Sarek elkarretaratzeak egingo ditu Nafarroako 44 herritan

Mobilizazioak etzi eta larunbatean egingo dira, 19:00 eta 20:00 artean. Oztopoak jartzen ari direnei mezu argia igorri behar zaiela uste dute

Sarek atzo egindako agerraldia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko emakume eta gizonak modu masiboan mobilizatzea presoen etxeratze bidean jartzen ari diren oztopoak kentzeko». Nafarroako Sarek ezinbestekotzat jo du konponbidearen bidean aurrera egiten jarraitzea, eta datozen egunetan elkarretaratzeak egingo ditu lurraldean barna mezu hori emateko. Orotara, Nafarroako 44 herritan egingo dituzte elkarretaratzeak: horietatik 30 etzi egingo dira, eta beste 11, larunbatean; gainerako biak, berriz, bihar eta urtarrilaren 4an. Kontzentrazioetan, Bilbon urtarrilaren 7an egingo den manifestaziora deituko dute parte hartzaileek.

Deialdien berri emateko agerraldia egin zuen Sarek atzo, Karmele Solagurenen senideekin eta Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileekin batera. Lehen kontzentrazioa bihar egingo da, Burlatan, 19:30ean. Ostiralean egingo dira elkarretaratze gehienak (30), 19:00 eta 20:00 artean: Iruñekoa 20:00etan egingo da, Sarasate pasealekuan; Altsasukoa, 19:30ean, udaletxe aurrean; Berriozarren, 20:00etan, udaletxe aurrean; Etxarri Aranatzen, 20:00etan, plazan; Leitzan, 19:00etan, plazan; Lesakan, 20:00etan, plazan; Beran, 20:00etan, Mukixu zubian; Tafallan, 20:00etan, Lau Iskinetan; eta Tuteran, 20:00etan, San Jaime plazan.

Larunbatean, beste 11 herritan elkarretaratuko dira: besteak beste, Agoitzen, 19:00etan, udaletxe aurrean; Antsoainen, 18:30ean, Lapurbide plazan; Elizondon, 20:00etan, plazan; eta Garesen, 19:00etan, plazan. Urtarrilaren 4an, berriz, Lodosan egingo dute.

Sarek azaldu zuen pandemiaren ondorioz aurreko bi urteetan ez dela Bilboko manifestazioa egin. Autonomia kaletik Bilboko udaletxeraino joango da, eta garrantzitsua deritzote euskal gizarteak mezu argia emateari: «Ezin dugu pentsatu arazoak bulego eta instantzia judizialetan bakarrik konponduko direla». Mikel Mundiñano Sareko kideak funtsezkotzat jo du oztopoak jartzen ari diren bulegoetara iristea «gizartearen gehiengoaren borondatearen oihartzuna».

Auzitegi Nazionala, oztopo

Sarek uste du «ezer ez aldatzea nahi duten indarrak» badirela, eta indar horiek konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutela deritzote. Horietako bat Auzitegi Nazionala da. Sarek salatu du Fiskaltzaren bitartez presoen etxerako bidea oztopatzen ari dela: hala nola zigorrak luzatuz, ia bizi osoko zigor luzeak ezarriz eta hirugarren gradura igarotzeko eskaerak oztopatuz eta baimenak lortzea blokeatuz. «Herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde egiten ari diren aurrerako urratsak oztopatzeko asmo garbia dute».

Oztopoak oztopo, Sareren arabera, hamarkada luzetan euskal presoek eta familiek pairatutako urruntze politika amaitzear dago. «Aurrera egin dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu, etxeratze prozesua amaierara eraman arte. Horretarako, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetu behar dira. Lehenbailehen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.