Albistea entzun

Lehengaien garestitzea. Zergatiak eta ondorioak. Alicia Valero Delgado. Industria Ekologiako ikertzailea

«Eguneroko ogi bihurtuko da hornidura falta»

Mineralek, energiak eta baliabideek urritzen jarraituko dutela iragarri du Valerok, eta ekonomia beste era batera antolatu beharra dagoela uste du.
TONI GALAN Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2021eko urriak 3

Zaragozako Unibertsitateko Industria Ekologiako ikertzaile eta ingeniari kimikoa da Alicia Valero (Zaragoza-Espainia, 1978). Hamabost urte daramatza mineralen eta baliabideen hornidura urritzea aztertzen, eta erreferente bilakatu da alor horretan. Aitarekin batera idatzitako obra bat da bere lanik ezagunenetako bat: Thanatia, the destiny of the Earth's mineral resources (Thanatia, Lurreko mea baliabideen helmuga). Ziurtzat jo du sistemaren oinarri izan den erabili eta bota sistemak ez duela etorkizunik izango.

Mikrotxipena ez ezik, lehengaien hornidura osoa ari da urritzen. Joera behin-behinekoa al da, pandemiaren ondorioz?

Lehengaien prezioen gorakadak eta hornidura faltak erro komun bat dute: hots, material horien eskaeraren hazkunde esponentzial bat gertatzen ari dela. Arazo hori COVID-19ak larritu du, baina lehendik zetorren egiturazko arazo bat azkartu du. Hau da, baliabideak mugatuak dira, eta ekoizpen industriak ezin dio erantzun eskaeraren hazkundeari, izan mikrotxip, egur edo edozer... Halako egun batetik aurrera, mugak ez dira fabrikak izango, baizik eta planetaren muga fisikoak.

Zergatik uste duzu arazo hau egiturazkoa dela?

Denbora asko daramagu aztertzen nola ari garen agortzen mineralen meategiak. Petrolioaren ekoizpenaren gainbehera aspaldi ari gara aztertzen, baina joera bera dago planetaren baliabide guztietan. Gero eta gehiago ekoizten baduzu mugatua den baliabide bat, halako batean topo egingo duzu horma batekin. Horrek ez du esan nahi baliabideak agortuko direla, baizik eta ustiategiak degradatuz joango direla, eta askoz ere energia handiagoa beharko dela, ingurumen inpaktu handiagoa... Horren ondorioz, ustiatzea garestitu egingo da, eta pixkanaka gutxituz joango da.

Azken urteotan Txinak munduko ekonomian duen rola ere giltzarria da, ezta?

Lehen Munduko herrialdeek industria erauzle eta energian intentsiboa lekuz aldatu dute, eta prozesu horren emaitza izan da gaur egun ia dena Txinan ekoizten dela. Beraz, Txinak erabakitzen duenaren menpe gaude.

Horrek esan nahi du Txinak erabakitzen badu material batzuen hornidura beretzat bakarrik izatea, Europa harrapatuta geratuko dela.

Orain arte Txina munduko fabrika merkea zen, baina dagoeneko Europako edozein herrialderen maila berean dago. Lur arraroen krisiarekin gertatu zen, 2010. urtean. Haize errotak egiteko ezinbestekoak dira, eta haien hegemonia ia osoa zuen Txinak. Bada, zergatik esportatu behar ditu lur arraroak, haize errotak esporta baditzake? Gauza bera gertatzen da txipekin. Barruko eskaera horren handia izanik, lehenengo bere burua ase egin behar du. Txinak indarrean du lehengaien kontrol osoa eskuratzeko politika bat. Lur eremuak erosten ari da Latinoamerikan eta Afrikan. Meategietako kapitala erosten ari da Australian... Eta ez badu meategien kontrol zuzena, bada, mea erosi, findu eta gero esportatzen du. Adibidez, hori egiten ari da litioarekin: Txilen erosi, findu eta munduari saltzen dio, bateria elektrikoetan erabiltzeko.

Gasa garestitzea ere beste seinale bat da?

Eskaera gero eta handiagoa da, baina badago desinbertitze bat erregai fosiletan aritzen diren enpresen aldetik, zeren uste dut mundu guztiak ulertu duela deskarbonizaziora jo behar dugula eta ezin dugula jarraitu klima aldaketaren fenomenoa okertzen. Berriztagarriek, baina, badute arazo bat: oso urriak diren lehengaien beharra daukate.

Posible da energia trantsizio hori, saltzen ari diren moduan?

Gure ikerketen arabera, inbutu efektu garrantzitsuak egongo dira hamar lehengaitan baino gehiagotan. Horrek esan nahi du, edo irtenbide alternatiboak bilatzen dira azkar samar, edo litekeena dela aurrera ezin eramatea energia trantsizio hori aurreikusi bezala. Halako zerbait gertatzen ari da autogintzarekin. Sekulako salmentak dauzka aurreikusita, baina ezin ditu gauzatu hiru gramoko txip bat falta zaiolako. Teknologia horiek oso urriak diren osagai askoren menpekotasuna daukate, eta bat falta bada, dena geratu egin behar izaten da. Alternatibak bilatzeko denbora eta ikerketa ezinbestekoak dira.

Gailu teknologikoen ordezkapen azkarra ere ataka estuan jar liteke materialen eskasiagatik. Zaharkitze programatuaren aroa bukatzear egon liteke?

Hala nahiko nuke, zeren eta ezin dugu onartu ondare itzelak diren gailu teknologiko horiek denak, balio handiko lehengaiak dituztenak, bizpahiru urtez behin ordezkatu behar izatea. Eta, bide batez, hor sortzen den zabor teknologiko hori dena Afrikara bidaltzea. Produktuak indartsuak eta iraunkorragoak izan beharko lirateke, eta konpontzeko modukoak... Horretarako, modularrak izan behar dira. Azkenean, urte askoan erabilia izan ostean, haren osagaiak birziklatu egin behar dira. Hori dena, gaur egun, ezinezkoa da.

Sistema ekonomiko honen funtsa horixe baita: produktuak erabili eta botatzea.

Hori ez da iraunkorra, ez direlako mugagabeak ez Lurrak eman ditzakeen lehengaiak, ez hondakinak jasotzeko duen ahalmena. Sistema hori aldatu egin behar da.

Europako Batasunaren asmoak, teorian, horretara joko du; esate baterako, ekonomia zirkularraren ekintza planaren bidetik.

Europan, edo ez ditugu lehengai horiek edo ez ditugu ustiatu nahi, horrek daukan inpaktuarengatik. Litioa baldin badago Espainian, ez dugu atera nahi, ez dugulako nahi meategi bat etxetik gertu... Horrek zeharo menpeko bihurtzen gaitu beste batzuen aldean. Meategiak eta lehen kanporatutako industriak berrirekitzen ari da Europako Batasuna, eta, bestetik, ekonomia zirkularreko politika garatzen, produktuen bizitza luzatuz, berrerabilera sustatuz... Baina dena oso eragin mugatuarekin ari da egiten. Hau da, metal astunak eta altzairua berreskuratuko direla agintzen du, baina tantaloa, teluroa, kobaltoa...? Horiek oso kantitate txikietan daude pieza batzuetan mikrotxipetan, adibidez eta ez dago modurik haiek berreskuratzeko.

Uste duzu larritzen ari den egoera honek eragingo duela ekonomia kapitalistaren neurgailu nagusi den BPGaren hazkundea baloratzeko garaian?

Ni termodinamikoa naiz, eta badakit edozein ekintzak baliabideen suntsitze bat dakarrela. Ekonomiaren aburuz, fisikak dioenaren aurka, edozein ekintzak dirua dakar eta positiboa da. Nire ustez, baliabide bat degradatzeagatik dauden ordezkatze kostu horiek ekonomiaren bukaerako kontuetan ezarri beharko lirateke. Hala balitz, ekintza batzuk onartezinak lirateke. Sute batek edo istripu batek BPGaren hazkundea dakarte, baina argi dago ondorioa kaltegarria dela gizartearentzat. Hori dena ekonomian kontuan hartzen ez den bitartean, naturari bizkar emanda segituko dugu, eta baliabideen gehiegizko erabilera egiten. Ondorioz, halako batean naturak aurre egingo digu.

Globalizazioa sakondu egin da azken hamarkadetan: esan daiteke orain birlokalizazio batera itzultzen ari garela?

Europako Batasunaren politika da iraganera itzultzea. Orain arte industria guztia kanporatu dute, lehiakorrago egiteaz gain kutsadura besteentzat uzten zuelako. Baina horrek dauzkan ondorioak orain ikusten ari gara txip erdieroaleen krisiarekin. Beraz, industriak ekartzen hasi behar da atzera ere, hornidura kateak bermatzeko, jatorrizko meategietatik.

Materialen krisi honek zalantzan jartzen du egungo kontsumo eredua ere, ezta?

Kontsumoa gutxitu egin behar da. Ekonomia birpentsatu egin behar da. Alternatibak badaude. Aurrerapena ez dago lotuta hazkundearekin. Pandemiak erakutsi digu hainbat erosotasun bazterrean utz daitezkeela, eta horren garrantzitsutzat ez genituen gauza batzuk inportanteak direla... Desazkunderako beharra dago. Elkarlan komunitarioagoak bilatu beharko dira eta kontsumorako beste bide batzuk, non ekoizlea izango den produktuaren jabea hasieran eta bukaeran. Hala balitz, produktu sendoak, modularrak, berrerabilgarriagoak eta birziklagarriagoak egingo lituzke.

Elikadura industriara ere iristen ari dira hornidura arazoak.

Bizi liteke autorik eta telefonorik gabe, baina ezin dugu bizi elikagairik gabe. Lur zoruen degradazioa izugarri handitzen ari da. Populazioa hazten doa. 2050erako 10.000 milioi gizaki izatea espero da. Nola elikatuko dugu horrenbeste jende, lurren emankortasunaren galera horrekin? Produktibitatea handitzeko erabilitako ongarri kimikoak eragin itzela izaten ari dira, eta, gainera, fosforoarekin arazoak sortzen ari dira, urria delako eta bakarrik aurki daitekeelako ezegonkorrak diren munduko zenbait eskualdetan. Fosfato horiek akuiferoak kutsatzen ari dira, eta lur emankorrak antzutzen doaz. Horri gehitu behar diogu globalizazioa, zeren produktuak ekartzen dira planetaren beste muturretik. Noski, erregai fosilen prezioen garestitzeak ere horri eragingo dio. Zein da irtenbidea? Tokiko elikadura.

Itsasontzietako edukiontzietako garraioa ere bost bider garestitu da, eta horrek eragiten dio orain arte oso merke mugitu den salgai pila bati.

Gaizki ohituta gaude. Nire semearen eskolako jantzia eskatu dut berriki, eta esan didate gutxienez abendura arte ez dela izango, zain daudelako Txinatik noiz helduko. Baina itsasontzi hori ez da itsasoratzen. Hornidura falta hori gertatzen ari da gero eta kontu gehiagorekin, eta eguneroko ogi bihurtuko zaigu aurrerantzean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nuklearra eta gasa taxonomian sartzearen kontra urtarrilean Frankfurten egindako protesta bat. ©RONALD WITTEK / EFE

Krisi energetiko betean, nuklearra eta gasa bultzatuko ditu Europak

Jokin Sagarzazu - Irune Lasa

 Parlamentuak onetsi du nuklearretako eta gas azpiegituretako inbertsioek etiketa berdea izatea. Herrialdeen menpekotasunek baldintzatu dute bozketa. EAJk babestu du neurria, EH Bilduk ez.
 

Tecnaliak garaturiko taxi hegalari prototipoa. ©Andoni Canellada / FOKU

Tecnalia: «Krisiak ez die eragin enpresen berrikuntza inbertsioei»

Imanol Magro Eizmendi

Ikerketa zentro sareak 120 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta hamahirugarren postuan dago Europako ikerketa zentroen zerrendan

ELAk, LABek eta ESK-k aurreko astean Gasteizen egin zuten manifestazioa. Gaurko manifestazioan ere aldarri berberak izango dituzte. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Sindikatuen arteko batasuna hautsi du Mercedesen proposamenak

Aitor Biain

UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek «aurrerapausoak» ikusi dituzte zuzendaritzaren jarreran, eta ez dute babestuko gaurko lanuztea. ELAk, LABek eta ESK-k greba egingo dute ostiralera arte

Jaurlaritzako eta Mercedeseko arduradunen arteko bilera, gaur, Stuttgarten. ©Irekia

Mercedesen ekoizpena berriro geratu du grebak

Aitor Biain - Iker Aranburu

ELAk, LABek eta ESK-k diote beren deialdiak %95eko erantzuna duela ekoizpenaren arloan. Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia Mercedeseko buruzagitzarekin bildu dira, Stuttgarten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...