko. Eta lortu dute».

Guerrerok uste du «estrategia orokor hori» dela bide egokia: «Espetxea ez da irla bat, ez da gizartetik aparte dagoen zerbait. Espetxea denon porrotaren isla da. Ez da funtzionarioen kontua, edo politikariena, edo epaileena. Jendea espetxera iristen da denok porrot egin dugulako: oinarrizko zerbitzuek, irakaskuntzak, osasun arloak, eta gizarteak oro har. Hori ulertzen ez dugun bitartean, ez dugu aurrera egingo, eta Finlandian ulertu dute».

Estibaliz de Miguel Calvo (Barakaldo, Bizkaia, 1974) soziologoa eta EHUko irakaslea da, eta asko ikertu du kartzelen gaia, bereziki preso emakumeen egoera. Hark ere Eskandinaviako herrialdeak aipatzen ditu: «Suedian eta Finlandian, hasteko, askoz preso gutxiago dituzte. Beste aldetik, aukera gehiago daude han unibertsitate ikerketak egiteko, gizarteratze programa gehiago ezartzen dira, eta horrek guztiak apaltzen du kartzelak zigor gisa sortzen duen kaltea».

Hala ere, uste du zenbait herrialdetako eredua besteekin alderatuta hobea izateak ez duela espetxearen «idealizazioa» ekarri behar, eta beharrezkoa dela ikuspegi kritikoari eustea: «Nire ustez, espetxe sistemarik onena zera da, existitzen ez dena. Angela Davisek zioen moduan, espetxe zigorra ezin da uztartu demokraziarekin».

De Miguelek uste du beharrezkoa dela bestelako alternatibak bilatzea, baina, horretarako, bi baldintza behar-beharrezkotzat jotzen ditu: «Alde batetik, modu ez-bortitzak eta ez-zigortzaileak bilatu behar ditugu gatazka sozialak konpontzeko, hau da, arazoak zigorrik, kontrolik, poliziarik eta antzekorik erabili gabe konponduko dituzten praktikak bilatu behar ditugu. Eta, beste aldetik, egiturazko desberdintasunen arazoari heldu behar diogu».

«Ezin dugu ahaztu espetxeak gureak direla», esan du De Miguelek. «Agian eskumenaren transferentziarekin gehiago sentituko ditugu geure, baina espetxeak daude guk, gizarte gisa, espetxeak egotea ahalbidetzen duten zutabe batzuk sostengatzen ditugulako. Ardura bat badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.