Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Antzeko argazki bat deialdi berrirako

Ofizialki, abiatu dute kanpaina Hego Euskal Herriko alderdiek. Ez da espero aldaketarik apirileko bozen aldean

Edurne Begiristain - Joxerra Senar
Gasteiz Iruñea
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Gauerdian abiatu dute ofizialki kanpaina Espainiako Gorteetarako bozetara aurkeztuko diren Hego Euskal Herriko alderdiek. Hilaren 10ean egingo diren bozetan 23 diputatu eta 16 senatari aukeratuko dituzte Hego Euskal Herrian. Oro har, apirilaren 28an izan zirenen antzeko emaitzak espero dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Ez da aurreikusten aldaketa handirik. Ez mapa politikoa irauliko duen lurrikararik. Inkestek marrazten duten mapari erreparatuz gero, apirileko bozek utzitako argazkia errepikatuko dela pentsa daiteke, nahiz eta eserleku bat edo beste dantzan egon daitekeen. Araban, Bizkaian eta Nafarroan egon liteke, egotekotan, aldaketarik, eta boto batzuen arabera makurtu daiteke balantza alderdi baten edo beste baten alde. Gipuzkoako emaitzetan, berriz, apenas espero den aldaketarik.

ARABA
Lehia estua, beste behin


Araban egongo da, berriro, hauteskundeetako arretagune nagusietako bat. Botoa oso zatituta dago herrialdean, lau eserleku banatzen baitira EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta PPren artean. Jeltzaleek eta sozialistek diputatu bana lortu zuten apirilean, eta, boto kopuruetan izan daitezkeen gorabeherak alde batera utzita, ordezkaritzari eutsiko dietela ziurtzat jo daiteke. Beste bi eserlekuak nortzuen artean banatuko diren, ordea, ez dago hain argi.

Apirilaren 28an, gauerdira arte egon zen dantzan azken eserlekua EH Bilduren eta PPren artean, eta azkenean 400 boto gutxiren arabera makurtu zen balantza EH Bilduren alde, eta Javier Maroto PPko hautagaia eserlekurik gabe geratu zen. Azaroaren 10ean antzeko egoera bat errepikatu daiteke, bi alderdien arteko lehia bere horretan mantenduko delako. Ikusi beharko da, hala ere, Maroto efektua behin desagertuta, Mari Mar Blanco PPren zerrendaburuak zenbaterainoko gaitasuna duen eskuineko boto- emaileak erakartzeko.

Bada kontuan hartzeko beste faktore bat: Elkarrekin Podemosen emaitzak. Jaitsiera handia iragarri diote inkestek Pablo Iglesiasen alderdiari, eta horrek eragin zuzena izan dezake Araban, eserlekua galtzeko zorian egon litekeelako alderdi morea. Hala, azken eserlekua lortzeko lehia, itxura batean, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemosen artean izango da.

BIZKAIA
Ezkerra ahultzeko arriskua


EAJ izan zen garaile apirileko bozetan Bizkaian —boto kopuruan zein ehunekoan asko hazita gainera— eta oraingoan ere nagusitasun horri eutsiko diola nahiko argi dago. Apirilean lortutako hiru eserleku mantenduko lituzke EAJk, baina eserleku bat gehiago ere eskuratu dezake. Gakoa Elkarrekin Podemosen emaitzetan egon daiteke. Apirilean, alderdi horrek lortu zuen zortzigarren eta azken eserlekua, baina orain Iñigo Errejon buru duen Mas Pais alderdia Bizkaian aurkezteak ezkerreko botoa zatitu dezake eta Elkarrekin Podemosi kalte egin. Inkestek diotenez, EAJk edo PPk eskuratuko lukete Elkarrekin Podemosek galdutako diputatua.

Aldaketa gutxi espero da, berriz, PSEren emaitzetan. Espainiako logikak funtzionatu egin zuen apirileko bozetan, eta gorakada izan zuten sozialistek herrialdean, eserleku bat gehiago irabazita. Antzeko emaitzak eskuratu ditzakete sozialistek. Eta baita EH Bilduk ere: Oskar Matutek eutsiko lioke bere eserlekuari.

GIPUZKOA
Hegemoniari eustea


Urak askoz ere baretuago daude Gipuzkoan. Sei diputatu daude jokoan herrialdean, eta, apirileko bozekin alderatuta, aldaketarik ez da aurreikusten. Indar abertzaleen hegemonia bere horretan mantentzea espero da. Apirileko bozetan, EAJk lehen tokia berreskuratu zuen Gipuzkoan —botoetan gora eginda, eta emaitza onenak lortuta 1982tik— eta EH Bildu izan zen bigarren, duela hiru urte galdutako diputatua berreskuratuta. Hilaren 10ean ere alderdi abertzaleen indarra neurtzeko plaza izango da lurraldea. Inkestek bina diputatu ematen dizkiete berriro bi alderdi abertzaleei.

Apirileko hauteskundeetan Elkarrekin Podemosen beherakadak baldintzatu zituen lurraldeko emaitzak, eta galera horrek mesede egin zien batez ere EH Bilduri eta PSE-EEri. Sozialistek eutsi egin zioten diputatuari, eta Odon Elorzak eserleku horri eustea espero da orain. Elkarrekin Podemosek ere ez luke berea galduko.

Iñigo Arkauz buru duen PP, ordea, oso nekez lortuko du ordezkaritzarik. Beheranzko joera gelditu ezinda jarraituko luke eskuineko alderdiak oraindik.

NAFARROA
Jokalekua, zabalik


Nafarroan bost eserleku daude jokoan, eta a priori irudi luke apirilaren 28ko emaitza errepikatu daitekeela... edo ez. Ustekabeak egon daitezke.

Ezin da ahaztu duela bost hilabete oso lehia estua izan zutela EH Bilduk eta PSNk, eta oraingoan ere hala izatea espero da. Apirilean, Bel Pozuetaren hautagaitzak erakarrita eta maiatzeko bozak ate joka, oso emaitza ona lortu zuen. Haatik, oraingoan hautesle batzuk desmobiliza daitezkeen heinean, hutsune hori betetzea izango du erronka. Gainerako alderdiekin alderatuta, oinarri sendoa du, eta Geroa Baiko hautesle batzuk erakar ditzake. Apirileko emaitzetatik gertu geratuz gero, helburua bete dezake. Geroa Bairi kontrakoa gertatzen zaio: aurreko hiru bozek erakutsi dute oso zail duela diputatua lortzea.

Ia ziurra da PSN izango dela bigarren indarra eta haren boto kopuruak markatuko du diputatu bat lortzeko zenbatekoa. Zail da antzematea nola hartu duten boto emaileek azken hilabeteetan gertatutakoa. PSOEk Espainiako Gobernua osatu ez izanaren errua beste alderdiei —batez ere, Unidas Podemosi— bota die, baina azken asteetan inkestek beheranzko joera ematen diote. Nafarroan, Maria Txibitek gobernuaren gidaritza hartu izana arrakastatzat jo du militantziak, baina historikoki Espainiako joerek beti kutsatu dute PSN.

Giltzarri izango da zein sektorek ordainduko duen gehien herritarren haserrea. Unidas Podemosek aise lortu zuen diputatua apirilean, baina, maiatzeko bozetan beherakada handia jasan zuen, eta gorabehera handi horrek galdera ikur handi bat uzten du azaroaren 10ari begira.

Navarra Sumak, berriz, erakutsi du hauteskundeetan ondo funtzionatu duela, eta eskuineko boto emaileak hautetsontzietara jotzeko motibazioa dute. Voxek higa badezake ere, printzipioz, bi diputatu lortzea eskura du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.