Errusian dago Bielorrusia

Putinen eta Lukaxenkoren arteko harremanak estutzeko balio izan dute protestek. Moskurekin kritikoago diren estatuek hala eskatu arren, Bruselak ez du neurri zorrotzagoak hartzeko asmorik

Manifestariak, Minsken, militarrak aurrez aurre dituztela. Abuztu hasieratik egunero izan dira protestak hiriburuan. STR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Presidentetzako bozen emaitzak jakinarazi bezain azkar piztu ziren protestak Minsken. Aurrez ere izan ziren, noski, Aleksandr Lukaxenko jarduneko estatuburuaren aurkako salaketak, oposizioko kideak atxilotzeagatik, baina hauteskundeetan iruzur egin zuen ustea zabaldu izanak sutu egin zituen herritarrak; izan ere,haietako askok bazuten itxaropenik Lukaxenkoren 26 urteko agintaldiaren amaiera izan zitekeela hura. Svetlana Tikhanovskaia oposizioko presidentegaiak Lituaniara ihes egin behar izan zuen protestak hasi eta gutxira, eta Europako Batasunak berak Lukaxenkoren aurka jo zuen, eta baita zigorrak iragarri ere «manifestarien aurkako indarkeriaren erantzuleentzat».

Presidentearen aurkako kritikak eta jarrerak Europa osora zabaldu ziren, eta ekialdeko hainbat herrialdek, Lituania tartean, neurri gogorragoak eskatu zizkioten Bruselari. EBk, ordea, ez du urrunago joateko asmorik agertu. Izan ere, Bielorrusiakoa borrokagaldua da harentzat. Oposizioak Lukaxenko boteretik kentzeko asmo argia agertu badu ere, Bielorrusiako protestek ez dute zerikusirik 2014an Ukrainako gobernuaren gainbehera eragin zutenekin. Ordu hartan, EBri bizkarra eman eta Errusiarekiko harremanak estutzea erabaki zuen Kieveko gobernuak, protestak piztuz. Minsken kasuan, ordea, ez da halakorik. Oposizioak ez du Bruselara gerturatzeko inolako asmorik. Valeri Tsepkalo erbestean dago, eta Viktor Babariko,espetxean, eta oposizioko kide biek argi utzi dute Errusiarekiko harremanei eutsi nahi dietela. Tsepkalok berak, kanpainan emandako elkarrizketetako batean, nabarmendu zuen bi estatuek «kultura eta historia partekatzen» dutela.

Aldiz, urte luzez Vladimir Putin Errusiako presidentearen aliatu gisa agertu izan den Lukaxenkok, jarrera aldatu du azken hilabeteetan, oposizioko kideei «Moskuren txotxongiloak» izatea leporatzeraino. Lukaxenkoren eta Putinen arteko harremana 2014an hasi zen okertzen, Errusiak Krimea anexionatu zuenean -Ukrainako errepublika autonomoa zen ordura arte. Bielorrusiako presidentea kritiko agertu zen hasieratik Moskuk emandako urratsarekin, eta haren jarrerak mesfidantza piztu zuen Kremlinen. Geroztik, urrats txikiak baina adierazgarriak egin ditu gobernuak, besteak beste, aditzera emanez bielorrusiera hizkuntza bereizia dela edota atzerrian bizi diren bielorrusiarrekin nolabaiteko komunitatea osatzeko ahalegina eginez, eta hala nazio sentimendua indartuz.

Bi dira, hala ere, Moskuren eta Minsken arteko gatazka iturri nagusiak: Estatu Batasunaren Hitzarmena eta gasa. Akordioa 1999an sinatu zuten bi aldeek, atzerri politikan, ekonomian,gizarte arloan eta defentsa elkarlana bultzatzeko asmoz, eta, azkenean, baita parlamentu eta txanpon bakarra izateko helburuarekin ere. Hura sinatu zutenetik hogei urtera, ordea, indarrean sartzetik oso urrun dago proposamena.

2014an Ukraina bere eraginpetik kanpo geratu zenetik, Bielorrusiarekiko harremanak estutzen ahalegindu da Mosku, 1999ko akordioan aurrera egiten ahaleginduz. Lukaxenkok, ordea, ez du interes berezirik agertu bide orrian aurrera egiteko, argudiatuz «Bielorrusiaren subiranotasunari eutsi» nahi diola.

Gasaren gatazka

Errusiak Bielorrusia bere ondoan nahi izatearen arrazoia geopolitikoa da; izan ere, Ukraina galduta, hura da Europarako sarbide nagusia, eta handik igarotzen da Errusiatik Europara erregaia garraiatzeko Yamal-Europe gasbide nagusia. Horrez gain, Bielorrusiak berak ere Errusiatik jasotzen du xahutzen duen erregaiaren kantitaterik handiena. Iaz, esaterako, 17,6 milioi tona fuel olio jaso zituen.

Moskuk menpekotasun hori baliatu izan du maiz Minskek bere aldeko erabakiak har ditzan. Putinek berak esana da ez dela «ulergarria» Bielorrusiari erregaia merke saltzen jarraitzea Estatuaren Batasunaren Akordioak blokeatuta jarraitzen duen bitartean. Lukaxenko bere aldetik ahalegindu da Errusiaren aterkipetik ihes egiten, erregaia beste herrialde batzuetatik eramanez; baina, batetik, Moskutik bidalitako petrolioa askoz ere merkeagoa da, eta, bestetik, erregaia garraiatzeko aukerak ere murritzak dira.

Bozen osteko lehen protestak piztu zirenean, isilik eutsi zion Moskuk, auzia «Bielorrusiako barne arazoa» zela argudiatuta. Egunak joan ahala, eta Bruselak Minsken aurkako jarrera hartuko zuela argi geratu zenean, eskua luzatu zion Putinek bere betiko aliatuari, eta ohartarazi Lukaxenkok eskatuz gero, laguntzeko prest legokeela Kremlina. Hala, bakarrik geratu da oposizioa. Izan ere, Bruselak ez du urrats gehiago egingo, eta Errusiak dagoeneko egina du bere hautua. Bestalde, Tikhanovskaiaren zerrenda oso berria da, eta kide gehienak erbestean edo preso ditu, eta testuinguru horretan zail dirudi Lukaxenko boteretik kentzea lortuko dutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.