ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Hondakin nuklearren arazo iraunkorra

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Zer egin hondakin nuklearrekin? Galdera ez da berria, baina Fukushimako hondamendiaren 10. urteurrenak berriro ekarri du gaur egunera. Zer egin hondatutako erreaktoreekin? Eta isotopo erradioaktiboekin kutsatutako lur eta urarekin? Eta Txernobylen, nola daude hondakin erradioaktiboak? Eta eraitsi diren zentral erradioaktiboetan? Eta oraindik martxan daudenetan? Eta erradioaktibitatea edo energia nuklearra erabiltzen duten ikerketa-zentroetan, ospitaleetan edo instalazio militarretan?

76 urte igaro dira lehen bonba nuklearrak bota zituztenetik; 68, diesel-motorren ordez erreaktore nuklear bat erabili zuen urpekontzi bat uretaratu zutenetik, eta 60, espaziontzi bat zeruratu zutenetik. Tartean, elektrizitatea sortzeko lehen zentral nuklearrak jarri ziren martxan, eta medikuntzan, nekazaritzan eta ikerketan ere erabiltzen da erradioaktibitatea.

Baina, energia nuklearraren erabilera aspaldikoa eta askotarikoa den arren, energia-mota horren aldekoenek ere ez dute lortu irtenbiderik epe luzeko hondakin erradioaktiboentzat. Munduan, Frantzia da biztanleko hondakin nuklear gehien sortzen duen herrialdea (urtean, gutxi gorabehera, 2 kg erregai erradioaktibo pertsonako). 59 erreaktore ditu martxan, eta beste bat eraikitzen ari da. Eta, hala ere, hondakin nuklearrentzat eta erregaiarentzat erantzun egoki bat izan gabe jarraitzen du. Orain dituzten biltegiak hamarkada gutxi batzuetarako daude diseinatuta; hondakin erradioaktiboek, ordea, arriskutsuak izaten jarraituko dute 100.000 urte baino gehiagoz.

Beste lekuetan ere, antzeko egoera dute. 1970-1980ko hamarkadetan, hondakin nuklearrak itsas sakonean hondoratzea edo espaziora bidaltzea proposatu zuten, baina biak ere baztertu egin zituzten, arriskutsuegiak zirelakoan. Horren ordez, sakonera handian eta egitura geologiko egonkorretan lurperatzearen alde egin zuten 1990ean, eta, oraingoz, horri heldu diote herrialde batean baino gehiagotan.

AEBetan eta Finlandian, adibidez, dagoeneko ari dira probatzen lurpeko biltegi nuklear bana. AEBetakoa Mexiko Berrian dago, eta Hondakinak isolatzeko planta pilotua izena du (WIPP): 200 milioi urtez egonkor egon diren gatz-meategi batzuetan dago, 650 metroko sakoneran. 1999an hasi zen hondakinak hartzen, baina, oraingoz, soilik ikerketan eta armagintzan sortutakoak, ez zentral nuklearretakoak.

Ekologistek hasieratik izan dituzte segurtasunari buruzko zalantzak, eta 2014an izandako istripu batek areagotu egin zituen kritikak. Edonola ere, AEBetan jarraitzen dute eraitsitako zentral nuklearren erregaiarentzat lurpeko biltegi egonkor bat egiteko asmoarekin.

Finlandiakoak Onkalo izena du, eta, granitozko arroka zulatuz, 420 metroko sakoneran egindako instalazio bat da. Finlandiako mendebaldeko kostan dago, Olkiluoto zentraletik gertu, eta justu hil honetan hasi dira gordailuak eta hara doan tunel-zatia egiten (erdiko tunela eginda dago). 2023rako iragarri dituzte lehen probak, eta, dena ondo bidean, 2025ean hasiko lirateke han gordetzen hondakin erradioaktiboak.

Baina, munduko gordailu egonkor eta seguruena egitea lortuta ere, galderak eta zalantzak ez dira amaitzen. Izan ere, nola bermatu hurrengo belaunaldiek jakingo dutela lurpean material arriskutsua dagoela gordeta, eta arriskutsua izaten jarrai dezakeela, beste hainbat belaunaldiz? Galdera airean dago, baina arazoa, esku artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.