Arrisku ikusezina arnasten

Argindarra lortzeko, Glefaran enpresak biomasa erretzen du, Enkarterrin. Jarduera toxikoa dela eta, herriguneetatik urrundu ohi da, baina Gueñes eta Zalla artean dago planta hori, etxeetatik oso hurbil. Manifestazioa egingo dute gaur herritarrek, kutsadura horrek dakartzan osasun kalteak salatzeko.

Orain lau urte jarri zuten martxan biomasa planta, Pastguren paper fabrika zegoen instalazioetan, eta haren ingurumen baimena luzatuta. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Gueñes
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ikusezina den hori ikusarazi guran ari dira Gueñesen eta Zallan (Bizkaia): bi herrien artean eta etxeetatik hurbil dagoen biomasa plantak isurtzen dituen gai toxikoen arriskuaz ohartarazi nahi dituzte herritarrak eta erakundeak. Glefaran enpresak azpiegitura martxan jarri zuenean, agerikoagoa zen kutsadura, baina, orain, begiek antzeman ezin duten pozoiak kezkatzen ditu. «Uste duzu betiko moduan bizi zaitezkeela, kutsadura ez duzulako ikusten eta ez duzulako usaintzen, baina partikula txikietan, mikra bat baino txikiagoak diren horietan itsatsita daude kutsatzaile arriskutsuenak», azaldu du Inma Iturriria Zallako bizilagunak. Hain zuzen, Gure osasunaren alde lelopean, manifestazio bat antolatu du Gueñes Bizia plataformak gaurko: 17:00etan abiatuko dira, Zallako Aranguren plazatik, eta «zientziari kasu egiteko» eskatuko diete instituzioei, Gorka Llantada bozeramaileak azaldu duenez: «Horrelako planta bat ezin da herrigunetik hain hurbil egon. Jarduera hau bertan behera uztea nahi dugu, arriskuan jartzen gaituelako».

Orain justu lau urte jarri zuten martxan Glefaran biomasa planta, 2016ko urtarrilean, Pastguren paper fabrikaren instalazio berberetan. Albistea itxaropen iturri izan zen, langabeziak zigortutako eskualde bat baitzen, eta hainbat industria Enkarterritik alde eginak baitzeuden. Informazio argirik ezean, berehala okertu zen errealitatea: kutsadura handia botatzen hasi zen planta. Ines Murgia plataformako kideak esan du herriak belztu egiten zirela: «Behin, asteburu batean kanpora joan nintzen, eta itzultzean pentsatu nuen herrian sute bat izan zela. Den-dena belztuta: etxeko leihoak, landareak... eta hauts geruza batekin. Ikaragarria, benetan».

«Enpresa urte eta erdiz egon zen martxan kutsadura atxikitzeko inolako iragazkirik gabe», azaldu du Llantadak. Asaldura handia eragin zuen herrietan, eta auzia judizializatu egin zen. «Eusko Jaurlaritzak bazekien planta horrela funtzionatzen ari zela: prebarikazioagatik salatu genuen. Hori aztertzen ari zela, fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen enpresaren aurka, delitu ekologikoagatik».

Gueñesko alkate Imanol Zuluagak berak onartu du hasiera «desastrea» izan zela: «Herri guztia kez eta kedarrez beteta egon zen, aldizka gelditu egiten zen planta...». Gerora, iragazkiak jarri zituzten, eta ordutik emisioak jaitsi egin direla nabarmendu du: «Jaurlaritzak egin dituen neurketen arabera, emisioei eta aire kalitateari buruzko datu guztiak legearen barruan daude, eta, hala den bitartean, udal moduan ez dugu beste zeresanik, batez ere guk ez dugulako eskumenik».

Plataformako kideak ez datoz bat: neurketak ez dira zuzenak, haien ustez, eta hori ere auzitara eraman dute. Llantadak gogora ekarri du iazko maiatzean CSIC Espainiako ikerketa zentroko hiru zientzialari Zallan izan zirela eta irmo mintzatu zirela: «Ingurumen baimenak agintzen dituen azterketetan, egurraren kean dauden parametro gutxi neurtzen dituzte —nitrogeno oxidoak, sufre dioxidoa, partikula handiak...—, baina ez kutsatzaile garrantzitsuenak: hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, metal astunak, dioxinak, furanoak... eta inguruko enpresen teknologiarekin neurtu ezin daitezkeen beste hainbat osagai».

Ingurumen baimen zaharra

Izatez, Pastgurenek zeukan ingurumen baimen bateratua berritu zion Jaurlaritzak Glefarani, bi plantek antzeko jarduera zutelakoan. Baina Pastgurenek kraft izeneko paper mota bat egiten zuen, egurra erabiliz; Glefaranek, berriz, pelletak —etxeetako tximinietan sua egiteko egurrezko produktuak— eta paper pasta egingo zuela zabaldu zen hasieran, baina egun jarduera bakarra du: basoko biomasa erretzen du, energia sortzeko. Llantadak esan du alde nabarmena dagoela: «Guk nahi dugu egurraren errekuntzari dagokion kutsadura neurtzea. Hor sortutako partikulen %30etik gora mikrometro bat baino txikiagoak dira, eta ez dago horiek atxikitzeko sistemarik: iragazkiak ez dira eraginkorrak 2,5 mikrometrotik beherako partikulekin».

Egurra erretzean isurtzen diren gaiak oso toxikoak direla gaineratu du: «1990eko hamarkadan, AEBetan minbizi gorakada handiak antzematen zituzten biomasa planten inguruan, eta ordutik egindako ikerlanetan ondorioztatu dute 33 minbizi mota daudela kutsadura horrekin lotuta. Zientziaren alorrean ez dago horren inguruko eztabaidarik. Gu izututa gaude». Gaitz larri batzuk epe luzera agertuko direla erantsi du Murgiak, baina bestelako arazoak nabaritzen dituzte jada: «Haurrak maizago gaixotzen dira; asma kasu gehiago daude; arnas aparatuko arazoak... Eta inguruan jende asko daukagu minbiziarekin. Latza da».

Hain zuzen, isuriok atxikitzeko modurik ez dagoela eta gai horiek arriskutsuak direla argudiatuta, herriguneetatik kanpo jarri ohi dira halako plantak, Iturririaren hitzetan: «Babes eremu bat ipintzen da haien inguruan: etxeak bost kilometrora egotea gomendatzen dute zientzialariek». Zallan eta Gueñesen, ordea, etxeak, dendak, lantokiak eta kiroldegiak metro gutxira daude, baita haur eskola bat ere. Bertako langilea da Iturriria: «Ikerketetan eta legeetan herritar heldu eta osasuntsuak hartzen dira kontuan, eta haien arabera ezartzen dira kutsatzaileen mugak, baina askoz kalteberagoak dira umeak, haurdunak, zaharrak, gaixotasun kronikoak dauzkatenak... Gure haurrak 0-2 urtekoak dira, eta batez beste zazpi ordu pasatzen dituzte lantegitik kilometro erdira baino gutxiagora».

Biomasa plantak, auzitan

Baina, osasunean ez ezik, ingurumenean ere eragin handia dute biomasa plantek. Llantadak azaldu du Gueñeskoa ez dela eraginkorra: «Orduko bost kilowatt lortzeko, 350 tona biomasa sartzen dituzte galdaran egunero: eukalipto eta pinu egurra, jada lehortuta. Oso energia gutxi da: Zallak duen behar energetikoa baino gutxiago». Glefaranek gezurtatu egin ditu kopuru horiek, asteon argitaratutako ohar batean: egunero 230 tona biomasa erretzen dutela esan du, orduko 5,2 megawatt ekoizten dituztela, eta horrekin 26.000 pertsona horni daitezkeela, «Zallako biztanleria halako hiru». Enpresak nabarmendu du bere isuriak «legearen barruan» daudela.

Edonola ere, zabalik dago halako planten inguruko eztabaida. 2018ko urtarrilean, ia 800 zientzialarik adierazi zuten biomasa plantak ez direla garbiak, Europako Parlamentura igorritako gutun batean: «Egurra erretzea ez da eraginkorra, eta erregai fosilak erretzean baino karbono gehiago isurtzen du ekoizten duten kilowatt-ordu bakoitzeko». Ildo horretan, mugimendu ekologistaren babesa jasotzen ari da Gueñes Bizia plataforma gaurko mobilizazioari begira: besteak beste, Klimaren aldeko Aliantzak eta Ekologistak Martxan-ek egin dute bat manifestazioarekin.

Dena den, herritarrek ez dute nahi Glefaran ixtea, Llantadak azaldu duenez: «Badauka baimena beste jarduera batzuetarako; enplegu gehiago sortuko lituzkete, gainera. Beraz, jarduera alda dezake». Zuluaga alkateak uste du zaila dela hori: «Enpresak inbertsio handia egin du hor. Nork jarriko du dirua beste aktibitate baterako?». Llantadak, ordea, zientzialarien irizpidea hartu du ahotan: «Haiek badiote jarduera hori herriguneetatik gertu eta dagoen bezala ezin dela egin, hori da gure jarrera». Eta borrokatzeko prest gaudela gaineratu du Murgiak: «Jende asko ari da alde egiten... Baina hemengook hemen bizi nahi dugu, eta hau defendatuko dugu. Industria nahi dugu, baina bizitzeko, ez hiltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.