Koronabirusa

Herritarrek elkar babestea erabaki dute

Maskarak falta direla ikusita, zenbait herritarrek erabaki dute eskuz josten hastea edo 3D inprimagailuetan egitea. Enpresa batzuek ere, eguneroko jarduna utzi, eta maskarak dohaintzan emateko lanean dihardute.

Gizon bat, 3D inprimagailuarekin egindako bisera bat jantzita. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun

Maskarak farmazietatik desagertuta daude, eta haien falta sumatzen ari dira, besteak beste, osasun langileak, zaharren egoitzetakoak eta dendariak. Herritarrak ari dira arazoari konponbidea jartzen, elkar babesten. Maskarak eskuz egitea erabaki dute zenbaitek, 3D inprimagailuekin beste batzuek.

Azken egunetan, maskarak egiten dabil Juana Etxeberri, kasketak egiteko erabiltzen zuen Urdiñarbeko (Zuberoa) lantokian. Dena eskuz egiten du, bi kotoiko oihalari tartean beste oihal bat sartuz. «Hasieran, elastika bagenuen, baina orain ez dugu, eta ahal bezala egiten dugu, etxean dugunarekin», azaldu du. Dagoeneko 50 inguru egin ditu, baita Mauleko ospitalera eraman ere. Hala ere, talde lana dela azpimarratu du: «Batzuek oihalak mozten dituzte, nik josi egiten ditut».

Maskarak egiteko orratza eta haria eskuan dituela dabil Maria Jesus Otamendi ere. «Ikusita zer behar zegoen, zerbait egitea pentsatu nuen», azaldu du. Inguruko zahar etxe batera jotzea erabaki zuen. «Galdetu nuen ea edozein oihalekin egin daitezkeen, eta baietz erantzun zidaten». 60 inguru egin ditu, etxean duen josteko makinarekin, eta adineko egoitzakoek jaso dituzte: «75 urte dauzkat, eta ez nago kalean ibiltzeko. Esan zidaten etorriko zirela bila, eta balkoitik bota nien zorroa». Etxean zeukan materialarekin aritu da lanean, baina orain, DYA jostunak eskatzen ari denez, bat egitea pentsatzen ari da.

Maskara horietako asko ari dira ospitaleetara iristen. Horren testigu dira Zumarragako ospitalean (Gipuzkoa); bertako langile batek ez du izenik eman nahi BERRIAri jakinarazi dionez, «oso maskara gutxi» dauzkate, eta gaixo gehiago joanez gero, eskasia izan dezakete. «Eskatu dituzte ez dakit zenbat kaxa, eta erdiak baino gutxiago iristen dira». Asteartean 40 bisera inguru jaso zituzten, inguruko eskola bateko 3D inprimagailuan eginak. «Oso garrantzitsuak» direla azpimarratu du, begiak babesteko balio dietelako. «Ez dakit bihar edo etzi konponduko den, baina, gaur egun, edozein gauza oso garrantzitsua da». Herritarrak animatu ditu ekarpenak egitera: «Edozein enpresa txikik, eskolak edo pertsonak badauka 3D inprimagailua, eta bost bidaltzen badizkigu, oso ondo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.