Aitziber Etxezarreta. Ikertzailea

«Beharrezkoa da lege berri honen aterki juridikoa»

Espainiako Etxebizitza Legeak eskumenen inguruko eztabaida bat sortu du. Etxezarretaren ustez, ordea, alokairuen prezioen igoera mugatzeak sortu du «benetako» eztabaida.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu duten Etxebizitza Lege proiektuak harrabotsa sortu du. Legea idatzi eta babestu dutenek esan dute segurtasun juridikoa emango dietela Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikei. EAJk, berriz, adierazi du autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituela. Adierazpenen lainoan argi pixka bat ikusteko, hainbat azalpen eman ditu Aitziber Etxezarretak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria eta irakaslea da, eta etxebizitza politikan aditua. EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko zuzendaria ere bada. Esan duenez, Madrilgo lege proiektua eta Hego Euskal Herrian indarrean dauden etxebizitza legeak elkarren «osagarriak» dira.

Etxebizitza politikaren eskumenak nola banatuta daude?

Espainiako Estatuan etxebizitzaren eskumenak eta horrekin harremana duten beste zenbait esparrurenak banatuta daude estatuaren, autonomia erkidegoen eta udal gobernuen artean. Autonomia erkidegoek lurralde antolamendu, hirigintza eta etxebizitza alorretako eskumenak dituzte, baina estatuak beste eskumen batzuk baditu, zeharkakoak eta etxebizitzaren marko orokorraren esparruan eragin zuzena dutenak; jasangarritasun soziala bermatzen duten neurriak, esaterako.

Orduan, Madrilen onartu duten Etxebizitza Legeak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumenak urratzen ditu ala ez?

Zenbaiten ustez, autonomia erkidegoen eskumenak urratuko ditu, baina, beste batzuen iritziz, ez du benetako urraketarik eragingo, baizik eta lehenago existitzen ez ziren zenbait baliabide eskaini. Aterki juridiko zabalagoa eskainiko luke legeak, orain arte egin izan ezineko egitasmo edo politika publikoak aurrera eramateko. Baina martxan jartzea erkidegoen edota udalen eskumena litzateke.

EAEko eskumenak segurtasun juridikoz gauzatzeko beharrezkoa da estatuko legearen aterkia, beraz?

EAEko udalen batek alokairuen prezioak mugatu nahi baditu, behar-beharrezkoa da lege berri honen aterki juridikoa, horren faltan ezingo bailuke arautu gehienezko preziorik alokairuko etxebizitzaren merkatuan.

Harrabotsa sortu du alokairuen prezioak mugatzeko aukerak.

Garrantzitsuena eta eztabaidatuena hori izan da. Tentsio handiko herriguneetan alokairuen prezioak mugatzeak edo gehienezko prezioa jartzeko aukera zabaltzeak sortu dute benetako eztabaida, eta, horretan, zenbait alderdi gobernuaren ekimenarekin ados egon dira, eta beste zenbait, aurka. Eztabaida ekonomikoetan, oro har, aspaldikoa da gehienezko eta gutxieneko prezioen inguruko eztabaida, eta, kasu jakin honetan, beharrezko ondasun bati gehienezko prezioa jartzeko aukera juridikoa ezartzeaz ari gara. Ondoren, erkidegoekedota udal gobernuek izango dute aukera hori erabiltzeko eskumena.

Bartzelonako Udala saiatu zen: urte eta erdiz alokairuen prezioak legez mugatzeko neurria indarrean izan zuen, [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zien arte.

Bartzelonako esperientziaren emaitzak aztertu dituzte?

Txostenek emaitza oso ezberdinak eman zituzten. Batzuen ustez, balio izan zuen prezioen igoera moteltzeko, eta, beste batzuen ustez, aurkako eragina sortu zuen. Nire iritziz, gaur egun dugun egoeran, alokairuen igoerari muga jartzea neurri egokia da.

Tentsio handiko eremuak ere definitzen ditu legeak. Ba al da Euskal Herrian horrelakorik?

Asko dira tentsio handiko guneak Hego Euskal Herrian: maizterrek beren diru sarreren %30 edo gehiago bideratzen badute alokairua edo hipoteka ordaintzera, edota azken bost urteotan prezioen igoera KPIarena baino hiru aldiz handiagoa izan bada, tentsio handiko eremutzat jo daiteke. Donostiak lehenengo baldintza betetzen du, ziur. Nire susmoa da asko izango direla EAEn.

Hego Euskal Herrian etxebizitza baterako sarbidea eskubide subjektiboa da legez. Gauzatzen da edo ez?

EAE izan zen etxebizitza eskubide subjektibo —eta, hortaz, galdagarri— gisa arautu zuen lehen erkidegoa, 2015. urtean. Ondoren, Nafarroak bide bera egin zuen, 2018an. Galdagarriak ere badira eskubide horiek, hau da, epaitegi batera joan zaitezke zure etxebizitza eskubidea erreklamatzera. Baldintzak betetzen badituzu, erantzun bat eman behar dizute; 2015. urtearen aurretik ezin zen inon erreklamatu.

Zeintzuk dira lege horiek martxan jartzeko oztopoak?

Benetan martxan jartzeko oztopo handiena da, nolanahi ere, benetako etxebizitza publiko parke baten gabezia. Beraz, herritar askori etxebizitza eskubidea onartuta ere, ezin zaio etxebizitza publiko bat eskaini, ez delako existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.