Koronabirusa

Koronabirusagatik 45 gaixo hil dira azken 24 orduetan; krisia hasi zenetik, 994

Beste 481 lagun gaixotu dira, eta guztira 14.357 kutsatu dira. Madrilek maskarak erabiltzea gomendatu du jende pilaketak dauden lekuetan

Gasteizko Txagorritxu ospitalearen ataria. DAVID AGUILAR / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gorantz jarraitzen dute koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopuruek. Euskal Herrian 45 pertsona gehiago hil dira azken orduetan, eta 994 dira guztira. Infektatuak, berriz, 14.357 dira; horietako 481, berriak. Ospitaleratuen kopurua da zenbaki baikorretako bat: ostiralean 1.892 gaixo zeuden ospitalean eta atzo 1.833, hau da, 59 gutxiago.

Lurraldeei erreparatuta, Bizkaian dago kutsatu gehien. Hain zuzen, 5.651 laguni erasan die gaitzak bezperan baino 259 gehiagori, eta horietako 893 daude ospitalean. Nafarroan 3.817 kasu daude (+69), horietako 1.641 erietxean. Araban, berriz, 2.990 pertsona (+82) kutsatu dira, eta horietako 219 ospitaleratu behar izan dituzte. Kasu gutxiago daude Gipuzkoan: 1.874 pertsonak eman dute positibo (+71), eta horietako 269 erietxean artatzen ari dira. Ipar Euskal Herriko datuak, aldiz, ez daude eguneratuta, baina gutxienez 21 pertsona kutsatu dira Lapurdin eta bina Zuberoan eta Nafarroa Beherean.

Heriotza gehienak ere Bizkaian izan dira: 394 pertsona zendu dira han ostegunean baino hamazazpi gehiago. 254 pertsona hil dira Araban (+9), 227 Nafarroan (+9), 117 Gipuzkoan (+10), bat Lapurdin eta bat Zuberoan.

Egunero bezala, datuen berri eman zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak berretsi zuen «joera aldaketa» antzeman daitekeela datuetan. «Proba gehiago egiten ari gara, eta logikoa da kasu gehiago baieztatzea», erantsi zuen. Hain zuzen, atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak beste 58.800 test azkar helaraziko dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horiei duela egun batzuk banatu zituen milioi bat gehitu behar zaizkie. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, aldiz, azaldu zuen martxoan eta apirilaren hasieran herenera jaitsi direla delitu salaketak, eta etxeko indarkeria eta genero indarkeria salaketek ez dutela gora egin. Nabarmendu zuen Ertzaintza telefono deien eta bisiten bidez jarraipen berezia egiten ari dela bortizkeria horien biktimei laguntzeko.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria ere baikor agertu zen: «Datuek erakusten dute bide onetik goazela». Egungo fasea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen, eta bidea orain arteko «zorroztasunarekin, zuhurtziarekin, lasaitasunarekin eta ardurarekin» egin behar dela.

Maskarak gomendatuta

Etzi lanera itzuli beharko dute oinarrizkoak ez diren jardueretan diharduten langileek. Neurriak eragin dituen zalantzen harira, Espainiako Osasun Ministerioak esan du «eraginkorra eta nahikoa» izango dela hasierako konfinamendu fase horretara itzultzea. Halere, Salvador Illa Osasun ministroak maskak erabiltzea gomendatu die langileei. Ez dira derrigorrezkoak izango, baina bai gomendagarriak jende asko pilatzen den lekuetan; esaterako, garraio publikoan eta segurtasun tartea mantendu ezin den lanpostuetan. Dena den, maskak erabiltzea baino garrantzitsuagoa da, Illaren arabera, higiene publikoa eta pertsonala zaintzea.

Beste neurri bat ere iragarri du Madrilek: hamalau egun gehiagoan kontrolak jarriko dituzte Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.