Literatura. 'Txipiroiak bere beltzean'

Dibertitzeko literatura

Idazlea: Rafa Egiguren. Argitaletxea: Susa.

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Normalean liburu baten izenburua irakurtzean irakurleak sumatu dezake zein estilotatik begira dagoen idatzita lana. Oraingo honetan, Rafa Egigurenen Txipiroiak bere beltzean liburua eskuetan hartzean, lehen begiradan ezin zaio antzik eman ez gaiari, ez formatuari. Eta esango nuke eskertzen dela, tarteka, ia halako birjintasun sentsazio batez ekitea irakurketari.

Idazlearen aurreko lanak gogoan, egile hernaniarrak argitaratutako azken narrazio lanera, hau da, Chevrolet tropikala eleberrira doakio pentsamendua irakurleari, ia hamabi urte pasatu baitira azken lan hura argitaratu zenetik. Era berean, Egigurenen lehen lana ere etorri zait gogora lehen begiratuan, Txipiroiren bat edo beste poema-liburua, eta, hari begira, badirudi badela hernaniarraren ekoizpen guztia, hasieratik amaierara, gurutzatu dezakeen hari ikusezin baten oihartzuna: lehen lanetatik antzematen zaion ekialde urrunarekiko lilura eta narrazioan ludikotasunerako joera mantentzen baitira. Esan izan da bi horiek direla idazleari ahots berezi batez enuntziatzeko aukera ematen dioten elementuak.

Txipiroiak bere beltzean hamahiru narrazioz osatutako kontakizun bilduma dugu, eta denetan agertzen dira etengabeko mugimenduarekiko eta, bereziki, ekialdeko munduarekiko harremanarekiko fideltasun bat gordetzen duten elementuak: batzuetan, kontakizuna ekialdeko herrialdeetan kokatutako bidaietan oinarrituko da; eta, beste batzuetan, Euskal Herrian kokatutako kontakizunek zerikusia izango dute ekialdeko munduko kulturako gertakizunekin. Hala ere, erreferenteen zehaztasunak ez du kontakizunen gaien aniztasuna mugatzen: badira familiako kideen heriotzaren ingurukoak, atzerriko euskara irakasleen pasarteei buruzkoak edo gure historiaren memorian arakatzen dutenak nahiz eguneroko jarduna errepasatzen dutenak.

Bestalde, eta formari dagokionez, tonu arinean idatzitako ipuinak dira Egigurenenak. Literatura jolaserako baliabidetzat hartzen duen idazlearen arrastoa agerikoa da lan guztietan, eta baita azken honetan ere. Prosa bizkorra da gipuzkoarrak ondutakoa, pertsonaiei eta haien hitzei lekua egiten diena; azken finean, erritmo biziz istorioak kontatzean oinarritzen den literaturaz ari gara hemen. Alde horretatik etor daiteke lanaren ahuldaderik nabarmenena; testuei zenbaitetan mamira joatea falta zaielako sentsazioa izan baitut.

Bestalde, nola begiratzen den, badu alde horretatik mesedegarria gertatzen den konturik ere: transzenditzeko egiten den literaturatik urrun jarriko nuke nik Egigurenen lana. Entretenitzeko eta denbora-tarte dibertitu bat pasatzeko helburu gehiagoz idatzitako testuak dira hauek, literaturaren historian arakatzen hasteko xedez idatzitakoak baino gehiago. Hori bereziki eskertu dut lana leitzeko orduan, gure literaturako lanetan usu ageri diren tonu pesimista eta kritikotik urruntzeak irakurleari askatasun puntua ematen diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.