LAB sindikatuak helegite partziala aurkeztu dio EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoak egonkortzeko meritu lehiaketari, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailakbigarren hizkuntza eskakizunik gabe atera dituelako lanpostuen erdiak. Sindikatuak uste du Hezkuntza Sailak euskara eta irakasle euskaldunak baztertu egin dituela lehiaketa horretan.
LABek gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean onartutako hezkuntza akordioan euskara «hezkuntza sistemaren ardatz» moduan hartzen dela, eta, hala ere, «Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak euskara baztertu» egin duela.
Sindikatuak salatu du Lanbide Heziketako eskaintza publikoan ez direla betetzen legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak, eta Jaurlaritzak argitaratutako Lanbide Heziketako planetan ez dela jasotzen euskara indartzeko estrategiarik: «A ereduko eskaintza da nagusi hein handi batean».
Gainera, sindikatuak uste du Hezkuntza Sailak «baztertu» egiten dituela irakasle euskaldunak. Irakasle horiek eskolak euskaraz eta gaztelaniaz eman ditzakete, bai eta, zenbaitetan, beste hizkuntza batean ere. Baina aurten gauzatuko den lekualdatze lehiaketan, oraingoz ez zaizkie lanpostu horiek eskaini, «ezkutuan utzi eta irakasle ez-euskaldunei soilik gordetzeko», sindikatuaren esanetan.
Lanpostu guztiak
LABek eskatu du eskainitako lanpostu guztiak bigarren hizkuntza eskakizunarekin atera daitezela: «Lanbide Heziketa euskalduntzeko bidean, ezinbestekoa da langile taldea euskalduntzea, horixe baita euskarazko ikasketen eskaintza handitzeko modu bakarra».
Berezitasunik gabeko irakasle teknikoen auzian, LABek Jaurlaritzari eskatu dio «lehenbailehen» adostu dezala sindikatuekin legeak ezartzen dituen berezitasunik gabeko hamasei espezialitateetako lanpostuetako irakasleen etorkizuna.
Izan ere, Lanbide Heziketaren lege berriak hamar espezialitate berezi jasotzen ditu irakasgai profesional batzuekin lotuta, baina, horiez gain, beste hamasei espezialitate tekniko daude. Azken horien irakaskuntza irakasleen kolektibo orokorrean sartzen du lege berriak, eta, horien inguruko eskolak eman ahal izateko, goi mailako ikasketak eskatzen ditu.
Lanbide Heziketan «euskara baztertzea» salatu du LABek
Helegitea aurkeztu dio EAEko irakasle teknikoak egonkortzeko lehiaketari. Lanpostuen erdiek ez dute bigarren hizkuntza eskakizunik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu