OMEk gomendatu du soilik zaurgarrienak txertatzea COVID-19aren aurka

Osasunaren Mundu Erakundeak adinekoei, immunodeprimituei eta osasun langileei baino ez die aholkatu oroitzapen dosia jartzeko

COVID-19aren aurkako txertoaren dosi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako txertatzearen inguruko irizpideak moldatu egin ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak: herrialde askotan lortu duten immunizazio handiaren ondorioz, jada ez du gomendatuko herritar guztiei ematea oroitzapeneko txertoa. Pertsona zaurgarriekin baino ez du mantendu oroitzapen dosia hartzeko gomendioa: adinekoei, immunodeprimituei eta osasun langileei aholkatu die azkendositik sei eta hamabi hilabete arteko epera beste dosi bat jartzeko.

«Biztanleriaren zati handi bat txertatuta dago jada, edo COVID-19arekin kutsatu da jada, edo bi gauzak», azaldu du Hanna Nohynek OMEko Adituen Aholku Talde Estrategiko SAGEko presidenteak. Gainera, lehen aldiz herritarrak hiru multzotan banatu ditu SAGEk, arrisku mailaren arabera. Arrisku handia dutenei gomendatu die oroitzapen txertoa jartzeko, eta arrisku ertaina duten herritarrei —60 urte baino gutxiago dituzten helduei, eta osasun arazo jakin batzuk dituzten haurrei eta nerabeei— oroitzapen dosi bat hartzeko baino ez die aholkatu; AstraZeneca edo Pfizer etxeetako dosiak hartu zituztenei, esaterako, hirugarren dosia hartzeko. Erakundeak nabarmendu du iaz herrialde askotan bermatu zutela hori.

Haurdunei ere bai

Arrisku txikiko herritarrak osasun arazorik gabeko haurrak eta nerabeak dira, SAGEren arabera. «Herrialde bakoitzak bere testuinguru zehatza aintzat hartu behar du arrisku txikiko taldeei txertoa ematen jarraitzea erabakitzeko», esan du Nohynekek. Emakume haurdunei oroitzapen dosi bat jartzeko ere gomendatu die, azken dosia jarri eta sei hilabetera.

Ikusteko dago Euskal Herriko erakundeek ere txertaketa irizpideak moldatuko dituzten ala ez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aitortu izan dute irizpideak «etengabe» eguneratzen dituztela. Egun, Jaurlaritzako Osasun Sailak 18 urte baino gehiago dituzten herritar guztiei gomendatzen die oroitzapen dosia jartzeko, COVID-19agatiko infekzioa eduki duten ala ez; arrisku handiena duten herritarrei ematen zaie lehentasuna.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere oroitzapen dosia jasotzeko aukera eskaintzen die biztanle gehienei, baina nabarmenduta 60 eta 79 urte arteko herritarrek dosi hori hartzea dela lehentasuna. Iazko abenduan, Nafarroako 60 eta 79 urte arteko herritarren %37k baino ez zuten hartua laugarren dosia.

Beste alde batetik, Espainiako Karlos III.a Osasun Institutuko Mikrobiologia Saileko ikertzaile talde batek «immunitate hibridoaren eraginkortasuna» frogatu du. COVID-19aren aurkako immunitate hibridoa birusarekin kutsatu eta txertatu ostean lortzen dela nabarmendu dute, eta «onurak» dakartzala esan dute: gaitzaren zenbait aldaeraren aurka —bereziki omikronaren aurka— erantzun immunitarioa «nabarmen» hobetzen dela berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.