Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Madrilen eragin, ala eskuina sendotu

Kanpaina abiatu dute ofizialki Hego Euskal Herriko alderdiek. Aldaketak espero dira 2016ko bozekin alderatuta

Arnaldo Otegi eta hauteskundetako EH Bilduko hautagaiak. E.PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu diren Hego Euskal Herriko alderdiek gauerdian abiatu zuten ofizialki kanpaina. Hartara, alderdiek dagoeneko eskatu ahal diete herritarrei euren aldeko botoa eman dezatela. Panorama politikoa oso zabalik dago apirilaren 28ko bozei begira, baina ziurra da aldaketak egongo direla 2016ko bozekin alderatuta.

Alderdi abertzaleak Kongresuan eragiteko ahalmena berreskuratzen saiatuko dira. EAJk eta EH Bilduk eragitera joan nahi dute Madrilera, eta horretarako indar nahikoa izan behar dute. Duela hiru urte, Ahal Dugu indarrez sartu zen agertoki politikora, eta argi geratu zen lortu zuela mobilizatu gabekoak mugiaraztea, gainerako alderdien boto asko zakura eramanda. Ahal Dugu-ren olatuaren ondorioz, jeltzaleek eserleku bat galdu zuten Bizkaian, eta orain diputatu hori berreskuratu eta are indartsuago egon nahi dute Madrilen. EH Bilduk duela hiru urteko hondoratzea atzean uztea du xede, eta Podemosen mesedetan galdutako eremua berreskuratzea. PSEk, berriz, zentro guztia du irabazteko, PPk are gehiago egin baitu eskuinera. Nafarroan, ikusteko dago eskuina batu izanak zer emaitza ematen duen.

ARABA

Azken eserlekua dantzan

Indarrak neurtzeko plaza da Araba. Lehia estua egon ohi da hauteskunde orotan, eta hala izango da Gorteetarako bozetan ere. Herrialdeari launa eserleku dagozkio Kongresuan eta Senatuan. 2016ko Gorteetarako bozetan, Elkarrekin Ahal Dugu-k, PPk, EAJk eta PSEk eserleku bana eskuratu zuten Kongresurako. Orduko hartan, inkestek iragarritakoaz bestera, PSEk ordezkariari eutsi zion, eta aldiz diputaturik gabe gelditu ziren EH Bildu eta Ciudadanos. Inkesta gehienek iragarri dute lau indarren artekoa izango dela lehia, eta EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk ordezkari bana lortuko dutela.

Kanpaina honetan, alderdi guztiek indar berezia jarriko dute Araban, jakina baita herrialde horretan oso banatuta dagoela botoa. Hala ere, inkestek ez dute argitu nork eskuratuko duen laugarren eserlekua. Baliteke boto gutxi batzuen arabera makurtzea balantza EH Bilduren ala PPren alde. Gakoa, beraz, bi alderdi horien arteko lehia estuan egon liteke. 2015eko eta 2016ko Gorteetarako hauteskundeetan, PSEk erdietsi zuen laugarren eserleku hori: 25.331 botorekin lortu zuen 2015ean, eta 26.381 botorekin 2016an. Soziometroak kaleratutako inkestaren arabera, ordea, azken diputatu hori PPk lortuko luke, eta haren atzetik geratuko litzateke EH Bildu; ordezkaririk gabe, beraz. Bien arteko aldea 6.500 boto ingurukoa litzateke.

2016an, Ahal Dugu izan zen gehien bozkaturiko alderdia herrialdean, bozen %30,9 eskuratuta. Orain oso zail izango du orduko emaitzak errepikatzea, baina diputatuari eutsiko dio ziurrenik.

BIZKAIA

EAJ nagusitasunaren bila

Bizkaira ere marea morea iritsi zen 2016ko bozetan; Ahal Dugu lehen indarra bilakatu zen herrialdean, eta nagusitasuna kendu zion EAJri, jeltzaleen betiko gotorlekuan. Botoetan alde txikia atera arren —3.700 boto soilik—, jokoan zegoen azken diputatua eskuratu zuen Ahal Dugu-k, EAJren kaltetan. Orain, EAJren eta Elkarrekin Podemosen arteko lehiarik ez da aurreikusten, eta jetzaleek erraz lor dezakete lehenengo indarra izatea, hiru diputatu eskuratuta.

Ahal Dugu-ren boto bilakaera gakoa izango da, halaber, PSEra bueltatuko den boto kopurua ikusteko. Kontuan hartu behar da 2016an Ezkerraldeko herri guztietan —historikoki PSEren gotorlekuan— lehen indarra izan zela Ahal Dugu, toki batzuetan botoen %35 baino gehiago lortuta. Sozialistek orduko odolustea itxi eta emaitzak hobetzea espero dute.

EH Bilduk, berriz, Ahal Dugu 2016an indartsu egin zen hiriguneetan du erronka nagusia. Sozialisten antzera, azken urteotako boto galera eten eta eremu hori berreskuratzea du xede. PPri dagokionez, emaitzen aurreikuspenak ez dira batere onak Bizkaian. Inkestek iragarritakoa betez gero, popularrek badituzte kezkatzeko arrazoiak, balitekeelako Bizkaian diputaturik gabe geratzea, eta Beatriz Alvarez Fanjul hautagai berria, Kongresutik at.

GIPUZKOA

Lehia abertzaleen artean

Duela hiru urte, Gipuzkoan abertzaleek nabaritu zuten gehien Espainiako bozak zirela, Podemos-Ahal Dugu efektua dela medio eta, neurri batean, abstentzio handiagatik ere bai. Ahal Dugu-k irabazi zituen bozak herrialdean, bi eserleku lortuta eta EAJrekin eta EH Bildurekin aldea handituta 2015eko bozen konparazioan. Koalizio subiranista izan zen boto gehien galdu zituena 2015eko bozekin alderatuta, eta oso urrun geratu zen 2011n Amaiurrek lortutako emaitzetatik —hiru diputatu 2011n, eta bakarra 2016an—.

Oso bestelako panorama aurreikusi dute inkestek orain: EH Bilduk lortuko luke Ahal Dugu-k galdutako aulkia, eta bi diputatu eskuratuko lituzke. Koalizio subiranistak bezala, EAJk ere bi diputatu lituzke, eta bakarra, berriz, sozialistek.

PPk azken hauteskunde zikloko beheranzko joeran jarraituko luke herrialdean, eta ordezkaririk gabe geratuko litzateke, inkesten arabera.

NAFARROA

Unionismoa batuta, gakoa

Nafarroan, unionistek irakurketa argia egin dute: elkarrekin badoaz, haien interesetarako hobea da; batu egiten dute. Nafarroako eskuineko hiru alderdi nagusiak (UPN, PP eta Ciudadanos) elkarrekin aurkeztuko dira Navarra Suma izeneko koalizioaren aterkipean, jakinik ahultzeko arriskua zutela bakarrik aurkeztuz gero. Ikusteko dago horrek norainoko arrakasta izango duen, baina, inkesten arabera, badirudi jokaldia ez zaiela gaizki aterako, eta bi diputatu lor ditzaketela.

Historikoki, sozialistek emaitza hobeak lortu izan dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Nafarroako parlamentukoetan baino, baina 2015eko eta 2016ko bozetan ez zen hala izan. Oso bestelako panorama aurreikusten da orain, PSOEk Espainian izan dezakeen gorakada irits litekeelako Nafarroara ere. CISeko inkestaren arabera, PSNk jasoko lituzke boto gehien herrialdean, eta bi eserleku irabaziko.

Nafarroari bost eserleku dagozkio Kongresuan. Eserlekua lortzeko langa 45.000 bototik gorakoa da, eta EH Bilduk 34.900 erdietsi zituen 2016an. Beraz, koalizioak ez du erraz izango diputatua lortzea. Kongresura bakarrik aurkeztuko da Geroa Bai, eta zail dauka, halaber, eserlekua lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.