Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Txertoez eta maskarez gogoetan

Gorka Orive.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bederatzi hilabete luze, pandemia hasi zenetik. Denbora nahikoa, beraz, ziurgabetasuna sentitzeko, etsipena sentitzeko, gure bizimodua egoera bihurri honetara egokitu beharra izateko eta denbora izateko gogoeta batzuk egin eta eta garrantzizko ikasgai batzuk guretzeko.

Oraingo honetan, funtsezko bi gai nabarmendu nahi ditut, kontuan harturik pil-pilean daudela eta eragina dutela gure eguneroko bizimoduan. Bata, maskarak. Honetara ezkero, esan beharrik ez dago zein garrantzizkoak diren, nik gogotsu aldarrikatu bezala, batez ere pandemiaren hasierako hilabeteetan. Gogoetagai hau ekarri nahi dut: maskarek zer eragin duten urte garai honetako ohiko infekzio eta patologietan: arnas arazoetan, burutik beherakoetan eta gripeetan, hau da, influentzaren birusean eta arnas birus sintzitialean, biak ere ohikoak ipar hemisferioan neguan. Hain zuzen, Euskadiko haurren arnas gaixotasunak %75 gutxitu dira, gutxi gorabehera. Aurten, pediatrek oso gripe eta brokiolitis kasu gutxi ikusi dituzte, eta maskaren ondorio delakoan daude. Bide batez esanda, ez da gauza bakana: antzera gertatu da hego hemisferioko herrialde batzuetan, bai Ameriketan eta bai Ozeanian. Hori guztia gogoan, dagokionean aztertzekoa eta ebaluatzeko modukoa iruditzen zait gai hau: maskara erabiltzea prebentzio neurri ezin hobea izan liteke arrisku taldekoentzat datozen urteetan?

Beste gogoetagaia txertoak dira; areago, kontuan harturik Europako Batasunean txertoak jartzen hasiko direla abenduaren 27an. Horrek esan nahi du Sendagaien Europako Agentziak (EMA) oniritzia emango diola Pfizerren txertoari, eta, harekin batera, Europako Batzordearen baldintzapeko baimena emango diola merkaturatzeko. Herritar batzuk beldur dira ondorio kaltegarriak izango ote dituen luze gabe edo erdiko epean. Ezin dut luze eta zabal jardun, baina gogoeta bat ekarri nahi dut hona: onura/arriskua erlazioa. Horra hor balantza, probabilitate bat baino gehiago dituzten bi egoera polarizatzen dituena. Alde batean, txertoa eta eraginkortasunaren eta segurtasunaren inguruko beldurra (luzera begira; jakina da epe laburrean nolakoak diren). Beste aldean, SARS-CoV-2 birusa eta COVID-19a. Kutsatutako 100-150 lagunetik bat hiltzen duen birus bat, eta milaka laguni luzaroko sintomak uzten dizkiena. Gaur egun, balantzan jarrita, txertoen arriskua txikia da ekar dezaketen onuraren aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.