Naroa Jauregizuria. Ahize-AEK

«Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez periferian dauden gazteek «euren zentroak» sortzen dituztela azaldu du Jauregizuriak, eta hori «balioetsi» behar delakoan dago.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Naroa Jauregizuria Lopategi (Leioa, Bizkaia, 1978) hizkuntza aholkularia da Ahize-AEKn, eta 2017tik ikerketa bat egiten ari da periferiako gazteek euskararekin eta euskal kulturarekin duten harremana aztertzeko. Orain arte, 2000. urtetik aurrera jaiotako 180 bat gaztek parte hartu dute ikerketan, Bilbon, Barakaldon, Getxon, Portugaleten, Leioan (Bizkaia) eta Gasteizen. Ondorio nagusiak aurkeztu ditu Kontseiluak antolatutako jardunaldietan, Periferiako gazteak eta euskara. Ertza amildegi ala talaia? izeneko hitzaldian.

Euskalgintzan aspaldi honetan sarri erabilitako kontzeptuak dira zentroa eta periferia. Gazteen arlora ekarrita, nortzuk dira periferiako gazteak? Zer ezaugarri dute?

Euskararen eta euskal kulturarekin lotuta erabiltzen ditugu guk kontzeptu horiek. Denok gaude une batean edo bestean erdigune batetik hurbilago edo kanporago, baina ikusten genuen oro har hiriguneetan gabezia egoera batean bizi garela euskararen eta euskal kulturaren garapenari dagokionez: ezagutzan, erabileran, baliabideetan, estatusean eta abarretan. Horrek eramaten gaitu zentrotik kanporantz. Eta denok biri gara horretan, gazteak zein helduak.

Gabeziak aipatu dituzu, baina periferian egotea aukera gisa ere uler daiteke? Ertza «amildegi edo talaia» izan daitekeela iradokitzen duzu zuren hitzaldiaren izenburuan.

Ez dut periferia erromantizatu nahi; askotan deserosoa da, eta injustizia ere bada, baliabide nahikorik ez duzula eta askotan gutxietsita zaudela esan nahi duelako. Baina hortik abiatuta, gerta daiteke egoera horren ondorioz kanpoan geratzea eta horrekin ezer jakin nahi ez izatea, edo, aitzitik, sentitzea norbera zerbait galtzen ari dela eta gehiago jakiteko gogoa piztea. Horrek ekar dezake tresna berriak garatu behar izatea, eta hortik mugimendua eta berrikuntza sortzea.

Belaunaldi gatazka ere egon daiteke auzi horren atzean?

Hizkuntza batek aurrera egingo badu, aurrera egingo du gazteek transmisioa jaso dutelako, baina baita aurrekoa gainditu dutelako ere. Aurrekoa gainditzea lortzen ez badute, kultura hori museoko zerbait bilakatuko da. Horretarako, gatazka derrigorrezkoa da. Beti gertatu den moduan, helduen aldetik erresistentzia batzuk daude, baina gazteek ere zail daukate: demografikoki gutxiago dira, eta aurreko belaunaldiak, euskararen berreskurapenean izan duen rolagatik, ez du berea askatu nahi. Munduaren ikuskera oso desberdinetatik abiatzen gara, eta batzuetan elkar ulertzea kosta egiten da. Baina pentsatzen dut 80ko edo 90eko hamarkadetan ere berdin gertatuko zela.

Ikusi gehiago:Euskara, gazteen ikuspegitik

Gazte horiek nondik jasotzen dute euskal kulturarekiko lotura?

Gehienek hezkuntzaren bidez egiten dute harreman hori. Haurrak direnean badago beste babes bat: gurasoak saiatzen dira euren lana egiten, udaletan gauzak antolatzen dira eta abar, baina helduen mundura hurbildu ahala, hori desagertzen da eta oso hari meheak baino ez dira gelditzen.

Gizartean bizi duten giroa hain erdalduna izateak ez du lagunduko.

Hori da. Kirol erreferenteak erdaldunak badira, sare sozialetan dena erdaraz jasotzen badute, argi dago horrek ez duela laguntzen. Baina saia gaitezke gune horietara euskara eta euskal kultura eramaten, egiten diren gauzei fokua jartzen eta, batez ere, gazteei beraiei protagonismoa eta parte hartzeko aukerak ematen, hau da, dena ez izatea jasotzea eta eurak eragile aktibo izatea.

Periferian dauden gazte euskaldunek ba al dute gutxiagotasun sentimendua edo «behar bezain euskaldun» ez izatearen ustea?

Gazte horiek periferian daude, baina beharbada periferian euren zentroak sortuko dituzte, eta askotan horri ez zaio baliorik ematen. Batzuetan, euskaldun izatearen irudi bat proiektatzen da, esentzialismotik gertu dagoena. Gainera, badirudi leku guztietan benetakotasuna frogatu egin behar dela, baina zer da benetako euskaldun izatea?

Euskalkiaren auzia ere hor dago. Periferiako gazte askok, unibertsitatera iritsitakoan, beste lekutako gazte euskaldunak ezagutzen dituzte, eta batzuek izan dezakete sentsazio hori, haiena ikasitako euskara dela eta besteena, berriz, etxetik jasotakoa. Bilbo inguruko jende askorentzat euskara batua da ama hizkuntza, baina badirudi horri ez zaiola baliorik ematen.

Hitzaldian esan duzu hau ez dela gazteen arazoa, gizarte osoarena baizik.

Hori da. Gazteei ari gara eskatzen beste leku batzuetan betetzen ez diren gauzak, eta gazteak ez dira tontoak. Ikastetxean euskara jasotzen dute, baina gero kalera joaten dira eta ikusten dute errealitatea beste bat dela. Eta guk eskatzen diegu inolako babes eta sarerik gabe euskaraz bizi daitezela. Koherenteak izan behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.