Migratzaileak

OIHANEKO LEGEA CALAISEN

Bost urte dira 10.000 migrante ere hartu zituen kanpaleku irregular bat hustu zutela: 'Calaisko oihana'. Gaur egun, oraindik ere, mila bat pertsona ezkutuan bizi dira Frantziaren iparraldean, itsasoa gurutzatu, Erresuma Batura iritsi, eta asiloa eskatu nahian.

Calaisko Old Lidl eremutik (Frantzia) kanporatu dituzten migratzaileetako batzuk. TERESA SUAREZ.
Calais
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hain aspaldi alde egin zuen Nurrek etxetik, joan zeneko oroitzapenak nahas-mahas baitabilzkio gogoan. 15 urte zituela utzi zuen Darfur, Sudanen mendebaldeko gerra hori, sekula bukatzen ez dena; Libiara sartu zen segidan, Italiara gero pateran, eta, Frantzian bi hilabete emanda, ikasi du frantsesez pixka bat. Bost egun eskas daramatza Calaisen, eta behin baino ez da ausartu kamioi batera salto egiten. Dioenez, beldurra piztu zitzaion motorrarekin erre, erori eta hankak hautsiko ote zitzaizkion, trailer alimaleko haren tripetan ezkutaleku bat aurkitzeko ahaleginean. Jendarmeek harrapatu egin zuten azkenean, eurotunelaren sarrerako kontrol batean.

Frantzia iparraldean, Calaisko hondartza zuri luze-luzeak eta haren ondoko hiri Dunquerque dira Erresuma Batuarekiko muga naturala. Mantxako kanalaren parterik estuenean, 33 kilometro eskasek bereizten dituzte kontinentea eta amets ingelesa, hotzari izkin eginez eta kanpadendetan nola edo hala iraunez bizi diren mila pertsona horien ametsa. Bi modu daude muga gurutzatzeko. Paterak garestiagoak dira, eta arriskutsuagoak ere bai itsasoa hain gaizto dagoenean, baina umeak dituzten familiek ez dute aukera hori besterik. Bakarrik doazen eta baliabiderik gabe geratuak diren gazteak, berriz, kondenatuta daude martxan doazen kamioietara salto egiteko ausardia biltzera, ondoko uhartera polizoi iristeko esperantzan.

Nur jario arinean mintzo da frantsesez, azenturik gabe, eta hitz egiteko gogoz dauden gutxietako bat da gaur. Zerua bezain hits dago giroa, eta goizeko kanporatzeen tentsioa ez da baretu oraindik. Batzuek oinetakoak ere galdu dituzte atzera begiratu gabe ihesi atera direnean, eta zain daude, arratsaldean giza laguntzako erakundeek noiz banatuko kanpadendak eta tapakiak, salbuespen gisa. Basoaren eta Calaisko Erdi Aroko gotorlekuaren artean dagoen eremu horri Auchan esaten diote migranteek eta ekintzaileek, kate horretako supermerkatu bat dagoelako gertu, eta ehun bat lagunek lo egiten dute han. Egunsentian, denak ezustean harrapatu ditu ohi baino polizia operazio handiago batek.

«Istiluen kontrako poliziek operazioak egiten dituzte 48 orduan behin, eta lo zakuak eramaten dituzte, euritarako oihalak, kanpadendak... Berdin zaie une horretan kanpalekuan ez daudenen objektuak baldin badaude barnean. Halakoetan, jendeari ez zaio ematen beste nora joanik. Bestalde, hilabete erdian edo bi hilean behin, operazio handiagoak egiten dituzte, eta autobusetara igoarazten dituzte, nora doazen esan gabe; Frantzian han-hemen dauden harrera zentro behin-behinekoetara eramaten dituzte», azaldu du Alvaro Lucasek, Refugee Info Bus taldeko koordinatzaileak. Telefonoak kargatzeko eta Internetera konektatzeko guneak jartzen ditu eskura organizazio horrek.

Calaisko oihana esaten ziotenaren traumaren ondoriozko politika baten parte dira tartean behingo halako operazioak. Bere garaian, 10.000 migratzaile ere izan ziren kanpaleku hartan, tartean mila adingabe. 2015ean hasi zen eratzen; handik urtebetera hustu zuten, eta oihartzun handia izan zuen hedabideetan. Ordudanik, Frantziako Gobernuaren estrategia izan da kosta ahala kosta eragoztea berriz ere halako kanpaleku handirik sortzea. Horren ondorioz, oztopoz eta hesietako labanaz betetako lasterketa bat bihurtu da hiria, inork kanpalekurik ezar ez dezan, eta herrialdeko beste zenbait tokitara eramaten dituzte migratzaileak, nahiz eta hona iristen direnen asmoa ez den izaten Frantzian geratzea.

Calaisen, migratzaileak hain daude ohituta gosaldu aurretik istiluen kontrako poliziek egiten dizkieten bisitetara, ezen operazioak iraun bitartean ere segitu baitute gaur elkarri futboleko baloi hori bat pasatzen. Amir putzuak saihestuz dator, Old Lidl delako eremuko lokaztiaren hasiera markatzen duten trenbideetatik. Sudandarra da, eta lau egun daramatza hemen. Makurtu, eta zenbat urte dituen idatzi du lokatzetan: bat eta bost, suge formako bost bat. «Laster izango naiz Erresuma Batuan», dio, txanoaren eta maskararen artetik irribarrez.

Hortik ordu erdira, Poliziak alde egin duenean, migratzaileak lehengo tokira itzuli dira, kanpadendak besapean. Haizeak atzekoz aurrera jartzen ditu aterkiak; hamar bat gaztek plastiko urdin baten azpian hartu dute aterpe, eta askok zabor poltsak jantziak dituzte, zirarik ez eta. Kanpalekua bukatu eta etxebizitzen kalea hasten den lekuan, negar gasaren arrastoak daude oraindik, urte hasieran kanpalekua indarkeriaz hustu zuteneko oroigarri.

«Estatuaren egunero-eguneroko jazarpena da hau, eta estres handia eragiten die pertsona hauei; izan ere, gehienek ez dute paperik, eta edonoiz atxilotu ditzakete. Gainera, arazo humanitarioak ere badakartza, zeren gero eta gehiago ezkutatu behar izaten baitute, eta horrek zaildu egiten die ura eta jakiak eskuratzea, baita ospitalera joatea ere», salatu du Humans Rights Observers erakundeko ekintzaile batek, Francescak. Operazioetan, Poliziari segitu eta hura grabatzen ibiltzen da, eta jendea indarrez kanporatzeko politikak salatzen ditu.

Trabak giza laguntzari

Poliziaren jazarpena harago doa: Calaisen giza laguntza ematea oztopatzen du. Lehenago jakiak eta arropa beroa banatzeko guneak zeuden tokietan, metro bateko harritzarrak agertzen dira goizetik gauera; bide batzuk itxita dauzkate barrikada gisa jarritako harresiz; beste leku batzuetan, arbolak moztu edo desnibelak egin dituzte, euria egiten duenean modurik izan ez dadin ez ibilgailuak iristeko, ez kanpalekuak jartzeko; eta seinale ugari daude aparkatzea galarazten dutenak.

Gainera, GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatzen dute ausazko kontrolak egiten dizkietela. Edozein txikikeriarengatik, hala nola keinukaria ez piztea edo ibilgailuan akats txikiren bat edukitzea, sakon miatzen diete autoa. Urtarrilean, atxilo hartu zuten kanpaleku bat nola husten zuten telefonoz grabatzen ari zen ekintzaile bat, eta baliteke kartzela zigorra ezartzea. Human Rights Observersek Poliziaren ekinaldiak dokumentatzen ditu, eta pandemian 96 isun jarri dizkiote, 14.000 euro baino gehiagorenak, ustez konfinamendua ez betetzeagatik —jarria diete helegitea—. Eta beste erakunde batzuei ere jarri izan dizkiete isunak janaria banatzeagatik, hala nola Salam izeneko bati, zeinak jakiak eta arropa beroak banatzen baititu.

Azken hilabeteetan, arazoak larritu eta larritu ari zaizkie GKEei. Industrialde batean biltzen dira gehienak, pabiloi izugarri handi batean: hantxe banatzen dute Calaisen egunero egin beharreko lana. Sofa batean jarrita, jendeak dohaintzan emandako berokien meta ugari inguruan, Pierre dago. Aubergue des Migrants taldeko koordinatzailea da, han denbora gehien daramatenetako bat, eta kontatu du 2021a urte bereziki zaila izan dela finantzaketaren aldetik, bi herrialde mugakideen tentsio politikoak direla medio.

Ekainean, Ingalaterrako Choose Love taldeak, zeinak aterki ekonomiko gisa baitziharduen beste erakunde txikiago batzuentzat, erabaki zuen erretiratu egingo zituela Calaisen eta Grande Synthen giza laguntza emateko jartzen zituen 600.000 euroak —Dunquerqueko eskualdean dago Grande Synthe, eta hango kanpalekuan berrehun pertsona daude, umeak eta are haurtxoak dituzten familiak gehien-gehienak—.

«Nire ustez, tentsio politikoak daude finantzaketaren etenaldi horren atzean, britainiarrenak batez ere. Jendeak, azken batean, horretarako bozkatu zuen brexit-aren alde, immigrazioa kontrolatzeko, eta, nahiz eta migratzaile gutxi iristen diren, eskuin muturrak inbasioaren diskurtsoa zabaltzeko aprobetxatzen ditu beren kostaldera iristen diren barkuen irudi ikusgarriak», salatu du Pierrek. Eta honelaxe segitu: «Hemen dagoen jendeari ezin badiogu bermatu ez mantarik, ez lo zakurik, ez jaki berorik... ezin badiogu bermatu oinarrizko gutxienekorik, hurrengo urratsa ere ezin dugu egin, hau da, ezin dugu gizarte laguntza eman eta politikoki eragin».

Choose Love, lehen Help Refugees zena, 2015ean sortu zen, Europara iristen ziren migratzaileen kopurua izugarri handitu zenean. Europan erbesteratuei laguntzen dieten GKEetan handienetakoa da, urtean 12 milioi euro inguru biltzen ditu, eta ospetsuenetako bat da Britainia Handian, zinemako eta musikako zenbait izarrek ematen dioten babesagatik.

Iazko ekainean iragarri zuen Calais finantzatzeari utziko ziola —salbu eta bakarrik doazen nerabeei laguntzen dieten taldeak—, Londresko egoitzaren eta Calaisen bertan dauden taldeen artean eztabaida bat piztu ondotik. Calaisen dauden ekintzaileen lanaren parte bat lege informazioa eta laguntzeko informazioa ematea da, eta hor tartean bada eskuorri bat Segurtasuna itsasoan izenekoa, larrialdi batean nola jokatu argitzen duena. Kanalaren alde bietako juristek egiaztatua dute legezkoa dela eskuorria, eta taldeek diote hor agertzen diren datuak —zein diren larrialdietako zenbakiak, nola bidali GPS koordenatuak, zer egin motorra hausten bada— lagungarriak direla biziak salbatzeko.

Choose Lovek, ordea, iritzi zion posible zela buletin hura zabalduz «delitu penalak» egitea, eta, zenbait abisu eman ondotik, azkenean behin betiko itxi zuen iturria. Gainera, Calaisko erakunde txikiak behartu zituen etenaldi hori hainbat hilabetez isilpean gordetzera, eta, beraz, azarora arte ezin izan zuten plazaratu Calais Appel plataforma: oihu desesperatu bat, beren lanean segitzeko dohaintzen eskean zabaldua.

Jendeak, dena den, ondo erantzun zuen, eta talde gehienek lortua dute datozen sei hilabeteetan irauteko adina diru. Choose Loveren erabakiak gehien eragin zien GKEen artean, Refugee Women Center dago, zeinak emakumeekin eta familia umedunekin jarduten baitu. Egia da halako gutxi iristen direla, baina izugarri kalteberak izaten dira. «Biltegi txikiago batera joan behar izan dugu, alokairu merkeagoa ordaintzeko; lanean izan ohi genuen jendearen erdia dugu orain, eta jada ez dugu lanpostu ordaindurik: oraingo seiok boluntarioak gara. Espero dugu berehala bueltatuko garela lehengora, baina eguneroko jarduna apaldu behar izan dugu», azaldu du Aisha boluntarioak.

Tentsioak kanalean

Choose Lovek Calaisko finantzaketa eten eta garai bertsuan, immigrazioa gogortuko duen legedi berriaren ideia nagusiak azaltzen hasi zen Boris Johnsonen gobernua. Beste neurri batzuen artean, pertsonen trafikoaren kontzeptua birformulatzea izango da Nazionalitateen eta Mugen Legearen helburuetako bat; horrek jomugan jarriko ditu ekintzaileak eta elkartasun taldeak, eta lau urterainoko kartzela zigorra ekarriko die Britainia Handira modu irregularrean iristen saiatzen direnei.

Frantzian, bozak izango dira apirilean, eta diskurtsoa oso dago eskuinerantz lerratua; ondorioz, Emmanuel Macron presidenteak gero eta presio handiagoa du migrazio politika gogortzeko eta britainiarren presioei amore ez emateko. Azaroan Mantxako kanalean izan zen hondoratze tragiko batean, 27 lagun hil ziren, tartean ume bat, eta bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu zuen horrek. Orain, Frontexen hegazkin bat kostaldean hegan ibiltzen da tartean behin.

Baina parlamentuetako eztabaidak eztabaida, eta militarizazioan gehiago inbertituta ere, milaka pertsona iristen dira oraindik, gerratik eta langabeziatik ihesi, Saharaz hegoaldeko Afrikako eta Ekialde Hurbileko gerrikoa osatzen duten leku guztietatik. Iaz, hain justu, inoiz baino jende gehiago iritsi zen pateraz Britainia Handira: 35.382 pertsona. Aurreko urtean halako hiru da hori, eta, lehen aldiz, asko erabiltzen diren beste ibilbide batzuetan baino jende gehiago igaro da handik; esaterako, Gibraltarko itsasartetik eta Egeotik baino gehiago.

Migratzaileek badakite zenbaterainokoa den arriskua: gehienek bigarren itsasoa dute hau. Zergatik galdetuz gero, hatz mamiei begira geratzen dira asko. Dublingo Hitzarmenaren arabera, izan ere, migratzaileak Europara zer herrialdetatik sartu, hantxe eskatu behar dute asiloa, eta han erregistratzen diete hatz marka. Hortaz, adibidez, Espainiara pateran iritsi eta Pirinioetatik Frantziara gurutzatu dutenak penintsulara deportatuak izateko arriskuan daude, nahiz eta egiaz beste herrialde batean normaldu nahi izan beren egoera.

Zenbaitentzat, umetako ametsak ere badira bizia berriro arriskuan jartzeko motibo, eta jaioterrian bezain gaizki ez daudela kontatzen dieten lagunak eta senideak ere bai. Migranteen artean, bereziki zabalduta dago Erresuma Batuan errazagoa dela lana aurkitzea, lan araudiak aiseago ematen duela-eta modua paperik erakutsi gabe enplegu prekarioren bat aurkitzeko.

Hain desberdinkeria eta baliabide falta latzetatik ihesi datoz pertsona horiek, ez baitzaizkie askorik axola gobernuen traba administratiboak eta fisikoak. Beti egongo da zirrikituren bat ezkutuan sartzeko. Refugee Women Centerreko Aishak dioenez, Europako azken muga honetan gutxi inporta dute ontzi hondoratuek eta asfaltoko heriotzek; ibilbide segururik ez den bitartean, «ez da ezertxo ere aldatuko. Jendea hil egiten da, eta hil eta hil segituko dute, aurrerantzean ere etorri eta etorri segituko dutelako, saiatu eta saiatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.