Eurokopa. Suitza

Goraka doa pixkanaka

Granit Xhaka. GIAN EHRENZELLER / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Isilean iritsiko da Eurokopara Suitza, baina aintzat hartzeko moduko selekzioa da, pausoak bata bestearen atzetik eman baititu 2014an Vladimir Petkovicek hautatzaile kargua hartu zuenetik: final-zortzirenetara iritsi zen 2016ko Eurokopan, 2018ko Munduko Kopan bezala, eta laugarren izan zen 2018-2019ko Nazioen Ligan. Hori gutxi balitz bezala, multzoburu gisa sailkatu zen aurtengo Eurokoparako, Danimarkaren, Irlandaren, Georgiaren eta Gibraltarren aurretik. Hainbat jatorritako jokalariak nahastuta, beste koska bat igo, eta txapelketako ezustekoa izaten saiatuko da.

Petkovicek goi mailako jokalariak ditu bere esanetara: hala nola Granit Xhaka eta Xherdan Shaqiri, taldeko bi ikurrak. Biak ala biak beren burua aldarrikatzen saiatuko dira, behera egin baitute azkenaldian: Xhakak kritika gogorrak jaso ditu Arsenalen, eta Shaqirik hamalau lehia besterik ez ditu jokatu Liverpoolen denboraldi honetan. Azken Munduko Kopan Serbiaren kontra egindako aldarrikapenengatik ezagutuko dituzte askok. Orain, berriz ere zelaian eman nahi dute zeresana. Gaia badute horretarako, eta aukera ere izango dute.

Banakakotasunek ez, taldearen batasunak egiten du indartsu Suitza. Atepean finkoa da Yan Sommer, eta haren aurretik bosteko lerroa ipini ohi du Petkovicek. Manuel Akanjik du agintea defentsan. Sormen lanak Xhaka eta Shaqiriren esku daude, eta golak egiteko ardura, nagusiki, Breel Embolo eta Haris Seferovicena da. Realeko aurrelari ohia egonkortu egin da Benfican, eta suitzarren erasoko erreferentzia nagusia da gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.