KRITIKA

Gazteak eta adinduak

Agus Perez.
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Dantza 'Suirrealismo' eta 'Un elogio sobre la vejez'

Konpainiak eta obrak: Logela Multimedia eta Circle of Trust ('Suirrealismo') eta ON DO KO ('Un elogio sobre la vejez'). Lekuak: Intxaurrondo K. E. eta Viktoria Eugenia antzokiko dantza aretoa (Donostia). Eguna: Martxoak 15.

Aurtengo dFeriako hirugarren eguna dantzarekin hasi eta dantzan amaitu da niretzat. Goizeko lehen ordua ez da bereziki aproposa ikuskizun batean murgiltzeko, baina suposatzekoa da are gogorragoa dela artistentzat. Beraz, gogo onez joan gara Logela Multimedia eta Circle of Trust konpainien proposamenaz gozatzera.

Elorrioko bi taldeen elkarlanaren ezaugarria da break dance-a eta ikus entzunezkoak elkartzea, eta beren hogeita piku urteko ibilbidean Bilboko Break on Stage festibala da haien ekimen ezagunena. Oraingo honetan, Suirrealismo izeneko proposamen batekin etorri dira, eta, izenak dioen bezala, surrealismoa izan da ikuskizunaren hari eroalea; XX. mendearen erdialdeko korronte estetikoa oraingo publiko gazteari ekarri nahian.

Horren kontura, break dance estiloko pasarte batzuekin hasi eta amaitu dute oraingo taldeko sei kideak neska bat eta bost mutil, eta haien atzean, taldearen ezaugarri diren bideo proiekzio irudimentsu eta oso-oso landuak ikusi ditugu. Esate baterako, dozenaka aulki birtual jausi dira dantzarien multzoaren gainean, eta dantzariek gorantz altxatu dituzte, behin eta berriro. Baina ikuste efektu politak ez dira hor amaitu, emanaldian zehar efektuok erabili direlako Remedios Varo, Rene Magritte, Andre Breton, Man Ray, Dora Maar, Salvador Dali eta beste hainbeste artistaren sorkuntzak proiekzioen bidez eta gorputzen mugimenduekin subliminalki lotzeko. Bereziki emankorrak iruditu zaizkit kremailerekin egindako irudiak, eta bikaintasun teknikoa erdietsi du globo birtualarekin eta benetakoarekin sortutako eszenak.

ON DO KO delako ekimenak sortu duen Un elogio sobre la vejez izan daiteke egunotako proposamenik originalena eta hunkigarriena. Proiektua duela bost urte sortu zen, Egiako Kultur Etxearen eta Donostia Lagunkoiaren elkarlanari esker. Mafalda Saloio portugaldarraren zuzendaritzapean, zahartzaroari gorazarre egiten dion lana da.

Dantza aretoan hogeita bost bat adindu izpirituz gazteak diren 72 eta 95 urte bitarteko artistak egon dira zutik gure zain kartoizko kaxa handi banatan sartuta, eta Euskadiko Gazte Orkestrako hiru musikariren laguntzaz biolina, biola eta biolontxeloa interpretatu dituzte mugimendu koreografiatuak eta dantza kolektiboak. Ikusleen artean bikotea eskatu, eta dantzaldi polit batean amaitu dute.

Gaurko bi lanak laburbiltzeko, Andre Bretonen esaldi batekin bukatu nahi nuke: «Bizitza ikusezina dena ikustearen artea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.