begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Lanpernak sutan Bilbo aldean

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bihar ondo merezitako akaberara etorriko da Bilboko Fant zinema bilkura. Bikote xelebre batek azpimunduko ateak ireki zituen pasa den ostiralean, Campos antzokian. Bihar, haien pare infernuzkoa den frantziar bitxi bat saiatuko da ixten.

Alta, pelikula txar eta on guztietan gertatzen den legez, beranduegi izango da. Dagoeneko zulo beltzetan zein multibertsoan siestan ziren kreatura hainbat esnatu egin dira astean zehar, eta gure unibertsora pasatu. Pasatu, eta geratu.

Burnin' Percebes (Lanpernak sutan) kolektiboak (fidatzekoa ez dena —eskerrak—) maiatzaren 5ean aurkeztu zuen, hasierako zeremonia kafkiar eta dantesko samarrean, bere El fantástico caso del Golem aldrebeskeria zoragarria, non munduko biztanleak banan-banan balkoitik, terrazatik, teilatutik, zerutik edo batek daki nondik eroritako pianoek seko zanpaturik hiltzen diren.

Zaila izango du gure bihotz beltzeko azukre-koxkor multiprozesatua den Quentin Dupieuxek beti on fire diren Juan Gonzalezen eta Fernando Martinezen jukutria gainditzea bere Incroyable mais vrai fantasia ilun eta ironikoarekin. Hala ere, arima jokatuko nuke nik berdinketa maltzurraren alde.

Ez pentsa, ordea, Fantera hurbildu den lagun eta etsai samaldak ez dakiela zintzo (demonio) eta serio (deabru) jokatzen. Maider Oleagak zuzenduriko Kinka labur balent haren gidoia idatzi zuen Carlota Pereda zinemagileak (Cerdita-ren eta ekoizpen-osteko afanetan den La ermita-ren autorea) hitz-aspertu bat izan zuen kide eta zaleekin Golem aretoetako gela batean. Mahai gainean geratu ziren norberaren gustuak eta bakoitzaren iruditeriaren erreferentziak. Solaskide ia denak ziren 80ko hamarkadako kumeak; gora Ghostbusters eta Goonies, gehi Dragoi bola!

Esan zuen Carlotak zoratu egiten dela Euskal Herriak narraziorako duen senarekin. Mirestu egiten du, halaber, hemen, beste inon ez bezala, etengabe daudela misterioarekin zerikusi handia duten zeremoniak: zanpantzarrak hor, pastoralak han, agoten oroipenak eliza batean, sorginen presentzia erreala auskalo non... zirristi-mirristi gerrena plat.

Esan zuen ere euskara ikasten ari den madrildarrak gure hizkuntzak fantasiazko generorako dirudiela sortua. Linguae Navarrorum izanda, ez dugu zertan hizkerarik asmatu gaua denean esnatzen diren izakiak mintzatu ahal izateko. Tolkienek, ordea, behar hori sumatu zuen Lurralde Ertainean.

Igandeko goizean, kafe azkarra hartu eta gero, Alondegiko gela berera arrimatu zen euskal zinemaren gaina eta lorea. Euskara hartu zuten hizpide. Gure mintzoaren egoera, bai kamera aurrean, bai pantailetan, ez dela horren makala adierazi zuten baikorretan baikorrenek. Badirudi Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Galiziakoak ez diren ikusle makina bat hasi dela onartzen Estatu espainiarrean gaztelaniaz gain beste mintzo batzuk daudela. Sorogoyenen As Bestas ez da inon bikoizturik zinemaratu, Urkijoren Irati jatorrizko bertsioan eskatu izan dute ele bakarreko lurraldeetan. Gurean erabili ohi ditugun hiru hizkuntzak aise darabilzkien 20.000 especies de abejas txartel-leihatilan eroso dabil arazorik gabe. Zinemaldietan, ez arazorik, ez harridurarik. Usatuak baitira mundu honetako eta ez honetako hizkerak entzuten.

Hala ere, badira gainditzen zailak diren oztopoak. Esaterako, zinema areto komertzialetako karteldegia astero osatzen duten programatzaileen errezeloak. Beldur dira oraindik euskara ez ote zaien etxekalte (mozkin-kalte). Apurka-apurka, kontrakoaz konbentzitzen hasiak dira, sarri jasotzen baitituzte telefono deiak karteldegian euskarazko pelikularik ba ote den galdezka.

Diru laguntzen mundua bestelako auzia da. Batzuetan, balorazio-baldintzetan zera irakurtzen da: Pelikula oso-osorik izan behar da euskaraz mintzatua... Oso-osorik? Guardia zibilek edo kartzelari frankistek ere euskaraz?

Hitz egin zuten denak (Ander Barinaga, Aitor Gametxo, Larraitz Zuazo, Alaitz Arenzana, Imanol Saratxaga, Mar Izquierdo, Paul Urkijo, Eneko Muruzabal, Vanesa Fernandez, Nitya Lopez) ados jarri ziren kontu batean: hizkuntzaren erabilerak koherentea izan behar du beti. Bai euskalkiak, bai batua, bai azentu eta doinu ezberdinak. Akatsak ere onartu beharrekoak dira maiz, filmak islaturiko errealitatea bermatu ahal izateko. Koherentzia ezinbestekoa zaigu mintzairen tratamenduan. Erabilitako hizkerak testura berezi eta propioa ematen baitio pelikulari. Hizkuntzen arteko talka behin baino gehiagotan suerta daiteke baliabide narratibo indartsua...

Erronkarik? Ziento bat. Ez da nahikoa, esaterako, euskara izatea pantailan entzuten den mintzoa. Ez, aldarrikatu ziren euskaraz sorturiko, ekoiztutako, filmaturiko, aurkeztutako, defendatutako film biharkoak. Eta ez, bilera hori ez zen Zinemaldi fantastiko baten fantasia hutsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.