Gipuzkoako Aldundiko lokalen garbitzaileak, greba mugagabean

jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Euleneko langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 6an, negoziatzen ari diren lan hitzarmenean KPIaren igoera bermatzeko. Langileek argi utzi nahi dute KPIa igo gabe ez dela akordiorik egongo, eta ziurtatu dute «borroka horrekin amaierara arte» jarraituko dutela. Hemeretzi greba egun egin dituzte orain arte.

Horren berri emateko protesta bat antolatu zuten atzo aldundiaren egoitzaren aurrean, ELAk, LABek eta ESK-k deituta. Sindikatuek azaldu zutenez, urtebeteko negoziazioaren ondoren, Eulenek 2021erako soldatak izoztea proposatu die, eta 2022rako %1,5 igotzea eta 2023rako %1,75. Salatu zuten proposamen horrek ez duela loturarik KPIarekin. Gogoratu zuten garbiketa lanak «oraindik ere funtsezkoak» direla. Sindikatuen iritzian, «lotsagarria» da soldata izoztea.

Era berean, ohartarazi zuten aldundia «bere arma guztiak» erabiltzen ari dela greba oztopatzeko. «Beste behin ere, administrazio publikoak esku hartu du langileen interesen aurkako eta patronalaren interesen aldeko gatazka batean: administrazio publikoarentzat eta enpresa pribatuarentzat gutxieneko zerbitzuak dekretatzeko baino ez gara funtsezkoak».

Protestan, azpimarratu zuten eraikinen garbiketaren sektoreko langileak emakumeak direla batik bat. «Oraindik ere emakume pobre ikusezin horiek gara, eta ez dugu eskubiderik soldata duinik izateko, ezta KPIari lotutako soldata igoerarik izateko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.