Jaione Garai. Irakasle eta zuzendari ohia

«Euskalduntzen ahalegin handia egiten da; lortzen dira emaitzak»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Jaione Garai (Arrasate, Gipuzkoa, 1959) 32 urtean aritu da lanean Eskoriatzako Luis Ezeiza eskolan (Gipuzkoa), irakasle eta zuzendari gisa, erretiroa hartu zuen arte. Dozena bat urte egin ditu atzerritik etorritako ikasleekin lanean.

Nola jaso zenituzten atzerritar jatorriko ikasleak?

Azken hamabi urteetan edo, edozein tokitatik dator jendea. Lehenago ere beti izaten genuen Espainiatik kanpoko norbait. Hainbat eta hainbat etorri zirenean, planteatu behar izan genuen harrera plan bat, beti urrats berberak egiteko. Hizkuntza aldetik ere, metodologietan eta, aurrerapausoak eman behar izan ziren, eta hizkuntzaren didaktikan ere hainbat eta hainbat hausnarketa eta lanketa egin, eta erabakiak hartu ziren.

Ba al zegoen baliabiderik?

Hezkuntza Sailak ipintzen zituen errefortzuko irakasleak, eta diru kopuru bat ematen ziguten itzultzaileak ordaintzeko. Horrekin ez zen ezertarako iristen. Dirua nondik edo handik lortzen genuen, ikasle hauek ere besteen parean egoteko.

Integraziorako, ikastetxeko familiak eta ikasleak ezinbestekoak izango ziren, ezta?

Denok ikasi dugu integraziorako nola jokatu. Komunitatea aldatu zenez, gure hezkuntza proiektua diseinatzera gonbidatu genituen. Parte hartu genuenen artean sakondu genuen nolako eskola nahi genuen, eta hor sartzen zen nahi genuela eskola irekia, inklusiboa, konpentsatzailea... Horrek gurasoei eta irakasleei lagundu zigun begiak irekitzen. Pauso handi bat izan zen: erabaki zen gure eskolan balio horietako bat ez zegoela lehenengo eta beste bat azkena.

Lortzen al da euskalduntzea?

Denon lana da, eta, herri mailan zenbat eta aukera gehiago izan ikasle edo herritar hauek, orduan eta errazago egingo diegu euskalduntzea. Ahalegin handia egiten da, eta emaitzak lortzen dira. Etorkinek sekulako esfortzua egiten dute.

Zer indartu beharko litzateke?

Hezkuntza Sailak baliabide gehiago jarri beharko lituzke. Formakuntzak ere egon behar dira. Geuk ere jantzi behar dugu, eta aurreiritziak landu behar ditugu. Uste dut hor Hezkuntza Saila oso motz geratu dela eta geratzen ari dela. Ematen du integrazioa eta euskalduntzea gutxi batzuen lana dela, ez denona.

Nolakoa da egoera gaur egun?

Latza. Eskola batzuk guztiz segregatuta daude. Asko dago egiteko integrazioan; zerbait ez gara ari ondo egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.