Espainiako errege berriari diskurtso «zaharra» egin izana kritikatu diote

«Errealitate nazionalak» eta erabakitzeko eskubidea ahaztea leporatu diote.Ustelkeriari buruzko gogoetak ez du adostasunik eragin

Erredakzioa
2014ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako lehen diskurtsoaren mezua«zaharra» dela salatu dute EAJk eta Amaiurrek. Aitor Esteban diputatu jeltzaleak gaitzetsi du Espainia ez diren gainontzeko nazioak aipatu ez izana: «Euskadiri lotutako elkarbizitzari» buruzko gogoetaren falta sumatu zuen. Kataluniari buruz hitz egitean ere erregeak gizartearen «alde bakarra» ordezkatu zuela uste du Estebanek. Amaiurrek, berriz, adierazi du errege berriak «dekoratua, tonua eta itxurak» aldatu dituela, baina aurreko erregearen edukiak mantendu. «Demokraziaz hitz egiten dutenean herren geratzen dira, oinarri-oinarrizko egoerak ere ez baitituzte aintzat hartzen, erabakitzeko eskubidea kasurako», azaldu du Onintza Enbeita diputatuak.

Ustelkeriari buruzko gogoetek ere ez dute adostasunik izan. «Ustelkeria errotik eta begiramenik gabe atera behar dugu», esan zuen erregeak. EAJk eta Amaiurrek iritzi diote jarrera lausoa erakutsi zuela. «Argi dago Felipe VI.a guztiz usteldutako estatu bateko buru dela», esan du Enbeitak. PPko legebiltzarkide Laura Garridoren ustez, ordea, «irmoa eta zorrotza» izan zen, eta bere egin zituen «herritarren kezkak». PSOEren iritziz ere, erregearen analisia «zuzena» izan zen, eta herritarren aldartea «egoki» hausnartu zuen. UPDko legebiltzarkide Gorka Maneiroren aburuz, «gogortasuna eta argibide gehiago» falta izan zitzaizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.