ONDAREARI DINAMITA

Balio arkeologikoa duten koba andana dago Euskal Herrian. Gaur Koben Nazioarteko Eguna izaki, horietako batzuk bisitatzeko aukera dago. Baina ez da bisitarik izango Alkerdin eta Praileaitzen, esaterako. Ondoan dituzten harrobiak direla eta, bi aztarnategi horiek arriskuan daude.

Praileaitz aztarnategiak 50 metroko babes eremua bakarrik du. S. SAN JOSE.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ekain, Santimamiñe, Praileaitz, Altxerri, Erlaitz, Alkerdi, Aitzbitarte... Kalkula ezina den ondare arkeologikoa duten Euskal Herriko haitzuloetako batzuk dira horiek. Garai hartako gizakia nola bizi zen ulertzeko, altxorren gordailu dira horietako asko eta asko. Hala ere, gizakiaren esku hartzea dela eta, ondarea galdu egin da edo galtzeko arriskuan dago, Urdazubiko (Nafarroa) Alkerdi eta Debako (Gipuzkoa) Praileaitz kasurako. Alboan dituzten harrobien jarduera ekonomikoaren eta ondare arkeologikoa babesteko beharraren eztabaida plazaratu da azken urteetan. Tokian tokiko gobernuek eta justiziak izan dute azken hitza.

Gaur Koben Eguna ospatuko dute Urdazubiko Ikaburu leizean, besteak beste. Urtean milaka bisita jasotzen ditu. Baina herrian bertan badira bisitatu ezin diren haitzuloak, Zelaieta eta Alkerdi esaterako. Azken hori 1996. urteaz geroztik itxita dago. Duela bi urte arte, urdazubiar askok ez zuten Alkerdin zegoen «altxorraren» berri. Hala aitortu du Patxi Iriarte SOS Alkerdi elkarteko kideak. 2014ko uztailaren 15ean piztu ziren alarma guztiak. Haitzulo ondoan dagoen harrobian, leherketa handi bat izan zen, aurretik izan zirenak baino gehiago entzun zena. Inguruko etxeetan sumatu ahal izan zuten zartako handi hura, besteak beste lehertutako harri puskak azaldu baitziren etxe batzuetako atarietan. Ia duela bi urte gertatutakoagatik, harrobiaren ustiapena geldituta dago, ondare arkeologikoa «arriskuan» dagoelakoan.

1930. urtean aurkitu zuen Alkerdi koba Norbert Casteret arkeologo frantsesak. Animalia forma zuten bost irarlan topatu zituen. Baina, 2014ko martxoan, Koben Nazioarteko Eguna zela profitatuta, arkeologo talde bat sartu zen Casteretek egindako plano batzuez lagunduta. Pertsona bat justu-justu sartzen den tunel bat igarota topatu zuten Bisonteen Galeria deiturikoa. Hasieran lauzpabost irarlan besterik ez zegoela uste bazen ere, ia 30 topatu zituzten, tartean hamaika bisonte eta lau zaldi. Azken datazioen arabera, duela 13.500 urtekoak dira. Hain zuzen ere, Alkerdin aurkitutakoak dira Nafarroa osoan dauden irarlan paleolitiko bakarrak.

Iriartek gogorarazi duenez, harrobiak ez du Alkerdi soilik arriskuan jartzen, baita alboan dauden Zelaieta, Ikaburu eta Berroberri ere. Uztaileko eztanda handi hartan, Zelaieta III leize-zuloko sabaia erori, eta ia erabat suntsitu zen. Gainera, ohartarazi du ez dutela guztiz ezagutzen inguru horretako haitzuloen «benetako dimentsioa».

Egoeraren larriaz oharturik, SOS Alkerdik Urdazubiko ondare arkeologikoa babesteko eskatu zion bai Nafarroako Gobernuari bai Javier Eneritz Nafarroako arartekoari. 2013an, Marmoles Baztan enpresari harrobia ustiatzeko baimena beste 30 urtez luzatu zitzaion, eta, gainera, ustiapen proiektu berria ontzat eman zuen garai hartako UPNren gobernuak. Baimenaren luzapena eta proiektu berria legez kanpokoak direlakoan, auzitara jo du elkarteak. «Lehen, harrobitik marmola ateratzen zuten, eta horretarako ez zuten leherketarik egiten. Orain, aldiz, eraikuntzarako harri txikia ateratzen dute, eta hori lortzeko, leherketak egitea ezinbestekoa da», jakinarazi du Iriartek.

Harrobia ustiatzen duen proiektua ezerezean uzten ez duten artean, Alkerdi leize-zuloko ondarea «arriskuan» izango dela irizten dio elkarteak. Horregatik, Nafarroako Gobernuak harrobia ustiatzeko eman zuen baimena ezerezean utzi eta ondare arkeologikoak «merezi» duen babesa ematea espero dute. 2014ko uztailera arte, haitzuloek 100 metroko babes eremua zuten. «Gauza bat argi dut: herrian dugun ondarea kalkula ezina dela. Alkerdi leize-zuloaren inguruan leherketak egitea astakeria hutsa da», adierazi du Iriartek. Beraz, aurki Urdazubiko ondare arkeologikoak «merezi» duen babesa izatea espero duela aitortu du.

Praileaitzekoa gogoan

Urdazubikoaren antz handia du Debako Praileaitz leizearen kasuak. Sasiola harrobiaren ondoan dago. 1983an topatu zuen Azkoitiko (Gipuzkoa) Munibe taldeak. Lehenagotik Praileaitz II ezagutzen zen, Eloisa Uribarrik induskatu zuen 1988-1989 urteetan. Paleolitoko arrastoak topatu zituen. Bertako ondarea atera, eta, azkenean, leherketa baten bitartez suntsitu zuten.

«Aurreikusita zegoenez, Praileaitz I kobazuloaren patua Praileaitz II.aren berbera izango zen. Baina 2000. urtean induskatzen hasi, eta gauza oso garrantzitsuak topatzen hasi ginen, venus formako zintzilikario bat esaterako», jakinarazi du Xabier Peñalver Praileaitzeko ikerketaburuak. Zintzilikario horrez gain, harrizko eserleku bat ere topatu zuten. Hala ohartu ziren duela 15.500 urteko gizakiek santutegi moduan erabiltzen zutela koba. Aurkikuntza hori egin bezain pronto, Peñalverrek, Aranzadi zientzia elkartearekin batera, aztarnategi hori ez suntsitzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. «Tokia, ondarea, aurkitutako piezak... Europan Praileaitz bezalakorik ez dago», dio Peñalverrek.

Hala ere, Gasteizko gobernuak haitzuloa suntsitu egingo zela jakinarazi zien. «Hormetan topatutako irarlanek salbatu zuten Praileaitz. Margorik ez duten kobak ezin dira salbatu», ohartarazi du. Leize-zuloa salbatzea lortu zuten. Dena den, alboan dagoen harrobia da egun arriskurik handiena. Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretu batek finkatzen du aztarnategiak duen 50 metroko babes ingurua. Eremu horretan harrobiak ezin du inolako jarduerarik egin. «Distantzia hori barregarria iruditzen zait. Kontuan izan behar da leize-zuloa hustuta dagoen mendi koniko baten barruan dagoela, eta periferia soilik gelditzen dela».

Hasieran, Jaurlaritzak 65 metroan ezarri nahi zuen babes eremua, baina epai batek Sasiolako harrobi ustiatzen duen enpresari arrazoia eman, eta ahalegin hori ezerezean gelditu zen. Arkeologoek 100 metrokoa ezartzeko eskaera ere egin zuten. Jaurlaritzak 18,5 milioi euro ordaindu dizkio Zeleta enpresari Praileaitzen babesten duen 50 metroko eremuan harrobia ezin duelako ustiatu.

Datorren udan, berriz ere, Peñalver Praileaitzen izango da, beste boluntario talde batekin batera, bertako ondare arkeologikoa induskatzen. Dioenez, koban sedimentuz betetako zulo asko dago, eta bada aurkikuntza berriak egiteko aukera. Dena den, aurkikuntzen erritmoa oso motela dela onartu du: «Guk eskuila eta labanen bidez induskatzen dugu; harrobiak, aldiz, dinamita erabiltzen du». Zailtasunak zailtasun, Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Praileaitz gehiago babesteko elkarlanean txosten juridiko bat egin dute. Aurrerantzean, txosten hori baliatuko dute «ahal den neurrian», Praileaitzeko ondare arkeologikoa «gehiago» babesteko.

AHTaren ibilbideari so

Azpiegiturak egiterakoan kobak suntsitzea oso ohikoa dela ohartarazi du Alvaro Arrizabalaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko irakasleak. Izan ere, leize-zulo asko ez dago babestuta. Horietako bat zen Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki. Arrizabalaga 1996an hasi zen ikertzen: «Atapuercatik (Burgos, Espainia) gertuen daukagun aztarnategi eredua da. Hezur fosilak daude, eta Euskal Herriko lehenengo giza okupazioa da». Azaldu duenez, aztarnategiko mailarik zaharrenak duela 200.000 urtekoak dira, eta berrienak, aldiz, duela 4.000koak.

Kobazuloa ezagutzen denetik hirutan egon da desagertzekotan. Hala ere, arriskurik handiena 1997an izan zuen. «AHTa Lezetxikitik igarotzea aurreikusita zegoen. Helegitea jarri, eta trenaren ibilbidea aldatzea lortu genuen», onartu du Arrizabalagak. Ondare arkeologikoaren inguruan kontzientziazio falta handia dagoela salatu du.

Sarritan, azpiegiturak eraikitzean, ondare arkeologikoa suntsitzen da. Hori gertatu zen Debako Ermittiaren kasuan. 1970eko hamarkadan A-8 autobideko Itziarko tunelak egiteko leherketa bat egin zen, eta aztarnategia ia erabat suntsitu zuten. 1920ko hamarkadan, Jose Migel Barandiaran eta Telesforo Arantzadik induskatu zuten. Besteak beste, hezurrak, arpoiak eta zeramikak topatu zituzten. Barandiaranek berak idatzita utzi zuenez, ez zuten gehiago induskatu «zientziaren ezagutza hobetu ahala ikertzeko gaitasuna handiagoa izango zelako».

Ermittian gertatua ez errepikatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo bat eratu zuen, eta aztarnategia desagertuko zela aurreikusita guztiz hutsarazi zuten lehen leize-zuloa izan zen Arrasateko Labeko Koba. Arrizabalaga arduratu zen «berme zientifiko guztiekin» induskatzeaz. Egun, bertan aurkitutako ondarea Irunen dago (Gipuzkoa). Onartu du haitzuloa erabat hustu ostean sentsazio «gazi-gozoa» gelditu zitzaiola, beti apur bat gehiago egin zitekeela pentsatzen duelako: «Hala ere, gustatuko litzaidake porlanezko garai honetan, guztiek Labeko Kobaren trataera bera izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.