Harper Lee

Arrakastak ezkutatzen duena

'To Kill a Mockingbird' eleberri sonatuaren egilea hil da. Liburu hori soilik argitaratu zuen joan den urtera arte; 1950eko hamarkadan idatzitako 'Go Set a Watchman' kaleratu zuen iaz.

Ihintza Elustondo
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Misterio bat izan da Harper Leeren bizitza (Monroeville, AEB, 1926). Haren To Kill a Mockingbird nobelak kaleratu orduko izan zuen arrakasta. 1961ean Pulitzer saria irabazi zuen. 40 milioi aletik gora saldu ziren. Itzulpenen bidez, mundu osora hedatu zen. Eskoletan justiziaz hitz egiteko erabili izan da. Film bat baino gehiago ren oinarria ere bada: besteak beste, 1962an Robert Mulliganek zuzendutako lanarena— hiru Oscar sari eskuratu zituen—. Eta datorren urterako Broadwayrako (AEB) antzezlan bat prestatzen ari da Aaron Sorkin gidoilaria. Baina Leek ez zuen beste libururik eman argitara. Ezin jakin zergatik. Iaz arte. Go Set a Watchman eleberria kaleratu zuen, 1950eko hamarkadaren erdialdean ondua. Atzo hil zen idazle estatubatuarra, jaioterrian, 89 urte zituela. 2007tik zahar etxe batean bizi zen, osasun arazoak tarteko.

Bi liburu idatzi zituen Leek. Eta, funtsean, biek dute ernamuin bera: idazlearen sorterria. Nobelak Alabamako Maycomb alegiazko herrian daude girotuta, baina, adituen arabera, Monroeville da leku hori. Gainera, bietan Scout Finch da pertsonaia nagusia. Eta ez da kasualitatea. Izatez, bi liburuek baitute oinarrian ideia bera.

Kontu bitxia den arren, Go Set a Watchman lehenago idatzia da To Kill a Mockingbird baino. 1950eko hamarkadaren erdialderako amaitua zuen lehena, eta, hamar editorek ezezkoa eman eta gero, Tay Hohoffek idatzi harekin zerbait egin zitekeela ikusi zuen. Baina aldaketa bat egitea proposatu zion: Scout pertsonaia adin nagusian ageri zen, eta editoreak, Scouten haurtzaroko flashback-ek liluratuta, istorio bera Scout umearen ikuspegitik idaztea gomendatu zion. Orduan jaio zen estatubatuarren barrenak mugitu zituen eleberria. Urteak pasatuta, lehenengo eskuizkribu hura aurkitu dute, eta Leeren onespenez eman zuten argitara joan den uztailean. Polemika sortu zen: batzuen arabera, Lee ez zen halako erabaki bat hartzeko gai, osasun arazoak zituelako ordurako. Bi milioi aleko argitaraldia izan zuen.

1960ko hamarkadako AEBetako gizarte korapilatsua kontuan izan behar da To Kill a Mockingbird-ek sortu zuen fenomenoa ulertzeko. Arrazakeriaz eta eskubideez hitz egiten du nobelak, eta une hartan jendeak bazuen horretaz hitz egiteko behar bat.

Aztarna autobiografikoak

Scoutek 6 urte ditu, eta anaia Jemekin eta aita Atticusekin bizi da. Haurrek ez dute amarik. Aita abokatua da, eta Tom Robinsonen defentsa enkargatu diote. Beltza da Robinson, eta arraza zuriko emakume bat bortxatu izana leporatzen diote. Hainbat herritarrek ez dute onartzen Atticusen lana, eta, aitak ez ezik, haren seme-alabek ere jasan beharko dituzte horren ondorioak. Epaiketak agerian utziko du Robinson errugabea dela, baina ebazpena haren aurkakoa izango da. Egoera horren inguruan Atticus pertsonaiak duen jarrera arrazakeriaren aurkako eredutzat hartu izan da.

Idazlearen biografiaren aztarnak aurkitu izan dituzte istorioan; Lee ere abokatu baten alaba zen, eta hilketa leporatzen zieten beltz batzuk defendatzea tokatu zitzaion aitari. Truman Capote idazlearen lagun mina izana zen Lee haurtzaroan, eta Dill pertsonaia harengan oinarrituta dagoela diote.

Idazleak zuzenbidea ikasi zuen Alabaman, eta 1950eko hamarkadan New Yorkera joan zen. Baina liburua argitaratu ostean Monroevillera itzultzea erabaki zuen, ospeari ihesi. Beti mantendu zuen pribatuan bere bizitza. Ez zuen elkarrizketarik ematen, eta herriko museoari salaketa bat ere jarria zion, bere fama gunearen onerako erabili zutelako.

Halaxe joan da Lee. Ohi zuen moduan, isilean. Baina haren lanak lehen bezain bizirik daude. Ez baita asko aldatu arrazaren afera AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.