Gerra Ukrainan

Egunerokoa zailtzen duten zigorrak

Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren Mendebaldeak emandako erantzunak eragina du bai Errusian bertan eta bai herritarrengan ere.

Alex Bustos
Mosku
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ia ez dago McDonald's-ik, Vkusno Y Tochka deiturikoak baizik (Gozo-gozoa eta kito). Starbucksek alde egin zuen, eta Starrek hartu du haren tokia. Horiek dira ihesaldirik deigarrienak hedabideen goiburuetan, baina ez dira bakarrak: mila multinazional inguruk alde egin dute Errusiatik. Ihesaldi horrek aldatu egin ditu merkataritza guneetako dendak eta supermerkatuetako zenbait apalategi. Moskun bakarrik, 200.000 lanpostu baino gehiago galdu dira. Hori azaleko eragina da, ordea.

Sakelan, hor bai eragin dietela zigorrek Errusiako herritarrei. Natalia Moskukoa da, eta baieztatu du produktu asko garestitu egin direla. «Ni joan ohi nintzen denda asko itxi egin dituzte, eta, beraz, alternatiba batzuk bilatu behar izan ditut erosketak egiteko», azaldu du. «Bizitza osoan, behin baino gehiagotan ezagutu ditut prezioak igotzea eragin duten zenbait aldaketaSobietar Batasuna desegin izana, 2008ko finantza krisia, COVID-19aren eragina; beraz, ezin dut esan harritu egin nauenik», ziurtatu du. «Autonomoa naizenez, egoera honek are buelta gehiago emanarazi dit», gehitu du.

Askotariko zigorrek eta blokeoek kalte handia egin diete inportazioei. Mendebaldeko konpainia askok erabaki dute Errusiarekin eta hango konpainiekin salerosketak egiteari uztea. Errusiak badu modua produktu batzuk bere lurraldean bertan fabrikatzeko edo betorik jarri ez dion herrialderen batetik inportatzeko. Halaxe gertatzen da elikadura produktu gehienekin; izan ere, Errusiatik bertatik, Bielorrusiatik eta Erdialdeko Asiako eta Kaukasoko herrialde batzuetatik datoz gehienak.

Eskasia eta prezioen igoera

Farmazia sektoreak igarri ditu bereziki ondorioak. Gainera, medikuntzako ikerketarako zentroetako zenbait iturrik BERRIAri baieztatu diote ikerketa batzuk geldirik daudela edo motelago doazela, beharrezko osagaiak falta baitzaizkie. Osagai gehienak AEB Ameriketako Estatu Batuetan ekoizten dira, eta Eskandinaviako herrialdeetan. Herritarrek ere igarri dute farmazietan zenbait botika falta direla, eta urte hasierarekin alderatuta garestitu egin direla prezioak.

Aeronautikaren sektoreak ere arazo larriak ditu hornidurarekin, herrialdeko ekoizpena urria baita. Europako Batasunetik inportatzen zen nagusiki. Gaur egun, Errusiako aire konpainiek aurkitu duten irtenbidea zera da, hegazkin batzuk kanibalizatzea. Alegia: flotaren zati bat desegitea, eta hegazkin horietako piezak baliatzea oraindik martxan daudenentzat ordezko piezak izateko. Horregatik, Txinak betoa jarri die Errusiako hegazkin konpainia gehienei, segurtasun arrazoiengatik.

Beste arazo bat inflazioa da, oinarrizko produktu asko garestitzea eragin baitu. Herrialdean bertan produktu asko ekoizten badira ere, makineria gehiena atzerritik dator. Adibidez, patatarekin gertatu da hori —%45 garestitu da—, baina baita beste barazki eta fruta batzuekin ere: besteak beste, tomatea, platanoa eta sagarra garestitu dira. Prezioen igoera horrek histeria kolektiboa eragin du zenbaitetan: esate baterako, pentsiodunen arteko borrokak izan dira azukrea erosi ahal izateko, baina, gaur egun, ez da halakorik ikusten supermerkatuetan. Estatistika batzuek adierazi dutenez, errusiarren %70ek diote egoera ekonomiko zaila dutela.

Zigorren eragina arintzeko, Errusiako Estatuak alternatibak bilatu ditu produktu batzuk eskuratzeko. Orain, Errusian legezkoa da marka baten produktuak inportatzea haren baimenik gabe. Horrek esan nahi du badaudela bideak Errusia utzi duten marken produktuak ekartzeko, beste herrialde batzuen bitartez: esaterako, iPhone sakelakoak eta BMW autoak ekartzeko Irandik eta Arabiar Emirerri Batuetatik. Softwareari dagokionez, berriz, irtenbidea izan da herritarrei baimena ematea alternatiba errusiarrik ez duten programetan sartzeko, mugei izkin eginda: Photoshopen, besteak beste.

Errusiarrak atzerrian

Gaur egun, errusiarrentzat oso zaila da bidaiatzea. Bisetan murrizketak daude, hegazkin bidaien prezioak garestitu egin dira, eta, toki askotara joateko, lehen egin behar ez ziren eskalak egin behar dituzte. Moskutik Parisera edo Berlinera hegazkinez joateko, Turkian eskala egin behar da; gaur egun, Turkia da lotune nagusia errusiarrentzat. Urte hasieran, Moskutik Istanbulera hegazkinez joateak 400 euro inguru balio zuen, joaneko bidaiak soilik; orain, zaila da mila euro baino gutxiago balio duen ezer topatzea, eta, gainera, beste bidaia bat gehitu behar zaio horri. Lehen, gutxi batzuek bakarrik egin zitzaketen horrelako bidaiak errusiarren %10 inguruk, kalkuluen arabera, eta orain are gutxiagok, prezioen igoeragatik.

Aurtengo martxoaren 1ean, lehendik atzerrian bizi ziren milaka errusiarrek ikusi zuten beren kreditu txartelak plastiko hutsal bihurtu zirela egun batetik bestera, eta horrek oso egoera zailean utzi zituen asko eta asko. Ezin zuten supermerkatuan erosketarik egin, ez alokairua ordaindu, ezta eguneroko beste edozein gasturi aurre egin ere. Herrialde batzuetan, zailtasun gehiago ere badituzte. Georgian, esate baterako, Errusiako herritarrek mugak dituzte bankuan kontu bat zabaltzeko, eta etxejabe askok ez diete etxerik alokatu nahi. Hain zuzen ere, errusiar asko herrialde horretara joan dira aurten, Errusiatik hurbil dagoelako, batetik, eta haientzako bisen erregimen bat dutelako, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.