Zerbait oker dagoK-Pop-aren munduan. Hori ari dira hegokorear asko esaten aste honetan. Izan ere, beste artista gazte batek bere buruaz beste egin du. 25 urteko Moonbin, Seulen, bere apartamentuan, hilda aurkitu du asteazken gauean haren managerrak. Gertatutakoa jakin dutenean gertukoek adierazi dute artistak denbora zeramala arazo psikologikoekin, presioaren ondorioz. Atzerrian BTS edo BlackPink bezain ezaguna ez den arren, Hego Korean bai, denek ezagutzen dute Astro, haren musika taldea. Jarraitzaileek mezuak eta loreak utzi dizkiote egunotan, Seulen. Baita Asiako beste hainbat herrialdetan ere, besteak beste, Indonesian eta Thailandian, bertan eman baitzuen gazteak azken ikuskizuna, apirilaren 8an.
Moonbin 11 urte zituela sartu zen musikaren eta telebistaren munduan. Lehenik, aktore gisa aritu zen Hego Koreako Boys Over Flowers telesailean; geroago, musikan, 18 urterekin, Astro K-Pop taldean sartu zuten arte. Bost gaztek osatzen zuten taldean dantzaririk onenentzat zuten Moonbin. 2020tik orain arte Astro taldeko beste abeslari Sanharekin hainbat ikuskizun egin ditu; azkena Bangkoken, duela bi aste.
Moonbinen bizitza haurtzarotik lanari lotuta egon da: antzerkia, dantza, kantua eta abar egunero lantzeaz harago, nolako itxura eta jarrera izan behar duen erakutsi diote. Ez soilik kameren aurrean, baita bizitza pribatuan ere. Izan ere, Hego Koreako K-Pop artistak, musikari eta dantzari izateaz gain, beste zerbait ere badira: idoloak, jarraitzaileen jainko moduak. Eta milioika gazteren idoloek ezin dute akatsik egin. Ezin dira beren koreografiekin nahastu, ez noski. Baina are gehiago, ezin dute, adibidez, beren fanak jeloskor jarriko dituen argazki bat sare sozialetan jarri, edo elkarrizketa batean adierazpen deserosoren bat egin.
Izan duen azken kontzertuetariko batean, Moonbinek aitorpen bat egin zien fanei: «Gauza bat aitortu nahi dut, azkenaldian ez nabil batere ondo. Segur aski kontzertuan nabaritu duzue zerbait, eta horregatik barkamena eskatu nahi dizuet. Saiatzen ari naiz; gauza txiki positiboak ikusten ikasiko dut. Azken finean, nik aukeratu dut lan hau, eta zoriontsu izan behar dut, nire jarraitzaileak ere zoriontsu egin ahal izateko».
Arazo psikologikoak izan eta milioika fanei barkamena eskatu behar izatea; hitz horiek badira Moonbinek eta gainerako K-Pop artistek perfektu izateko bizi duten presioaren erakusgarri. Seguruenik, gazte-gaztetatik beren manager eta irakasleengandik entzun dituzte horrelako esaldiak: irribarre perfektua, ile perfektua, arropa perfektua… Keinu bakoitza bere lekuan, inolako inprobisaziorik ez, eta, noski, beren mundu horretan ez dago lekurik negatibotzat hartzen diren sentimenduentzat.
Ez da sorpresa handiegia izan. Izan ere, azken urteotan ohiko albiste bihurtu da Hego Korean famatu gazteen heriotza: 2017an, Jonghyun SHINee taldeko liderra agertu zen etxean hilda; 2018an, Minwoo beste gizonezko K-Pop talde baten abeslaria; 2019ko urrian, Sulli; hilabete geroago, bere gertuko lagun —K-Pop abeslaria baita ere— Goo Hara.
Bereziki Sulliren kasuak oihartzun handia izan zuen. Emakumeen eskubideak aldarrikatzen zituen K-Pop artista bezala ezagutzen dute munduan. Berak publikoari erakutsi nahi izan zion ez zela idolo perfektua, eta elkarrizketetan sarritan hitz egin zuen arazo psikologikoez. Emakumeek bularretakoa ez eramatea ere aldarrikatzen hasi zen, eta, kontzertu batean berak aukera hori egin ondoren, sare sozialetan bullying-a hasi zen. Isilik geratu ordez, Sullik publikoki salatu zituen sare sozialetako irain anonimoak, baina horrek gorroto handiagoa sortu zuen. Bullying-a luzaroan jasan ondoren depresioan erori, eta azkenean bere buruaz beste egiten amaitu zuen artistak.
Horiek horrela, suizidioa ez da Hego Korean K-Pop-aren munduari bakarrik dagokion zerbait. Herrialde garatuen artean daturik kezkagarrienak dituen herrialdea da, hain zuzen ere. Batez ere, 20-30 urte bitarteko gazteen artean da ohikoa. Eta K-Pop aren kasuan bereziki, datuak gora egiten ari dira. Zerbait oker egiten ari den erakusgarri.

LEKU-LEKUTAN
Izan K-pop-a eta perfektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu