Libanoko krisia

«Herrialde honenak egin du. Alde egingo dugu»

Ehunka emakume immigrante erdi-esklabo aterperik gabe geratzen ari dira Libanon, lanik eta lege babesik gabe. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Beiruteko leherketan hil eta zauritu direla haietako asko, baina ez dituztela sartu zenbaki ofizialetan.

Laguntza. Sarah eta bere lankideak janaria banatzen, Beiruten. J. C. V.
Beirut
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Nadine kamerundarra da, eta 28 urte ditu. Irribarrez begiratzen du atzera: «Nik proiektu bat neukan. Sukaldaritza ikasi nuen, eta Libanora etorri nintzen, nire gaitasunak hobetzeko aukera izango nuelakoan». Gaur egun, hiru urte daramatza herrialde arrotz batean; ama izan da han, eta, erdi lotsatuta, emakume talde bati ongietorria egin dio bizileku duen eraikinaren atean, Beiruteko auzo pobre batean. Emakume ezezagun batzuek eman diote eskuan duen poltsa, berak zenbait gauza gogora ekartzen zituen bitartean. Emakume horiek ere afrikarrak dira, eta modua egiten dute Nadinek jateko zerbait izan dezan.

Sarahk, taldeko buruak, zerrenda berrikusi du berriz autoan sartu baino lehen, eta Burj Hammoud aldera joateko eskatu dio gidariari. Larunbatero, hainbat orduz bila aritzen dira topatu nahi dituzten pertsonak aurkitzeko, ematen dizkieten argibideei segika. Euren solaskideek ez dute beti izaten Interneterako konexiorik, ezta telefonorik ere. Sarahk talde bat sortu zuen, Libanon etxeko lanetan aritzen diren emakume immigranteak elkartzeko: aisialdirako daukaten tarte txiki horretan elkartzen ziren antzerkia egiteko eta lagunartean egoteko. Baina duela aste batzuk, herrialdearen gainbehera dela eta, jatekoa banatzen hasi dira.

«Gaur Madagaskarko komunitatearekin ari gara lanean», azaldu du Sarahk. 22 urte igaro dira Sarah uharte horretatik Libanora joan zenetik: «Madagaskarko 110 lagun artatzen ditugu, eta Afrikako eremu frankofonoko 200 lagun baino gehiago. Eta hilabete besterik ez daramagu honetan». Azaldu duenez, inork ez die laguntzarik ematen immigranteei, eta inor ez da harremanetan jarri Etxeko Langile Immigranteen Aliantzarekin: hala du izena Sarahk zuzentzen duen proiektuak. «Berdin-berdin zaie hiltzen bagara ere». Hori bera salatu zuten atzo gobernuz kanpoko hainbat erakundek; alegia, joan den asteartean portuan izandako leherketan paperik gabeko hainbat langile hil zirela, baina instituzioek ez dituztela zenbaki ofizialetan sartu.

250.000 migratzaile

Libanon, bost milioi biztanlek daukate pasaporte nazionala, baina 250.000 immigranteen lanari ere etekina ateratzen dio herrialde horrek: 1997tik, libanoarrek nahi ez zituzten lanpostuak hartuz joan dira immigranteak gizartean. Urte hartan, orduko lehen ministro Rafik Haririk libera libanoarraren dolarrarekiko balioa ezartzea lortu zuen—haren semea Saad Hariri da: joan den udazkeneko protestek kargua uztera behartu zutenetik, berriz lehen ministro izateko garai egokiaren zain dago orain—. Neurri horren xedea kanpoko inbertsioak erakartzea zen, hamabost urteko gerra zibil baten ondoren herrialdea berreraikitzeko. Baina beste ondorio bat ere izan zuen: Libanok inportatu egin behar ditu kontsumitzen dituen produktuen %90, eta, neurri horri esker, etekina atera ahal izan die Asiako eta Afrikako beste herrialdeetako langileei. Langile horiek 100 eta 300 dolar arteko soldata jasotzen dute, eta etxera dirua bidali ahal izateko joaten dira Libanora.

Kuwaiten eta Golkoko estatuetan gertatzen den moduan, immigranteek euren nagusien babesa behar dute Libanon egon eta lan egin ahal izateko. Haien bizitzako alderdi guztiak enplegatzaileen mende egotea ekartzen du sistemak: bisa, bizitokia, soldataren kobrantza eta dagozkien baina inpunitate osoz urratzen zaizkien eskubide gutxi horiek. Langile immigranteei aplikatzen zaien legediak, Kafala izenekoak, baztertu egiten ditu herrialdeko lan arauditik, eta enplegatzaileen esku uzten du botere osoa.

Libanoko langile etorkin gehienak emakumeak dira; Sarah eta Nadine bezalaxe, Etiopiatik, Madagaskartik, Bangladeshtik eta Sri Lankatik joandakoak. Kontratatzen dituzten familien etxeko lanak egiten dituzte, eta haiekin bizi dira, behartuta. Askatasunik gabe eta baldintza ezin okerragoetan bizi badira ere, urrunetik etxekoei bizimodua atera ahal izateak emakume asko lotu ditu ongietorririk egiten ez dien herrialde urrun horretara.

Baina gauzak aldatu egin dira. Orain, inoiz ez bezalako finantza krisi batek gogor jo du Libano, eta deuseztatu egin du hango diruaren eta dolarraren arteko lotura. Hilabete gutxian, libera libanoarrak balioaren %80 inguru galdu du, eta biztanleen %40 pobrezian erori dira; tartean, langile immigranteak kontratatzen zituzten familia asko. Guztira, %70eko pobrezia tasa dauka Libanok. Zenbaitek neskameak bakarrik uzten dituzte beren herrialdearen enbaxadako atarian. Beste batzuk, berriz, lana galtzen ari dira, eta, ondorioz, baita lege babesa ere: nagusien babesa galtzen dutenean, legez kanpo geratzen dira; baita isun handiak jasotzeko, atxilotuak eta deportatuak izateko, eta askotariko abusuak jasateko arriskuan ere.

«Laguntzen diegun emakume gehienek lanpostua galdu dute oraintsu», azaldu du Sarahk. Libanon, koronabirusa beste zailtasun bat besterik ez da panorama ekonomiko dramatiko horretan. Martxoan, behea jo zuela adierazi zuen herrialdeak. Gela bat alokatu beharrak hartaratuta, oso etxe kaskarretan pilaturik bizi dira Sarahren proiektuaren laguntza jasotzen duten emakume asko. «Lehen, 1.500 liberaren truke dolar bat genuen, baina orain ezin ditugu 9.000 liberarekin ere dolar bat eskuratu! Herrialde honenak egin du; zalantzarik gabe, alde egingo dugu!», azaldu du 50 urte inguruko emakume malgaxe batek, bizilagunen artean banatzeko poltsa batzuk lurrean egokitzen dituen bitartean. «Baina ez daukagu alde egiteko baliabiderik», aitortu du, etsipenez. Etxera bueltatzea zaila da, koronabirusaren ondorioz mugak itxita daudelako, eta azken hilabeteetan askori ez dietelako soldatarik ordaindu. Haien herrialdeen enbaxadak beldur dira, arriskua ikusten dutelako kutsatuta dauden biztanleak herrialdean sartzeko, eta, emakume horiek diotenez, ez diete batere erraztasunik eman.

Sarah eta beste taldekide batzuk lanean ari dira oraindik, eta euren egun libre bakarra erabil dezakete beste emakume batzuei laguntzeko. «Ugazabandreak ez daki honetan aritzen naizenik. Ez diot ezer esaten, nire segurtasuna bermatzeko», aitortu du Sarahk, lasaixeago, asteko banaketa egin ostean zorroko patata batzuk jaten dituen bitartean: «Badaki gizarte kontuetan aritzen naizela, eta ikusten du nire telefonoak etengabe jotzen duela; baina ez daki nik antolatzen dudala, eta nik ere ez diot esaten».

Ameskeria, borroka arrazoi

2019ko udan, ematen zuen Libanok aurrerapausoa egingo zuela langile etorkinak babesteko, giza eskubideen aldeko erakundeek eskatzen zioten bezala. Lan ministro Camille Abuslimanek esaten zuen Kafala sistema «esklabotza modernoa» zela, eta konpromisoa hartu zuen «sistema hori suntsitzeko» eta «tratu anker hori» eragozteko. Lanaren Mundu Erakundearekin eta beste gizarte erakunde batzuekin batera, ikerketa talde bat antolatu zuen, hori alde batera utzi ahal izateko estrategia bat pentsatzeko. Komisioak zera proposatu zuen: nagusien eta langileen harremana berdintzea, eta tresna batzuk martxan jartzea nagusiek legea bete zezaten. Baina, urrian, Libanon inoiz izan den protesta uholderik handiena izan zen, eta, Saad Haririk kargua utzi zuenez, haren gobernu talde osoak ere bai.

Urtebete geroago, kalera protestan irteteko aukera eta ausardia duten etxeko langileek borrokan segitzen dute, Zuen etxea gure kartzela da aldarrikatuz, eta beste talde batzuek, hala nola Asia Hegoaldeko Sindikatu Kontseiluak eta Human Rights Watch-ek, justizia trantsizionala oinarri izango duen prozesu bat eskatzen dute, Kafala sistemak kalte egiten dien emakumeen egoera konpontzeko, eta gobernuei galdegiten diete nagusiak behartzeko langileek egiten dituzten lanorduak zenbatzera. 2008an, astean etxeko langile bat hiltzen zen Libanon: beren buruaz beste eginda edo ihes egiten saiatzen ari ziren bitartean istripuren bat izanda hiltzen ziren. Gaur egun, askoz gehiago hiltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.