Euskal curriculuma: paperetik praktikara

'Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak' jardunaldiak egin dituzte Donostian. Hutsuneetatik zer eraikitzen ari diren ekarri dute hizpidera.

Esperientzia ezagutarazteko egindako mahai ingurua, atzo Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hezkuntzan aritu eta aditu diren askok dute kezka: euskal kulturaren transmisioan etena dagoela, ikasleei euskal erreferentziak falta zaizkiela... Baina dena ez da itzal eta hutsune. Atzo euskal curriculumerako bidean egindako pausoak, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak izan zituzten aztergai UEUk, Elkar fundazioak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta Donostiako San Telmo museoan egin zituzten jardunaldietan: Euskal curriculuma:egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak.

Hain zuzen ere, besteak beste, horretarako baliatu dute, Euskal Herriaren luze-zabalean euskal curriculumean ardaztuta martxan dituzten proiektuak ezagutarazteko: Nafarroako Gobernuaren EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren Sormen digitala proiektua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleak euskalduntzeko Irale ikastaroen R600 ikastaroa —curriculumaren euskal dimentsioa lantzera bideratuta dago—; Oinherri herri hezitzaileen sarea; Zirimola ikastolen aisialdi taldeak Seaskarekin izandako esperientziak; eta Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen jarduna.

Bertatik bertarako sortzen

Ikasleek eta irakasleek egunero esku artean darabiltzaten ikasmaterialek kezka sortu izan dute: ez dela Euskal Herria osorik irudikatuta agertzen, erreferenteak Frantziakoak edo Espainiakoak direla... Ez da halakorik gertatzen Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen tresnetan. Gauzak argi utzi ditu Edurne Soraluze zuzendariak: «Ezer ez da neutroa, ikasmaterialak ere ez». Eta hori jakinda, 2011n zabaldu zuten Ikaselkar, «euskal curriculumaren gaineko ikasmaterialak sortzeko».

Horretan dihardute, betiere buruan izanda gizarte eta kultur balioen transmisiorako ere baliagarri dela sortzen dutena. Desberdin lan egiten dute. Adibidez: iturri propioak erabiltzen dituzte, kasurako, BERRIAren artikuluak; Euskal Herria osorik ageri da mapetan; eta herrien antolamenduaz hitz egitean, Tutera (Nafarroa) jartzen dute eredu gisa.

Ikasgeletatik egin nahi du aldaketa EIBZk ere. Nafarroako D ereduko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek sormena eta irudimena lantzea; euskal kulturaren transmisioari lekua ematea, kultura ikasleengana hurreratuz; eta hori guztia euskaraz egitea, euskaraz pentsatuz, euskaraz sortuz... finean, horiexek dira Sormen digitala proiektuaren xedeak. Miren Oteizak eta Miren Basurtok EIBZren izenean azaldu dutenez, proiektua bi modutara garatzeko aukera ematen dute: hautazko irakasgaia izan daiteke edo diziplinarteko proiektu bat. Eta zer egiten dute? Besteak beste, ikasleei euskal kulturako erreferenteak ezagutarazten dizkiete, tailerretan adierazpen artistikoak ekoizten dituzte, sortzaileen bisitak jasotzen dituzte eskolan...

Baina ikasleei irakasteko, irakasleek jakin behar, eta haien formakuntzan aritzen da Irale. Urtzi Ruiz de Azuak azaldu duenez, badago R600 ikastaroaren beharra: «Gure ustez, beharrezkoa da oso, gurera etortzen diren irakasle horien aldetik ezagutza falta izugarria ikusten dugulako». Falta hori, gainera, «gero eta nabarmenagoa» dela iruditzen zaio, «haientzat euskara eta euskararen didaktika bihurtu dela edozein hizkuntzaren didaktika; hau da, hizkuntza soil baten didaktika».

Eta hori ikusirik, zer egiten dute R600 ikastaroaren bidez? Irakasleak «euskaratzea» baino gehiago, haien euskalduntzea dute jomugan. Baina nola? Ruiz de Azuaren arabera, irakasleen kontzientzia piztu nahi izaten dute, hausnarketan sakondu, estrategia didaktikoetan trebatu, eduki soziokulturaletan sakondu eta kulturarekiko atxikimendua indartu, besteak beste.

Ikasgelatik kanpora

Ikasgelan soilik landu beharrean, kanpora ere ateratzen dute euskal curriculumaren lanketa Seaskaren ikastoletan. Aritz Bereziartuak Zirimola ikastolen aisialdi taldeko kideak azaldu du nolako esku hartzeak egiten dituzten haurrak ikasgelan ez daudenean. «Kezketatik» abiatu zen elkarlan hau ere: atzemana zuten euskararen erabilera apaltzen ari zela aisialdian, eta, horretaz gain, elkarbizitza arazoak areagotzen ari zirela. Horregatik, eremu ez- formala «erdigunean» jarri zuten. Adibidez, gorputz hezkuntzako saioetan ikasleak jolasak sortzera bultzatzen dituzte, eta jolas horietan ibiltzeko topaketak egiten dituzte ikasgelen artean eta gainerako ikastolekin, euskara ardatz hartuz. Gainera, aisialdiko hezitzaileentzat formakuntza saioak antolatzen dituzte, besteak beste hizkuntz portaeran eta elkarbizitzan eragiteko asmotan.

Eta ikasgelatik ateratzen den bezala ateratzen da ikastetxetik ere. Edo atera behar luke behintzat, Oinherri herri hezitzaileen sareko kide Maite Azpiazuren esanetan: «Euskal curriculumak nor garen, nor izan nahi dugun definitu behar baldin badu, hau ezin da eremu formalarekin bakarrik egin. Tokian-tokian, une horretan eta herri horretan dauden hezkuntza eragileekin batera egin behar da, eta ardura hau partekatu behar dugu».

Sare hori josten aritzen da Oinherri, 35 herri dinamizatuz. Hitz gutxi behar ditu Azpiazuk herri hezitzaile horien jarduna xehatzeko: «Eskolari eta irakasleei eskatzen diegu jendarte osoaren ardura den hori egitea, eta herri hezitzaileen filosofiak hauxe jartzen du mahai gainean: hezkuntzaren ardura partekatua da». Zume horrekin eraikitzen dute, udalen, herriko ikastetxeen eta gainerako eragileen arteko elkarlana sustatuz. Uste du beraien lanak baduela funtsa: «Iruditzen zaigu tokian tokiko hezkuntza komunitatea saretzeak aukera emango digula benetan euskal curriculuma edo zehar lerroak izan daitezkeen balio hezitzaile horiek modu integral batean lantzeko. Bestela, euskara eskolarekin lotzen da, eta horrek badakigu zer ondorio dituen haurrengan eta nerabeengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.