Etxean, bakartuago eta kontrolatuago

Itxialdiak eta distantzia sozialak abagunea jarri diete genero indarkeria delituei. Ikerlan batean, Espainiako Gobernuak ohartarazi du hilketak urritu baina arriskua handitu egin dela.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Pandemian orokortu den distantzia soziala bereziki kaltegarria izan da tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat: koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurriek etxean gordetzea ekarri dute, eta horrek andreak bakartu ditu, erasotzaileen kontrola erraztu du, eta indarkeriatik ateratzeko laguntza eskatzea zaildu. Hala ondorioztatu du Espainiako Berdintasun Ministerioak berriki argitaratu duen azterlan batek: COVID-19aren pandemiaren inpaktua genero indarkerian Espainian. «Izurriak abagune egokia eman die erasotzaileei, haiek nahi duten tokian jarri baititu emakumeak: alboan, etxean eta esaneko, eta hortik ateratzeko oztopo askorekin», laburbildu du Miguel Lorente Acostak, Granadako Unibertsitateko (Espainia) irakasle eta txostenaren egileak.

Genero indarkeriako delituarekin lotutako hainbat datu hartu dituzte kontuan txostenean: hilketak, salaketak, babes neurriak, laguntza telefonoetara egindako deiak... Hego Euskal Herrian, Galizian, Espainian eta Herrialde Katalanetan bildu dituzte datuok, eta aurreko bost urteetakoekin alderatu. Lehen ondorio nagusia da hilketa kopurua nabarmen txikitu zela konfinamendu zorrotzak iraun zuen bitartean: 2020ko bigarren hiruhilekoan, lau andrazko hil zituzten bikotekideek edo bikotekide ohiek estatu osoan; 2019ko epe berean, hamabost izan ziren. «Espero izatekoa» zen, Lorenteren arabera: «Indarkeria mota honen helburua ez da min egitea, baizik eta emakumeak kontrolpean izatea, azpiratzea; egoera sozialak eman zien hori erasotzaileei».

Alde horretatik, adituak nabarmendu du hilketak gutxitu izanak ez duela esan nahi indarkeria murriztu edo lausotu zenik. Batetik, kontrola sendotu zelako: «Bortizkeria prozesu bat da: tratu txarren emaileak biktima bakartzen du, kanpoko babes iturrietatik (familia, lagunak, enplegua) aldentzen du... Hori indartu egin da». Horren seinale, 016ak eta bestelako laguntza telefonoek utzitako datuak: %50 baino gehiago areagotu ziren deiak itxialdian.

Bestetik, ondorena arriskutsuagoa dela esan du Lorentek: «Erasotzaileek ez dute hiltzen kontrola daukatenean, baizik eta kontrola galduko dutela antzematen dutenean; adibidez, bikotea haustean. Andreak kontrolpean izan dituzte, baina kontrola galtzeko irudipenaren arriskua handitu egin da; beraz, kontrolatzeko abagunea galdu dutenean, hilketa gehiago izan dira. Hala ikus daiteke 2020ko abuztuko datuetan». Korapilo batez mintzatu da: «Emakumeen askatasunaren prezioa ezin da heriotza izan, eta emakumeen bizitzaren prezioa ezin da mendekotasuna izan».

Hara-hona ibiltzeko aukeren araberakoak dira salaketei buruzko datuak ere, hau da, lotuta daude laguntza etxetik kanpo eskatzeko aukerei: salaketek behera egin zuten 2020ko bigarren eta laugarren hiruhilekoetan, distantzia sozialeko neurriak zorrotzen izan zirenean. Jaitsiera hori, gainera, nabarmena izan zen biktimen senideek jarritako salaketen kasuan, baita polizien esku hartzearen edota lesio txostenen ondoriozkoetan ere. Argi dio txostenak: «Bakartzeak indarkeriaren aurka erreakzionatzea mugatu du». Itxialdia arindu ahala salaketak ugaritu arren, 2019an baino gutxiago jarri ziren 2020an. «Baina 2015ean eta 2016an baino gehiago izan ziren. Aldaketa sozial baten isla da: kontzientzia sozial handiagoa dago, eta horrek baldintza zailagoetan ere salaketa jartzea dakar», dio Lorentek.

Kalte psikologikoa

Epaitegiek agindutako babes neurriak ere gutxitu egin ziren pandemiaren gogorrenean. Azterlanaren egileak aitortu du «egiturazko arazo bat» dagoela arriskuaren ebaluazioarekin, eta horregatik onartzen direla babes neurri gutxi, baina beste faktore bati ere egotzi dio jaitsiera: «Emakumeek ez dute beti salatzen indarkeria larriena denean, ezin dutelako gehiago jasan, baizik eta hortik ateratzeko aukera antzematen dutenean, salaketak irtenbidea ekar dezakeela ikusten dutenean».

Halaber, bortizkeriak andreei eragin dien kalte psikologikoa ere aztertu dute txostenean. «Inpakturik larriena emozionala da. Izatez, hori da erasotzaileen asmoa: kontrolak eta azpiratzeak berekin dakarte emakumeek beren burua ikusteko modua aldatzea, depresioaren, erruaren edota autoestimu apalaren ondorioz». Lorentek zehaztu du egonezin hori argi islatu dela «antsiolitikoen kontsumoaren gorakadan».

Baina beste datu bati ere erreparatu dio: «Oso kezkagarria da emakumeen suizidio kopurua handitu izana. Batetik, pandemiaren aurretik gutxitzen ari zirelako, eta beheranzko joera hori hautsi egin delako. Eta, bestetik, igoera handia izan zelako: gizonen suizidioek %5,7 egin dute gora, eta andreenek, %12. Genero indarkeria ez da arrazoi bakarra, baina berariazko faktore bat da emakumeengan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak azpimarratu izan duenez».

Eta beste kezka bat ere adierazi du adituak: izurria hasi zenetik, gutxiago dira estatuan genero indarkeria gizartearen arazo nagusien artean dagoela uste dutenak; %6,7 ziren 2019an, eta %0,5 2021ean. «Batzuetan, ezkortasuna zabaldu da: ez dagoela irtenbiderik, ez dagoela ezer egiterik... Eta horrek indarkeria normalizatzea eragin dezake, andreen alde emozionala hondatzea, emakumeak bortxan harrapatuago egotea, arriskua areagotzea. Kontziente izan behar dugu arriskua pilatzeak zer ekar dezakeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.