begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemak 'macht frei'?

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Atzo estreinatu zen gurean. Polonieraz. Euskarazko azpitituluekin. Atzo. Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Bihar. Bihar izango da ikusgai. Bilbon. Jatorrizko polonieraz. Euskarazko azpitituluekin. Museoan. Arte Ederretakoan.

Wanda Jakubowskaren Ostatni Etap filmaz ari natzaizue. 1948koa. Naziek eraikitako herio-industriaren inguruan eta inguruetan jo eta ke, buru -belarri, neke eta min handiz, iraganeko, gaurko eta biharko baliabideekin, ikertzaile dabiltzan horiek askotan aipatua. Dachau, Treblinka, Mauthausen, Buchenwald eta horiek bezalako beste hainbat lekutan gizakion miserien nondik norako sinestezinak aztertzen dituzten horiek beti dute ezpainetan Wanda Jakubowskaren lan preziatu hori. Etengabe darabilte erreferentzia, atsedenik sekula hartuko ez duten mamuek setiaturik, Europako lurretan 1939-1945 artean gertatu zena ulertzen saiatzen diren Historia detektibe horiek. Konprenitzerik ez dagoena entenditu nahi eroak bultzaturik idazten dutenek.

Orok aipu, orok alabantzetan. Gutxik ikusita, alta. Atzo izan zuten aukera Donostian. Eta bihar Bilbon. Tabakaleran. Museoan. Ostatni Etap, Azken Etapa. Wanda Jakubowskak filmatua. Berak eta Gerda Scheinderrek idatzia. Bigarren Mundu Gerra bukatu berria zela, kontzentrazio esparruak itxi berriak zirela. Karlovy Varyko zinemaldian Kristalezko Kopa eskuratu zuten Wandak eta Gerdak. Baina horrek ez zuen izan eta ez du garrantzi handirik filmaren patuan.

Bestelako istorioak dira film hau beste askok lortu duten goien gradura altxatzen dutenak. Altxatu eta haratago, gorago eraman ere. Wanda Jakubowska komunista poloniarra zen. Emakumea, jakina. Zinemak hartua, jota, zoratua. Zinema zuen ofizio. Eta arma. 1938koa da bere lehen filma zuzendari gisa. 1988koa azkena. Naziek Polonia bereganatu bezain pronto sartu zuten Wanda Auschwitzen. Komunista zelako. Poloniarra zelako. Eta agian, nork daki?, emakumea zelako.

Urteak eman zituen bertan Wandak. Badakizue Herioari berari beldurra eragiten zion eremu hartako atarian bazela esaldi barbaro bat, Arbeit macht frei, Lanak libertatea dakar (edo). Badakizue, hantxe gertatutakoaren berri izan orduko, Adornok esan zuela poesia ezinezkoa zela jada. Badakizue beste hamaikak alderantziz pentsatu zutela, eta ozen aldarrikatu Auschwitz eta gero poesia inoiz baino beharrekoagoa, inoiz baino ezinbestekoagoa suertatzen zela.

Han eutsi zion biziari Wandak. Gogor. Gizakiok asmaturiko basakeriarik handienaren artean. Ez dugu idatziko parekorik ez duen basakeria zenik. Auschwitz aurretik gizakiak gizakia birrindu baitzuen. Kongon, Armenian. Auschwitz eta gero gizakiak gizakia akabatu baitzuen. Matxetez, tiroz, emakumeak bortxatuz: Balkanetan, Txetxenian, Ruandan. Baina han, Auschwitzen, Heriotza industria bilakatu zen: Produktuaren Garraioa (Logistika). Produktuaren Sailkapena. Produktuaren Etekinen (harribitxiak, maletak, ilea...) Bilketa. Produktuaren Sakrifizioa (gas ganberetan). Produktuaren hondakinen (gorpuen) errausketa... Filmaren irudi batean kea baino ez da ikusten gau beltzean. Etorri berriak ez daki zer dela eta; aspaldiko Auschwitzeko biztanleak ez du, ordea, dudarik: Denok izango gara, berandu baino lehen, kea...

Wanda Jakubowskaren esanetan, bizirik iraun zuen jakin bazekielako bizitako espantu hori kontatu behar zuela. Kamera batez. Ikusten, sufritzen zuen guztia irudi bihurtzen zuen bere baitan.

Gerra bukatzear zela sartu ziren aliatuak Auschwitzen, ezer ez zekiten plantak egiten... Eta Wanda aske geratu zen. Aske, zauritua gorputzez eta arimaz. Baina handik gutxira bueltatu zen esparrura. Auschwitzera itzuli. Esandakoa betetzera: Auschwitz filmatzera. Beste batzuek zituzten hartuak bertan irudiak, bai. Mundua bihotza bete dar-dar utziko zutenak. Baina erreportari horiek ez ziren biktimak, ez ziren lekukoak. Wanda bai. Baita Gerda Schneider gidoigilea ere. Biak bueltatu ziren. Eta sortu zuten pelikulak eragin zuzena izan du denok miresten ditugun hainbat zeluloidezko mirari organikoetan. Laszlo Nemesen Saul fia-n esaterako. Biak dira oso lan fisikoak, biei darie kirats bera, biak zikintzen ditu zaborrak berak. Antzekoak dira bietan zeluloidea erretzen duten sugarrak...

Jakubowskaren kamerak eredu ditu Eisenstein, Pudovkin eta Alemaniako espresionismoa. Wandak eta Gerdak bazekiten zer kontatu eta nola. Eta lortu zuten.

Baina ahanzturak estali zuen filma. Eta komunista izateaz damu ez zen Wandak ez zuen kabidarik Polonia berrian. Denek aipatzen zuten bere lana, baina gutxik zuten ikusia. Poloniako Gobernuak berak errezeloz hartzen zituen zinemazale/ikertzaile atzerritarren ahaleginak, pelikula berreskuratzeko. Baina Donostian izan da. Eta Bilbon izango da. Ikusgai. Wanda eta Gerda Auschwitzera bueltatu zirelako. Atariko esaldiari buelta emanda, bai, zinemak macht frei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.